Itzuli Prentsa-oharrak: BCBLk gonbidatzen zaitu tabernetan deskubritzera zergatik den adimena miresgarria

2024/5/9
  • Zentro donostiarraren agerpena Pint of Science ekitaldian nabarmena izango da berriz ere maiatzaren 13tik 15era Donostian
  • Amuitz tabernan 19:00etatik aurrera 9 hitzaldi emango dituzte giza-komunikazioa, doinuak eta teknika berritzaileen gaiak jorratuz, beste batzuen artean
  • Aurtengo berrikuntza, pertsona gorren inklusioa sustatze aldera, BCBLren mintzaldiak zeinu-hizkuntza espainolean ere jarraitzeko parada izango da

(Donostian, 2024ko maiatzak 9).-Zergatik begiratzen diogu gure solaskidearen ahoari gehiago taberna zaratatsu batean gaudenean leku isil batean baino? Hitz bat ikasi nahi dugunean, zenbateraino da eraginkorra askotan errepikatzea? Nola ikertu daiteke hizkuntza haurtxoetan, oraindik hitz egiteko gai ez badira?

Galdera hauei guztiei erantzuna emateko publiko orokorrarentzat era informal eta ulergarri batean, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak aurten ere Pint of Science nazioarteko ekitaldian agerpen nabarmena izango du, maiatzaren 13tik 15era bitartean zientzia tabernetara gerturatuz.

Zehatzago esanda, hiru egun horietan 19:00etatik aurrera Donostiako ekitaldia osatuko duten bederatzi hitzaldi emango dituzte Amuitz tabernan (Usandizaga kalea 25), egunerokotasunean alor zientifiko ezberdinetan topatzen dituzten erronka eta inkognitak argitzeko xedez.

Aurten berrikuntza bat izango da: BCBLren hitzaldiak zeinu-hizkuntza espainolean ere jarraitzeko aukera egongo da, «Adimen Liluragarria» izena hartzen duten saioak komunitate gorrarentzat ere esperientzia inklusibo eta eskuragarri bihurtuz.

Ahotsetik haratago (maiatzak 13, 19:00etan)

Lehenengo eguneko hitzaldiek giza-komunikazioa izango du ardatz eta Irene Arrieta ikertzaileak emango dio hasiera euskaraz bere hitzaldiarekin. «Ahotsari begiratu hobeto entzuteko!» izenburupean hizketari leku zaratatsuetan isiletan baino arreta gehiago zergatik jartzen zaion kuestionatuko du, haurrek haien garapen linguistikoan zehar solaskidearen ahotsean jartzen duten arreta arakatuz.

Ondoren, David Hernández-Gutiérrezen txanda izango da. «¡Mírame, que te estoy hablando!»  izena hartzen duen mintzaldian, bertaratutakoak keinu eta hizkuntzaren arteko interakzioaren gainean hausnartzera gonbidatuko ditu, bide batez, ezagutzera emanez hizketak keinuetan oinarrituz eboluziona zezakeela batetik, eta gure garunak komunikazioan informazio bisuala eta auditiboa integratzen dituela bestetik.

Lehen egun honi bukaera emateko, Anique Schüller eta Chiara Luna Rivolta ikertzaileek zeinu-hizkuntzen mundua esploratuko dute «Manos que hablan: iconicidad en lenguas de signos» hitzaldian. Bertan, zeinuen forma eta esanahiaren arteko harreman liluragarria nabarmenduko dute, baita hizkuntza hauen bereizgarria den «ikonotasun» kontzeptua aztertu ere.

Doinuak eta hitzak mundu eleanitzean (maiatzak 14, 19:00etan)

Pint of Science ekitaldiaren bigarren egunean, BCBLko Efthymia Kapnoula, Clara Martin eta Drew McLaughlin ikertzaleak hizkuntzaren konplexutasunaz arituko dira gero eta eleanitzago den mundu honetan.

Lehenengoak, hitz berriak ikasteko garaian, errepikapenean datzan metodoa zenbateraino den eraginkorra azalduko du, oinarrizko galdera honi erantzuteko diseinatutako esperimentuen bitartez ikuspuntu zehatza emanez. Bigarrenak egin berri diren ikerlanen emaitzak erakutsiko ditu, hizkuntza nagusiak beste hizkuntza batzuk aktibatu eta berreskuratzeko lagungarriak direla frogatu dutenak.

Amaitzeko, hirugarren mintzaldia atzerriko doinuen mundu liluragarriaren ingurukoa izango da, hizketa ulertzeko orduan doinuak duen inpaktua ikertu eta ulermena hobetzeko estrategiak eskainiz, kutsu estatubatuarreko gaztelaniari garrantzia berezia emanez.

Nola ikertzen dugu burmuina? (maiatzak 15, 19:00etan)

BCBLren parte-hartzea maiatzaren 15ean bukatuko da Ana Joya Villanúa, Giulia Mornati eta Manuela Ruzzoli adituen eskutik, giza-garuna aztertzeko askotariko moduen ikuspuntu integrala eskainiz, ikuspegi klasikoetatik hasi eta abangoardia-teknika berritzaileetaraino.

Lehenengo mintzaldian, esaterako, animaliekin esperimentatzearen inguruko gai labaina jorratuko da, aurrerapen zientifikoetan duen garrantziaz gain, bere mugak eta erregulazioak ere nabarmenduko dituzte. Ondoren, BCBLko BabyLab-ean, hizkuntzaren garapena haurtxoetan ikertzen duten laborategian, erabiltzen diren teknikak azalduko dituzte.

Hitzordua, elektroentzefalografiaren (EEG) gaineko mintzaldi bereziarekin bukatuko da, mendeurrena dela eta.

«Teknika iraultzaile honek garunaren jarduera ikustea nola ahalbidetu duen azaltzeaz gain, ikerketa eta errehabilitazioan emandako zenbat erabilera ere aditzera emango ditugu», nabarmendu du Manuela Ruzzoli ikertzaileak.

Pint of Science ekitaldiaren inguruan

Pint of Science nazioarte mailako dibulgazio zientifikoko ekitadia da, publiko orokorrari zuzendutako hitzaldien bitartez zientzia gizartera hurbiltzea helburu duena. Hori lortzeko, Espainiako hiri bakoitzeko zentro esanguratsuetako ikertzaileak gonbidatzen dituzte, beraien lanaren nondik norakoak azal ditzaten giro lasai eta atseginean: tabernetan.

Ekitaldiaren formatua berezia da: hogei herrialde baino gehiagotan ospatzen da elkarren segidako 3 egunetan aldi berean. Espainiak, eta Donostiak zehazki, eskarmentu handia du Pint os Science ekitadian, 2015ean hasi baitzen ekitaldia bertan ospatzen.  

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067