Itzuli Prentsa-oharrak: Brainhack Donostia hirira hurbilduko da zientzia kolaboratibo, garden eta inklusiboa sustatzeko asmoz

2025/10/30
  • EHUko Joxe Mari Korta zentroan egingo da lehen aldiz, azaroaren 19tik 21era, BCBL ikerketa zentroak antolatutako urteroko ekitaldia.
  • Jarduera nabarmenetako bat parte-hartzaileek haiek berek zuzendutako proiektuen garapena izango da. Proiektu horietan, ibilbidearen hasieran dauden zein aurrekari zientifiko ugari dituzten ikertzaileek eta ikasleek elkarrekin lan egiteko aukera izango dute.
  • 2025eko edizioak arreta berezia jarri du jasangarritasunean eta inklusibitatean, antolaketan neurri “eko-kontzienteak” ezarriz.

 

(Donostia, 2025eko urriaren 30a).- Brainhack ekimen globala, ikerketa neurozientifikoan lankidetza eta hedapena sustatzeko hainbat herrialdetan antolatutako ekitaldiekin, iritsi da aurten ere Donostiara Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroaren eskutik. Azaroaren 19tik 21era, foroak aukera emango dio komunitate zientifiko, akademiko eta unibertsitarioari, baita gizarte osoari ere, neurozientziaren arloko ideia eta proiektu berriak garatzeko.

Horretarako, berrikuntza nagusi gisa, BCBLko ikertzaileek antolatutako ekitaldia Gipuzkoako hiriburuaren bihotzera gerturatuko da. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) campuseko Joxe Mari Korta Zentroak Brainhack Donostiaren hiru jardunaldiak hartuko ditu lehen aldiz.

Programak hainbat gai aurkezten ditu, hala nola giza garuneko hizkuntzaren funtzionamendua, ikerketa konputazionalean karbono-aztarna murrizteko estrategiak edo zientzian gardentasuna eta erreproduzigarritasuna sustatzeko praktika berriak.

Nazioarteko adituak izango dira hizlari nagusiak: Jean Rémi-King, META multinazional teknologikoko garuneko eta adimen artifizialeko taldeko arduraduna; Nick Souter, neurozientzia kognitiboan eta neuroirudian doktorea; Inês Almeida, osasun zientzietan doktorea; eta Iñigo Urrestarazu, Hizkuntzalaritzan doktoregaia.

Gainera, Brainhacken jarduerarik aipagarrienetako bat parte-hartzaileek gidatutako proiektuen garapena da, zeinetan trebetasun berriak ikastea eta elkarlanean lan egitea ziurtatuta dauden.

“Ekimen bakoitza diseinatuta dago neurozientziara iritsi berriak direnak arlo horretan ibilbide sendoa duten ikertzaileekin batera lan egiteko aukera izateko”, nabarmendu du Brainhack Donostia taldeko kide batek.

Eredu honi esker, ikertzaileek neurozientzian eta antzeko arloetan parte hartzen dute beraien ibilbidearen hasieran, eta gai konplexuetara modu ulergarri eta praktikoan iristeko aukera ematen duen espazioa sortzen da.

2025eko edizioan parte hartu nahi duenak azaroaren 15a baino lehen eman dezake izena formulario honetan. Parte hartzeak 30 € balio ditu (20 € EHUko ikasleentzat).

 

Antolakuntza “eko-kontzientea” eta inklusiboa

Brainhack Donostia 2025ek arreta berezia jartzen du bi alderditan aldi berean. Batetik, jasangarritasunean, ekitaldiaren antolaketan neurri “eko-kontzienteen” aldeko apustua eginez eta, horrela, foro zientifikoen ingurumen-inpaktua murrizteko konpromisoa islatzen du..

Gainera, guztiontzat gune inklusibo, seguru eta erosoa izateagatik ere nabarmentzen da, hitzaldien aldibereko transkripzioak eta neurozientziaren arloan hasten direnentzat pentsatutako jarduerak eskaintzen baititu.

“Neurozientziaren ikerketa arloan hasteko moduak ezberdinak izaten jarraitzen dute: metodoen konplexutasunak, esperientzia praktiko ezak eta oztopo teknikoek zaildu egiten dute arlo honetan hasten direnen edo zerikusia duten diziplinetatik datozenen parte-hartzea. Brainhack Donostiak diziplina arteko espazio bat eskaintzen du, non ikasleek, ikertzaileek eta profesionalek lan-jario erreproduzigarrien inguruan ikasi, proiektu irekietan lagundu eta abangoardiako tresnak aplika ditzaketen, ikerketa gardenagoa, inklusiboagoa eta kalitatezkoa sustatuz”, gehitu du Brainhack Donostia taldeko kide batek.

Izaera honek ideiak trukatzea, harreman berriak sortzea eta ekitalditik haratago zabaldu daitezkeen lankidetza-proiektuak ezartzea sustatuko du, Brainhacken hiru jardunaldietan zehar.

Brainhacki buruz

Brainhack ekimen globalaren bidez, instituzio ugarik topaketak antolatzen dituzte munduko hainbat herrialdetan, helburu komun batekin: proiektu neurozientifikoen garapenean lankidetza sustatzea.

Brainhacken giltzarrietako bat ikerketa eta berrikuntza arduratsuak modu inklusibo, ireki eta gardenean sustatzea da. Ondorioz, ezagutzak trukatzeko jarduerak eta kode irekiko baliabideak erabiltzea oinarrizko bi printzipio dira ekimenarentzat.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian egoitza duen diziplina arteko nazioarteko ikerketa zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen dituena. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu kide.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067