Itzuli Prentsa-oharrak: BCBLk aurrera egiten du haurren garunaren zein ikusmen-sistemaren ikerketan

2024/7/3
  • Ikerketa zentroak bi neuroirudi ekipamendu aurreratu berri dauzka bere ikerlanen zehaztasun eta kalitatea hobetzeko
  • Erasokorrak ez diren teknika hauek BCBLri hainbat prozesu aztertzea ahalbidetzen diote, hizkuntza, oroimena eta arreta, besteak beste, BabyLab bezalako laborategietan, 0 eta 24 hilabete bitarteko haurtxoen garunaren garapena ikertzen duten tokia
  • Diputatu Nagusiak, Eider Mendozak, gaur goizean ezagutu ditu ekipoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko Programaren bitartez finantzatuak

Aurrerabide teknologikoak aukera ugari eskaintzen ari dira gizakiarentzat berebiziko garrantzia duen organoaren azterketarako: garuna. Hala erakusten dute Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak dituen bi neuroirudi teknika berriek.

Zentroak, zehazki, 137.755 €-ko inbertsioa egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, uhin infragorri hurbilaren espektroskopia funtzionala (fNIRS) eta Koherentzia Optikoko Tomografia (KOT) berriak eskuratzeko.

Gipuzkoako Diputatu Nagusia den Eider Mendozak gaur goizean bi ekipamenduak gertutik ikusteko aukera izan du, baita hauek BCBLko ikerketa-lanerako dakartzaten onurak ere, Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoetako Diputatua, Ane Insausti, eta Berrikuntza eta Internazionalizazioko Jon Gurrutxaga zuzendariaren laguntzarekin.

Txikienekin erabiltzeko teknologia aproposa

Alde batetik, fNIRS teknologia berriaren nolakotasunak aurkeztu dituzte ikertzaileek, erasokorra ez den eta eramaten erraza den sistema, haurtxo eta ume txikien garun-azterketak aurrera eramateko bereziki egokitua.

«Gure BabyLabean, sistema berria 0 eta 24 hilabete bitarteko haurtxoen azterlanetan baliatuko dugu, batetik, ikaskuntzan zein hizkuntzaren prozesamenduan parte hartzen duten prozesu neuronalak ikertzeko, eta bestetik, 4 eta 12 hilabete bitarteko umeen garunetan inguru elebidunak duen eraginaren gaineko ikerketen kalitatea hobetzeko», nabarmendu du Manuel Carreirasek.

Aldi berean, teknologia hau populazio helduarekin ere erabiltzeko baliagarria da, garunaren funtzioa banaka mapatzeko zein aldakortasuna behatzeko subjektu osasuntsu eta gaixotasun neurologikoak dtuztenen artean, edo dislexia bezalako nahasmenduak pairatzen dituztenekin alderatzeko, irakurmena, hizkuntzaren ulermena, arreta edo oroimena bezalako eremuetan.

«Tresna honen bereizmen handiari esker, emaitzak erresonantzia magnetiko funtzionalaren bitartez lortutakoekin alderatzea posible dugu, fNIRS teknika eskuratzen askoz errazago izanik», gaineratu du bere aldetik César Caballerok.

Erretinako markatzaileak hautematea

Ikertzaileek eskuragarri duten neuroirudi teknika berriak, KOT-ak, Gipuzkoako zentroa bere alor zientifikoan erreferentzia izatea dakar: neurozientzia kognitiboan oso urriak dira teknologia honetaz baliatzen diren laborategiak, tresna osagarri bezala hartuta, ikusmenaren prozesamenduaren alderdi giltzarriak esploratu, ikertu eta ulertzeko.

«Sistema honekin erretinako markatzaileak hauteman ditzakegu, esaterako, ikusmen-maila ezberdinak dituzten irakurleen ezaugarriak zehazteko helburuz. Datu hauek BCBLko bestelako tresnen bitartez lorturiko informazioarekin konbinatuz, ikusmen-sistemaren alderdi ezezagunak deskubritzeko parada izango dugu», azaldu du Kepa Paz-Alonsok.

Bestalde, ekipo berri hau merkatuko bakarra da ere gai dena modu bereizian erretinako zelula ganglionarren geruzaren lodiera zatitzeko zein kuantifikatzeko. Ikusmen-sistemako eremu honek prozesu neurodegeneratiboen ondoriozko aldaketak jasateko aukera gehienetarikoak dituena denez gero, garrantzi berezia du aipatu berri den alderdi honek.

BCBLren kide den Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur ezagutu ditu bi teknologien abantailak, 2022 eta 2023 deialdietako Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko aldundiaren Programaren bitartez finantzatuak.

Mendozak, bere aldetik, Gipuzkoako I+G+B sarearen lana goraipatu du, «etorkizuneko ongizatea egungo oinarrizko ikerketaren menpe dagoela» nabarmenduz. «BCBL mundu mailako punta-puntako zentroa da, 15 urteko ibilbidean hazkunde nabarmena jasan duena eta 130 langile dituen nazioarteko talentuz osatutako nodoan eraikia izan dena, ekoizpen zientifiko oso esanguratsuarekin. Bere jarduera ezinbestekoa da gure hizkuntzen ikaskuntzak edo gure oroimenak nola funtzionatzen duen ulertzeko edota dislexia, alzheimer zein parkinsonari buruz gehiago jakiteko. Labur esanda, gure bizitza eta osasuna hobetuko duten aurrerapausoak egiteko. Lan horretaz zein gure ikertzaile-ekosistemaz harro gaude, eta gure babesa ematen jarraituko dugu, zientzian % 100 sinesten dugulako».

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa

zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067