Itzuli Prentsa-oharrak: 60 urtetik gorako pertsonen bila dabil BCBL, giza memoriaren garapena deszifratzeko

2023/1/3
  • Donostiako zentroak boluntarioak behar ditu ikerketa berri baterako, helduaroan zehar funtsezko informazioa gogoratzeko gaitasunaren funtzionamendua eta progresioa hobeto ezagutzeko eta ulertzeko.
  • Ikertzaileek, halaber, parte-hartzaileen eguneroko entrenamendu kognitibo eta fisikoak prozesamendu eta informazio-oroitzapenean zenbaterainoko eragina izan dezakeen aztertuko dute.
  • Eskuratutako ezagutzek estrategia berriak garatzen lagunduko lukete, narriadura kognitiboak moteltzen saiatzeko eta memoria-defizitak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

 

(Donostia, 2023ko urtarrilak 3a).- Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak 60 urtetik gorako boluntarioak bilatzen ditu, giza memoria episodikoak helduaroan (bereziki hirugarren adinean) izan duen bilakaera eta funtzionamendua hobeto ezagutu eta ulertzera bideratutako ikerketa berri baterako.

Horretarako, 2023ko otsailean hasiko diren proben bidez, BCBLko ikertzaileek memoria episodikoaren alderdi kritikoak aztertuko dituzte, bai eta haien arteko elkarreragina eta eguneroko memoria praktikek informazioa gogoratzeko eta prozesatzeko gure gaitasunean izan dezaketen eragina ere.

Zehazki, parte-hartzaileek bi bisita egingo dituzte zentroko instalazioetara, eta prozesua bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, hainbat ataza labur egingo dituzte ordenagailu baten aurrean, hala nola figurak aurkitu eta antzematea, hitz zuzenak bilatzea eta informazioa gogoratzea, horrela informazio mnemikoa prozesatzeko duten gaitasuna aztertuz.

Gainera, parte-hartzaile bakoitzari elkarrizketa bat egingo zaio, memorian, arretan, informazio-prozesamenduan eta ariketa fisikoan egiten dituzten eguneroko zeregin kognitiboak ezagutzeko.

Azterketaren bigarren zatian, neuroirudi-probak egingo dira, eta horietan pantailan agertzen diren irudi-bikoteei buruzko funtsezko alderdiak gogoratu beharko dira. Erresonantzia magnetikoaren bidez, parte-hartzaileen garun-jardueraren ikuspegi funtzionala bereganatuko da, eta, horri esker, adituek memoria-prozesuetan inplikatutako eskualdeek nola jokatzen duten aztertu ahal izango dute. Horrez gain, materia grisaren alderdi garrantzitsuen eta eskualde horiek lotzen dituzten garun-traktuen ikuspegi estrukturala ere lortuko da.

“Gure garunak behar dugun informazioa nola gogoratzen duen hobeto ulertzea da gure helburua, eta ikustea bizitzako etapa ezberdinetan hori nola aldatzen den. Gainera,  proiektu honetarako bereziki garrantzitsua da aztertzea egunero egiten ditugun zeregin kognitiboek eta ariketa fisikoak zer eragin duten gure oroimen-gaitasunetan”, azaldu du Sandra Rodríguez BCBLko ikertzaileak.

Ikerketak irauten duen bitartean, 60 urtetik gorako pertsona osasuntsuez gain, 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek ere parte hartuko dute. Horiei esker, BCBLk oroimenak helduaroan izan duen bilakaera eta pertsonen eguneroko jarduerekin duen lotura behatu ahal izango du.

Parte hartzeko beharrezkoa da zentroarekin harremanetan jartzea, izen-abizenak eta telefono-zenbakia adieraziz, memora@bcbl.eu posta elektronikoaren bidez, edo (+34) 663 69 45 04 telefonoan WhatsAppeko mezu bat utziz, eta zentroa jarriko da harremanetan partaideekin.

Garun-prozesu konplexua

BCBLren azterketa berriak giza memoria episodikoaren funtzionamendua eta bilakaera aztertuko du, helduaroko etapa guztietan zehar.
Memoria hau prozesu zerebral konplexu baten emaitza da, hainbat eskualde inplikatu eta konektatzen dituena, eta gure bizitzako hainbat egoera gertaera moduan atzematea ahalbidetzen duena.

“Uste dugu pertsonek maila kognitiboan eta, zehazki, memoria mailan egiten dituzten eguneroko zereginek neurri batean aurreikusi dezaketela burmuineko eremuen erantzuna informazio berria eskuratu eta gogoratzerako momentuan, hala nola hipoeremuaren edo aurrez-aurreko azalaren erantzuna“, zehaztu du Rodrígezek.

BCBLren proiektu berriaren emaitzek memoria-estrategia berriak garatzeko oinarriak ezar ditzakete, baita biztanleria orokorraren edo talde berezien memoria kodifikatzeko eta berreskuratzeko gaitasuna hobetzeko entrenamendu kognitiboak garatzeko oinarriak ezarri ere. Hala nola, epe luzerako memorian informazioa modu eraginkorrean eskuratu behar duten profesionalentzat, beren lan-jarduera hobeto garatzeko memoria hobetu behar dutenentzat, edo memoria-zailtasunak dituzten pertsonentzat baliagarria izan daiteke hau.

“Asmo handiko proiektua da, eta ondorioak izan ditzake adineko populazioarengan narriadura kognitiboak moteltzen saiatzeko, eta, potentzialki, memoria-defizitak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagun lezake”, nabarmendu du Sandra Rodríguezek.

BCBL-ri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa-zentroa da, eta Donostian du egoitza, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu bazkideen artean.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067