Itzuli Prentsa-oharrak: Burmuinaren osasun-maila neurtzea arnasketaz baliatuz

2021/9/14

 

  • BCBL zentroak borondatezko apneetan oinarrituriko erresonantzia magnetiko funtzionaleko teknika berriak garatu ditu, osasun zerebrobaskularraren egoera aztertzea ahalbidetzen dutenak
     
  • Euskal erakundeak diseinatutako metodo hauek oso baliagarriak izan litezke hainbat gaixotasun diagnostikatzeko; hala nola, garuneko tumoreak, patologia baskularrak (iktus iskemikoa) eta neuroendekapenezko gaixotasunak (adib., alzheimerra, parkinsona eta esklerosi anizkoitza), beste hainbaten artean


(Donostia, 2021ko irailaren 14a).- Gure burmuinaren osasuna, nerbio-sistema gidatzen duen organoarena alegia, funtsezkoa da gure organismoak modu egokian funtzionatu ahal izateko. Horregatik, gure organismoaren egoera egiazta dezaketen teknika eraginkor eta ez-inbasiboen garapenak ekarpen handia dakarkio medikuntza-alorrari. 

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak, borondatezko apneetan oinarrituz, erresonantzia magnetiko funtzionaleko teknika berriak garatu ditu burmuinaren erreaktibitate zerebrobaskularra (EZB) neurtzeko xedez. Izan ere, gaur egun erabiltzen diren protokolo inbaditzaileak murriztu dituzte zentroko ikerlariek, osasun zerebrobaskularren egoeraren adierazle hau aztertu eta medikuntza pertsonalizatuan aurrerapausoak emateko helburuarekin.

«EZBa garuneko zirkulazioak odol-jarioa egokitzeko eta neuronei etengabeko oxigeno-ekarpena egiteko duen ahalmena da. Gaitasun hau oinarrizko neurria da sistema zerebrobaskularraren egoeraren ebaluazioan eta, hortaz, burmuinaren osasunean. EZBaren neurketa hainbat patologia neurobaskular, neuroendekapenezko gaixotasun eta garun-tumore aztertzeko erabiltzen da. BCBLn burutu ditugun hainbat ikerketei esker zera frogatu ahal izan dugu: oihartzun anizkoitzeko sekuentzietan oinarritutako    —eta apneez lagundutako— erresonantzia magnetiko funtzionaleko teknika aurreratuak oso baliagarriak direla EZBa neurtzeko», dio César Caballero Gaudesek, Ramón y Cajal-eko ikertzaile eta BCBLko Neuroirudi-seinaleen prozesaketa izeneko taldearen buru den ikertzaileak.

Aipatutako ikerketak aurrera eratameko, BCBLko lantaldea Chicagoko Northwestern Unibertsitateko adituekin elkarlanean aritu da alor klinikoaren inguruan, EZBaren neurketa erraztu lezakeen protokolo bat garatzeko helburuarekin.

Gaur egun, ospitale gehienetan, EZBa Doppler izeneko teknikaren bidez neurtzen da; garezurrean zeharreko ikerketa-mota hau azkarra, merkea eta erraza den arren, metodo honek zain barneko acetazolamida ematea edota karbono dioxido kontzentrazio-maila onargarria arnastea dakar (CO2). Hala ere, prozedura hauek ez dira oso gomendagarriak eta ume zein adinekoek ez dituzte ondo onartzen: izan ere, batzuek sentitzen duten deserosotasun eta zorabioek EZBaren neurketa alda dezakete.

BCBLko ikerketetan garatutako metodoak hainbat abantaila dakartza, hala nola, acetazolamida edo gasak erabiltzeko beharra desagertzea. Metodo hau minutu bakar batzuetako arnasketa-ariketa bat egitean datza, zehazki 20-30 segundoz arnasketari eustea edota sakonki arnastea. Halaber, oihartzun anizkoitzeko sekuentzietan oinarritutako erresonantzia magnetiko funtzionaleko teknika aurreratuetan ardazten da, ohiko teknikak ez bezala. Teknika hauei esker EZBa zehaztasun eta fidagarritasun handiagoarekin mapeatu daiteke burmuinean, hainbat atalen atzerapen baskularra ere neurtzeko aukera emanez.


