Itzuli Prentsa-oharrak: Aurpegia hizketaren isla gisa prosodia aztertzeko

2023/11/16
  • BCBL ikerketa-zentroak, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuarekin lankidetzan, haserre, alaitasun, harridura eta galderen intonazioa interpretatu eta bereizteko gaitasunaren jatorri kognitiboa ikertu nahi du.
  • Adituek pertsona osasuntsuak eta garuneko kalteak dituzten pazienteekin probak egingo dituzte; horretarako, perpausak entzun eta, ondoren, hautemandako hitzak hobekien adierazten dituen aurpegia aukeratu beharko dute parte-hartzaileek
  • Ulermen prosodikoaren gabezia ohikoa da garuneko istripuak izan dituzten pertsonengan, hala nola iktusa.

(Donostia, 2023ko azaroaren 16a).- Esaera zaharrak dioenez, aurpegia arimaren ispilua da; baina, hizketarena ere bada? Edo ez al dugu gure aurpegiera aldatzen zerbait haserre adierazten dugunean edota albiste positibo eta alai bat iragartzean? Era berean, gure ahotsa ere aldatu egiten da zerbait oihukatu edo zalantzan jartzearen arabera.

Komunikazio-egoera horietako bakoitzean hitzen intonazioa interpretatu eta bereizteko dugun gaitasunari prosodia deritzogu, eta funtsezko eginkizuna betetzen du giza-elkarreraginen kasuan. Beraz, ulermen prosodiko horren gabeziak iktusa bezalako garun-istripuak jasan dituzten pertsonengan nabarmen eragiten du haien bizi-kalitatean.

Batetik, prosodiaren jatorria eta akatsak aztertzea, eta, bestetik, pertsona osasuntsu eta kalte neurologikoa duten pertsonen garunek nola funtzionatzen duten ulertzea da Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroaren ikerketa-berri honen helburua, Donostia Unibertsitate Ospitalearekin eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuarekin (IIS Biogipuzkoa) lankidetzan.

«Intonazioa interpretatzeko faseak aztertuko ditugu, funtzio horrekin loturiko gabeziek ulermenean zer eragin izan dezaketen eta prosodiarekin garuneko zein eskualdek duten lotura handiena behatzeko xedez», azaldu du Giada Antonicelli BCBLko ikertzaileak.

Adituaren arabera, tradizioz zerbaitegatik uste izan da prosodia emozionala (alaia, haserretuta edo goibela) burmuinaren eskuineko hemisferioan prozesatzen dela, eta hizkuntzalaritza-prosodia (galdera, eskaria edo harridura), berriz, ezkerrekoan. «Hipotesi hori ez da gaur egungo ebidentzietan oinarritzen, prosodiarekin lotutako funtzioen banaketa konplexuagoa erakusten baitute», adierazi du.

Parte-hartzaile osasuntsuak eta garuneko kalteak dituztenak

BCBLko ikertzaileek prosodiaren interpretazioa aztertuko dute bi talde ezberdinetan: batetik, ikerketan kolaboratzen duen Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko garun-kaltea duten pazienteez osaturikoa; eta, bestetik, 18 urtetik gorako pertsona osasuntsuz osaturikoa.

Zentroak bigarren talde horretarako boluntarioak behar ditu, batxilergoko gutxieneko ikasketak dituztenak, depresio edota antsietaterako medikaziorik hartzen ez dutenak, arazo neurologikorik ez dutenak eta musika-prestakuntzarik gabeak.

«Asmoa da prosodiaren prozesamenduan adinak zein garun-lesioek izan ditzaketen ondorioak balioestea», nabarmendu du Giada Antonicellik.

Horretarako, adituek parte-hartzaileen jokabide- eta garun-erantzunak neurtuko dituzte jokabide-ariketa eta magnetoentzefalografia (MEG) bidezko probez baliatuz. Azken hau garunaren jarduera elektrikoak naturalki sortzen duen eremu magnetikoa antzematen duen teknika ez inbaditzailea da.

Ikerketan zehar, pertsona osasuntsuek zein gaixoek beren oroimen eta hizkuntza-gaitasunak probatuko dituen ataza erraza egingo dute: perpausak entzun eta, ondoren, entzun berri dituzten hitzen intonazioa hobekien adierazten duen aurpegia (haserrea, alaitasuna, galdera, eskaria edo neutrala) hautatu beharko dute, hiru aukeren artean.

Ikerketaren berritasunik handiena garuneko lesioak dituzten pertsonen prosodia aztertzean datza. Horretarako, MEGa ez ezik, analisi estatistikoko teknika bat ere erabiliko dute, cortical tracking izenekoa (jarraipen kortikala), entzutezko-estimulu eta garun-azalaren jardueraren arteko sinkronizazioa balioesten duena.

«Aurretiko ikerketek frogatu dutenez, garunak eta haren oszilazioek hizketaren erritmoarekin sinkronizatzeko joera dute, hau da, neuronek —garuneko zelulek— beren jarduera zertxobait aldatzen dutela hizketaren jarioarekin intonatzeko. Sinkronizazio horrek ulermen prosodikoan nola eragiten duen jakiteko, prosodiaren jarraipen kortikala neurtzen duen lehen ikerketa dugu hau», azpimarratu du Simona Mancini BCBL «Neurolinguistika eta Afasia» ikerketa-taldeko buruak.

BCBLko proiektuaren emaitzek, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatuta, prosodiako defiziten jatorriari buruzko ezagutzak  areagotuko dituzte, eta, adibidez, iktusa izan duten pertsonen errehabilitazio-terapiak bideratzen eta horiek eranginkorrago bilakatzen lagundu dezakete.

Parte hartu nahi duten eta BCBLk Miramongo Parke Teknologikoan (Donostia, Gipuzkoa) dituen instalazioetara joateko prest dauden guztiak zentroarekin harremanetan jar daitezke participa@bcbl.eu helbide elektronikoaren bidez, gaian  «Protrack Azterketa» adieraziz

Biogipuzkoari buruz

Biogipuzkoa OII osasun-sistema publikoaren erreferentziazko I+G+B zentroa da Gipuzkoan, eta jarduera zientifiko eta berritzaileen garapena lideratzen du, bikaintasuneko erakunde anitzeko eta diziplinarteko lankidetza-egituraren bitartez. Biogipuzkoa OIIk ikerketa traslazionala sustatzen du eta, horretarako, balio erantsiko proiektuak lehenesten ditu. Proiektu horien emaitzak paziente zein biztanleria osoarengan islatuko dira.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067