Itzuli Aktualitatea: «Adimena argitzen»: BCBLk bideo korporatibo berria atera du

2024/6/21
  • Zentroa bereizgarri bilakatzen duten eta naizoartean neurozientzia kognitiboan erreferente izatea dakarten arrazoiak kontatu ditu ikerkeketa zentroak

Neurozientzia diziplinak erronka nabarmenei egin behar die aurre: neuroendekapenezko gaixotasunak, ikasketaren azpian dauden mekanismoak ulertzea, oroimena eta disfuntzio kognitiboak, besteak beste.

Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak kognizioa eta hizkuntzarekin loturiko burmuineko prozesuak aztertu eta ezagutzen dihardu. Aipaturiko erronkei erantzuteko, ikerketa berritzaileak aurrera eramaten ditu, giza garunak hizkuntza nola prozesatu eta erabiltzen duen ulertzea xede dutenak. Hauek, ezagutza zientifikoa aberasteaz gain, pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan eragin zuzena dute.

BCBLn garatzen diren ikerlan nabarmenen artean, dislexia bezalako nahasmenduen azterketa dago, behin bere oinarri neurobiologikoak identifikatuta, kaltetutuako pertsonei bizitza hobea eta emankorragoa izaten lagungarriak izango diren esku-hartzeak garatzea bilatzen duena.

Hau guztia eta gehiago azaltzen da «Adimena argitzen» izenburua hartzen duen BCBLren bideo korporatibo berrian. Nazioarteko Zientzia-Aholkularitza Batzordeko kideak, zuzendaritza eta mundu osoko ikertzaile talde heterogeneoa, zentro donostiarraren jardueraren arrakastan laguntzen duena, ditu protagonista. Hauen guztien ahotsek BCBL bereizgarri eta abangoardista bihurtzen duten arrazoiak kontatzen dituzte.

 

 

Azken belaunaldiko ekipamendua

Lehenik eta behin, BCBL ikerketa aurreratuak egiteko ezinbestekoa den azken belaunaldiko ekipamendua edukitzeagatik nabarmentzen da.

Zentroak neuroirudi teknologiak darabiltza, erresonantzia magnetiko funtzionala (fMRI) eta magnetoentzefalografia (MEG) kasu, garunak hizkuntza nola prozesatzen duen eta beste funtzio kognitibo batzuk denbora errealean ikustea ahalbidetzen dutenak.

Gainera, elektroentzefalografia gailuak eta erasokorrak ez diren garunaren estimulazio teknikek hornitutako laborategiak ditu. Azterlan zehatz eta doiak aurrera eramateko azpiegitura hau beharrezkoa da, BCBL neurozientziaren alorreko buru egiten duena.

Elkarlana eta nazioartekotzea

Bestalde, proiektuen aurrerapenerako ezinbestekoak diren lankidetzak sustatzen ditu zentroak mundu-mailako beste ikerketa zentro ospetsuekin. Elkartasun hauei esker, ezagutza zein baliabideak trukatu ditzakete, azterlanak aberastu eta aurkikuntzak erraztuz.

Nazioartekotzea ere zentroaren lehentasunen artean dagoenez gero, mundu osoko talentuak erakartzen ditu eta proiektu globaletan hartzen du parte. Lankidetza sare honek, BCBLren inpaktu zientifikoa zabaltzeaz gain, arazo konplexuei aurre egiteko duen gaitasuna indartzen du, ikuspuntu, kultura eta mundua ulertzeko era ezberdinekin.

Donostia, kokapen estrategikoa

Azkenik, BCBLren kokapena ere zentroaren bereizgarrietako bat da. Gizpuzkoako hiriburua den Donostia eta Euskal Herria orokorrean ikerketa honetarako ingurune aproposak dira.

Halaber, eskualde elebiduna izanik, azterlanak aberasteko inguru bikaina eskaintzen du batetik eta, bestetik, garunak zenbait hizkuntza erabiltzeko modua sakonkiago ulertzeko aukera ematen du. Inguru elebidun edo hirueledunean kokatuta egotea kognizioa eta hizkuntzaren gaineko azterketak aurrera eramateko alderdi bereizle nabarmena da.

Aipaturiko ezaugarri hauek eta BCBLk urtero duen ekoizpen zientifiko handiak zentroa ikerketa neurozientifikoaren arloan erreferente izatea dakarte.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa

zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067