«Kamera anitzeko smartphonen antzekoa da, hainbat kamera erabiltzen baitituzte irudi-kalitate hobea lortzeko. Oihartzun anizkoitzeko sekuentziaren kasuan antzeko fenomeno bat gertatzen da: kalitate, zehaztasun eta fidagarritasun handiagoa lortzen ditugu EZBaren mapeaketan», gaineratu du Caballerok.


Egindako azterlanen mugarri nagusietako bat zera da: lehenbiziko aldiz, erresonantzia magnetiko funtzionalaz baliatuz EZBa neurtu dela hainbat subjektutan, bakoitzeko 10 neurri ezberdin aztertuz.

«Orain arte, neurketa horien erreproduzigarritasuna aztertzen zuten aurretiko lanek 2 edo 3 ebaluazio baino ez zituzten kontuan hartu. 10 saio egiteak neurketa horiek subjektu indibidual mailan oso fidagarriak eta oso erreproduzigarriak direla egiaztatzeko aukera eman du. Horrela, proba mediko pertsonalizatuagoak eta, ondorioz, eraginkorragoak gara daitezke. Gure prozedurak, efizienteago eta errazago izanik, EZBaren ebaluazioak erraz ditzake, eta, gainera, informazio fisiologiko osagarria eta oso baliotsua eman diezaieke garuneko konektibitate funtzionaleko azterketei», gaineratu du teknika horien garapenean doktoretza egiten ari den Stefano Moia ikertzaileak.

Adituen arabera, BCBLn egindako ikerketak «aitzindariak dira Euskal Herrian eta, ziurrenik, baita nazio mailan ere», eta «ikerlan horiek ospitaleetan oso baliagarriak izan litezke».
«BCBLn jasotako datuak gordailu publikoetan argitaratuko ditugu; alde batetik, ikertzaile-komunitatearentzat libreki eskuragarri egon daitezen, gardentasuna eta irisgarritasuna bermatuz, eta, bestetik, etorkizuneko ikerketarako erreferentzia izan daitezen», gaineratu dute.

 

Etorkizunari begira

Gaur egun, ikertzaileek hainbat helburu dituzte: alde batetik, aurrera egiten jarraitzea eta, bestetik, subjektuaren atseden-egoerako EZBaren neurketa eta beste erantzun neurobaskular batzuen arteko harremana aztertzea, adibidez, ekintza motore edo oroimen-prozesuen kasuan.

«Guk ikertu nahi duguna zera da: jatorri fisiologikoagoa duen erantzun zerebrobaskular honen eta kognizioaren eta jokabidearen arteko lotura. Bestalde, metodo hauek pazienteekin egindako azterketa klinikoetan ere aplikatu nahiko genituzke. Une honetan, garuneko tumoreak dituzten pazienteei buruzko datu horiek jasotzen ari gara. Beste gaixotasun neurologikoen kasutan ere ezarri nahi genituzke, hala nola, afasia, garuneko infartu, Moyamoya gaixotasuna edo esklerosi anizkoitzaren kasuetan, ospitaleetako mediku-taldeekin lankidetzan. Aipatutako metodoak alor klinikora transferitzea izan behar da azken helburua», azpimarratu du ikerlari-taldeak.

BCBLk gidatutako ikerketetan Chicagoko Northwestern unibertsitateko ikertzaileek eta AEBetako Osasun Mentaleko Institutu Nazionaleko (NIMH) zientzialariek parte hartu dute. Ikerketek ondorengo erakundeen finantzaketa jaso dute: Fundación Obra Social La Caixa-ko INPhINIT programa (LCF/BQ/IN17/11620063), Eusko Jaurlaritza (BERC 2018-2021 and PIBA_2019_104), Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa.

 

Aipamenak:

Moia, Stefano, Maite Termenon, Eneko Uruñuela, Gang Chen, Rachael C. Stickland, Molly G. Bright, and César Caballero-Gaudes. "ICA-based denoising strategies in breath-hold induced cerebrovascular reactivity mapping with multi echo BOLD fMRI." NeuroImage 233 (June 2021): 117914. https://doi.org/10.1016/j.neuroimage.2021.117914

Rachael C. Stickland, Kristina M. Zvolanek, Stefano C. Moia, Apoorva Ayyagari, César Caballero-Gaudes, and Molly G. Bright. "A practical modification to a resting state fMRI protocol for improved characterization of cerebrovascular function." NeuroImage 239 (October 2021): 118306.https://doi.org/10.1016/j.neuroimage.2021.118306

 

BCBLri buruz

 

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

 

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Marta Berard

606 143 250

marta@guk.es