Itzuli Prentsa-oharrak: 2023ko Burmuinaren Asteak familia osoarentzako jarduerak eskainiko ditu

2023/3/9
  • Eureka! Zientzia Museoak BCBL ikerketa zentroak antolatutako programaren edizio berri bat jarriko du martxan martxoaren 13tik 19ra, Donostian
  • Burmuinaren VIII. asteak materia grisaren inguruko misterioak modu atsegin eta didaktikoan ezagutarazteko aukera eskaintzen du
  • “Ramon y Cajal 2022 Ikerketa Urtea” ospatzeko, Espainiako neurozientifiko entzutetsuaren lanari aipamen berezia egingo zaio tailerretan


(Donostia, 2023ko martxoak 9).- Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) elkarteak martxoaren 13tik 19ra Burmuinaren Astearen edizio berri bat antolatu du Eureka! Zientzia Museoan, Donostian. Euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko den jarduera-programa bat izango da, garunaren misterioak eta hau ikertzearen garrantzia gizarteari hurbiltzeko helburuarekin.

Zehazki, martxoaren 18an (larunbata) eta 19an (igandea) Eureka! Zientzia Museoak ateak irekiko ditu publiko orokorrarentzat, hainbat familia tailerren bidez.

Lehenengo egunean «Zure burua ezagutzen duzu?» tailerraz ez ezik (11:00-12:00, euskaraz) «El cerebro ladrillo a ladrillo» tailerra ere egongo da (17:00-18:00, gaztelaniaz). Bigarrenen egunean, berriz, bertaratutakoek «Explorando el cerebro: de lo visible a lo invisible» tailerrean parte hartu ahal izango dute (11:00-12:00 eta 17:00-18:00, gaztelaniaz).

«Tailer bakoitzean zailtasun maila ezberdinak egongo dira; hau da, adin guztietara egokitu ahal izango diren erronkak, azalpenak eta esperimentuak egongo dira. Eskulanen blokeetatik abiatuta neuronak sortzen hasiko gara, eta beraien artean nola konektatzen diren ikusiko dugu, informazioa transmititzeko», nabarmendu du Ana Bautista BCBLko ikertzaile eta 2023ko Burmuinaren Astea antolatzen duen batzordeko kideak.

Gainera, edizio honek arreta berezia eskainiko dio Santiago Ramón y Cajal neurozientzialari espainiar entzutetsuari, bere lanaren eta “Ramón y Cajal 2022 Ikerketa Urtearen” omenez.

«Ramon y Cajalen teorian erabakigarria den auzia aztertuko dugu, baita haren lana aipatu ere. Neuronak nola antolatzen diren ere ikasiko dugu, eta jarduera dibertigarriekin amaituko dugu, garunaren eremuak eta horien funtzioak ezagutzeko», gehitu du ikertzaileak.

Ikastetxeentzako tailerrak

2023ko Burmuinaren Astearen gainerako egunetan, hilaren 13tik (astelehena) 17ra (ostirala), BCBLk ikastetxeei zuzendutako jarduera atsegin eta didaktikoak eskainiko ditu Eureka! museoan.

Saioek 50 minutuko iraupena izango dute eta goizero bi txandatan egingo dira: lehena 9:50etan eta bigarrena 11:15etan. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko (6-8 urte), bigarren zikloko (8-10) eta hirugarren zikloko (10-12) taldeei zuzenduta egongo dira.

Saio horietan, txikienek garunaren funtzionamenduari eta anatomiari buruzko oinarrizko gaiak ikasiko dituzte, baita materia grisaren inguruko hainbat mito azaleratzen ere.

2023ko Burmuinaren Asteko programa Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifikoak eta Ana Bautista doktoratu aurreko ikertzaileak gidatutako batzorde zientifiko batek antolatu du.

2023ko Burmuinaren Astean egingo diren tailer guztiak jada beteta daude.

 

Burmuinaren Asteari buruz

Garunaren Astea (ingelesez, Brain Awareness Week) Dana Alliance for Brain Initiativesek eta European Dana Alliance for the Brainek koordinatutako nazioarteko kanpaina bat da, gizartea garunaren ikerketaren aurrerapenaz eta abantailez kontzientziatzeko. Urtero, eskolak, unibertsitateak, ospitaleak, ikerketa-zentroak eta mundu osoko beste erakunde batzuk batzen dira, garunari, neurozientziari eta lotutako beste arlo batzuei buruzko ezagutzak zabaltzeko ahaleginean.

 

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa-zentroa da, eta Donostian du egoitza, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu bazkideen artean.

 

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067