Itzuli Prentsa-oharrak: Afasiaren Nazioarteko Eguna – ekainak 28 BCBL afasia-maila diagnostikatzeko tresna berritzailea probatzen ari da

2024/6/28
  • Donostiako ikerketa-zentroa iktusa duela gutxienez 6 hilabete pairatutako pertsonak bildu nahian dabil haien hizkuntza-egoera ebaluatzeko test digital berria baliatuz
  • Fase esperimentaleko lehen emaitzen arabera, teknologia zehatzago da paziente afasiko arinak hautemateko garaian, identifikatzen zailago direnak
  • BCBLko «Neurolinguistika eta Afasia» taldeko azterlana, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatua, irtenbidearen eraginkortasuna baliozkotzeko partaide berrien bila dabil

 

(Donostian, 2024ko ekainak 28).- Ikstusa bezalako garun-istripuen ondorioz jasaten diren sekuela nagusietako batzuk (Espainiako Neurologia Elkartearen (SEN) arabera urtean 110.000-120.000 iktus kasu egon ohi dira) hizkuntzarekin eta hizketa, irakurketa edo idazketa bezalako prozesuen narriadurarekin lotuta daude.

Testuinguru honetan, Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroa iktusa duela gutxienez 6 hilabete pairatu duten pertsonak biltzen ari da, ondorio linguistikoak jasan dituztenak zein jasan ez dituztenak, afasia-maila diagnostikatzeko garatu duten tresna digital berritzailea probatzeko helburuz. Afasia hautematea, pertsona hauetan ohiko nahasmendua, noizbehinka zailago izaten da metodo tradizionalak baliatzen direnean.

Simona Manciniren hitzetan, proiektuaren zein BCBLko «Neurolinguistika eta Afasia» ikerketa-taldearen burua, test digitala erabiliz eginiko lehen saiakuntzetan «afasia arina jasaten duten pertsonen eta istripurik izan ez duten kontrol taldekoen erantzun zuzenen ehunekoa antzekoa izan ohi da sarri, baina lehenengoen erantzuteko denbora segundo batzuk luzeago izan daiteke».

BCBLko adituaren arabera, zentroko teknologiak eskaintzen duen informazioa konpletoagoa da, erantzunean jazotzen den atzerapen hori zehaztasun gehiagorekin analizatzea ahalbidetzen du, eta, honenbestez, larria ez den afasia sufritzen duten pertsonak hobeto identifikatzen laguntzen du, logopeda zein neuropsikologoek Espainian egun darabiltzaten metodo analogikoekin alderatuta.

Aplikazioan, gaztelaniaz erabilgarri, formatu analogikoko baterietan aurki daitezkeen jokabide-atazak daude batetik (esaterako, irudi batean ageri den objektu zuzena seinalatzea), eta argitaragabeko proba berriak bestetik, hizkuntza-ekoizpenaren aurreko fasea ere ebaluatzea ahalbidetzen dutenak: antolamendu kontzeptual eta gramatikalerako hiztunaren gaitasuna hitz edo esaldi bat esan aurretik.

Saioak erresonantzia magnetikoan

Bilbo eta Donostiako Aita Menni Ospitalea neuroerrehabilitazio zentroen laguntzari esker, jada Euskadiko afasiadun 35 pertsonak fase esperimentalean parte hartu dute BCBLk garatutako irtenbide digital berria baliozkotzeko xedez.

Paraleloki, kontrol taldea osatzen duten garun-kalterik gabeko pertsonak ere, adin, sexu zein ikasketa-mailan antzeko ezaugarriak dituztenak, test digitalaren probak egiten ari dira.

Gainera, partaide orok aukera izango du BCBLko instalazioetan erresonantzia magnetikoa egiteko eskatzeko, bere garun-kaltearekin loturiko datuak eskuratzeko, non dagoen kokatuta adibidez, eta, ondoren, emaitzak jokabide-atazetatik erdietsitako informazioarekin erkatzeko.

«Hizkuntza-atazak egitean afasiadun pertsonetan esku hartzen duten areetan argi pixka bat egitea dugu helburu, baita hizkuntzaren oinarri neurobiologikoak hobeto ulertzea ere», erantsi du Simona Mancinik.

Ikerketak, Generación de Conocimiento programaren bitartez Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatua, testa baliozkotzeko fasea 2025ean amaitzea aurreikusten du. Helburu horrekin,  duela gutxienez 6 hilabete iktusa gainditu duten parte-hartzaile berrien bila dabil aktiboki.

Parte hartzeko interesatuta dauden pertsonak participa@bcbl.eu helbidera idatziz harremanetan jar daitezke.

 

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067