(Donostian, 2025eko apirilaren 8an).- Espainiako Zeinu Hizkuntza (LSE) gorrek komunikatzeko duten biderik hedatuena da Espainian. 2007az geroztik ezaguna da, hizkuntza gutxitua da, gutxi ikasia, bere gramatika egiturari buruzko literatura gutxi du eta erabiltzailearen adinaren eta eskualdearen arabera aldatzen da. Baliabide eta heterogeneotasun falta horrek, besteak beste, zaildu egiten dute LSE hizkuntza mintzatuaren baldintza beretan ikertzeko lana.
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa neurozientifikoko zentroa, hizkuntzaren eskuratzean, ulermenean eta ekoizpenean parte hartzen duten mekanismo neurokognitiboak argitzen espezializatua, LSE bere sorreratik bertatik aztertzeko bidea errazten saiatu da.
Zein eragin du hizkuntza-sistema hori ezagutzeak maila kognitiboan? Garunak desberdin prozesatzen ditu zeinuak eta hitzak? Gai horiek eta beste zenbait ikertzen dira azken urteotan BCBLren barruan hazten joan den eta 11 pertsona izatera iritsi den zeinu-hizkuntzan bideratutako ikerketa-talde baten lan zientifikoan.
“Gure helburua gortasunak eta LSEren ezagutzak prozesamendu kognitiboan nola eragiten duen ulertzea da, hizkuntzaren prozesamenduan bereziki”, nabarmendu du Ikerbasque ikertzailea eta taldeko buru den Brendan Costellok.
Ikerketa, lankidetza eta kontzientziazioa
LSEri eta gortasunari lotutako mekanismo neurokognitiboak ulertzen jarraitzeko, BCBLko taldeak hainbat esparrutan egiten du lan, ikerketatik hasi eta gizartea kontzientziatzeraino.
Taldeak BCBLko laborategietan eskura dituen neuroirudi-teknika aurreratuen bidez, hala nola erresonantzia magnetiko (MRI) funtzionalaren bidezko irudia, eye-trackinga edo magnetoentzefalografia, pertsona gor baten garunak zeinu-hizkuntza nola eta non prozesatzen duen ikertzen du. Gainera, hitz idatzi edo ahozkoak prozesatzeko moduarekin desberdintasunak dauden ere ikertzen du.
Irakurketaren kasuan, adibidez, entzumen-galera irakurmen-ahalmena gutxitzea eragiten duen faktoretzat hartzen da biztanleria horretan.
“Irakurtzeko trebetasun bikainak dituzten gorren azpitalde bat aztertzen dugu, menperatze-maila hori zer mekanismok aktibatzen duten ulertzeko, eta haur gorren irakurtze-ikasketa hobetuko duten hezkuntza-estrategia eraginkorragoak diseinatzeko eta garatzeko”, gehitu du Brendan Costellok.
Hain zuzen ere, BCBLko BabyLab gunearekin elkarlanean aritzen da taldea, zeinu-hizkuntza darabilten gurasoek LSEn komunikatzeko modua, ahozko hizkuntzan gertatzen den bezala, beraien haurrekin egokitzen duten zehazteko.
Garunaren eta zeinu-hizkuntzaren arteko sinkronizazioaren jarraipena, zeinuen mugimenduen prozesamenduaren analisia, formen eta haien esanahien arteko erlazioak edo zeinuen arteko konexioak, hitzekin gertatzen den bezala, BCBLren taldeak ikertzen dituen beste arlo batzuk dira.
“Gure helburu nagusia LSEren deskribapen zientifiko bat egitea da, ikuspuntu ezberdinetatik. Horretarako, hizkuntzak nola funtzionatzen duen jakin behar dugu, hizkuntza-oinarri on bat zehaztuz lexikoari eta gramatikari dagokionez, eta hizkuntza gogamenean eta garunean nola irudikatzen den jakin behar dugu”, azaldu du adituak.
Nazio eta nazioarte mailan, taldeak zenbait erakunderekin lankidetza irekiak ditu, hala nola CNSE Fundazioarekin (Pertsona Gorren Estatu Konfederazioa) LSEko lexikoaren datu-base bat sustatzeko, irekia eta online eskuragarria; edo Amsterdameko Unibertsitateko SignLab laborategiarekin, Espainiako zeinu-hizkuntzaren, Kataluniako zeinu-hizkuntzaren eta Herbehereetako zeinu-hizkuntzaren zeinuen hautematean ematen diren bereizketak ikertzen dituen proiektu batean.
Espainiako Zeinu Hizkuntzaren Normalizazio Linguistikorako Zentroak (CNLSE), Euskal Gorrak federazioak –boluntarioak biltzen laguntzen duena– eta beste zientzia-erakunde batzuen ekimen eta ikertzaileek ere –Hanburgoko Unibertsitatea, Bostongo Unibertsitatea edo Modenako Unibertsitatea–BCBLren aurrerapenetan laguntzen dute.
Gainera, ikerketa-jarduerez gain, taldeak beste ekintza batzuk ere egiten ditu, hala nola Instagrameko profil bat dinamizatzen du, aurkezpenak egiten ditu eskoletan eta elkarteetan, BCBLko gainerako langileei LSE eskolak ematen dizkie eta LSEko interpretazioa sustatzen dute euskal zentroko ekitaldi guztietan, bi helburu nagusirekin: herritarrak zeinu-hizkuntza eta pertsona gorren inguruan kontzientziatzea, eta zientzia eskuragarriago egitea Espainian entzumen-desgaitasuna duten milioi bat pertsona baino gehiagorentzat.
LSE Taldea
Egun, BCBLko LSEko taldea pertsona-talde eleaniztun batek osatzen du; taldea Brendan Costello ikertzaile nagusiak, doktoratu ondoko hiru ikertzailek (Chiara Luna Rivolta, Alexandra Navarrete-González eta Jieying He), hiru doktore-ikaslek (Joaquín Ordoñez, Kirill Aksenov eta Ruiqing Zhang), eta bi pertsona gor ikerketa teknikari gisa (Iñaki Montero eta Isabel Olmos) osatzen dute. Gainera, bi bitarteko ari dira taldearekin Master amaierako lana egiten.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian egoitza duen diziplina arteko nazioarteko ikerketa zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen duena. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu kide.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067