Itzuli Prentsa-oharrak: BCBLk hizkuntzak irakasteko formularik onena bilatzen du ikasgeletan

2023/2/21
  • Ikerketa zentroak lankidetza hitzarmena sinatu du London School of Languages hizkuntza zentroarekin bere metodo zientifikoak hezkuntza ingurune erreal batean probatzeko
  • Ikertzaile eta irakasleek elkarrekin lan egingo dute hainbat proiektutan, irakaskuntza eraginkorragoa, efizienteagoa eta intuitiboagoa lortzeko erronkarekin
  • Helburu nagusia hizkuntzen irakaskuntzan oinarri sendoak ezartzea da, epe luzean kalitatezkoak izango direnak.

(Donostia, 2023ko otsailak 21).- Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) Donostiako ikerketa zentroak eta London School of Languages Gipuzkoako akademiak lankidetza hitzarmena sinatu dute, ikasgeletan oinarri zientifikoak dituzten hezkuntza eredu ezberdinak probatzeko eta hizkuntzak irakasteko formularik hoberena aurkitzeko erronkarekin.

Bi erakundeek sinatutako akordioa joan den abenduan sartu zen indarrean, eta BCBLko ikertzaileek, irakasleen laguntzarekin, zentroak garatutako metodologiak ingurune erreal batean probatzeko aukera izango dute hiru urtez.

“Aukera bikaina da gure ikerketak hizkuntzen irakaskuntzan nola lagundu dezakeen ikusteko. Irakasleekin kontaktu zuzena izateak interes komunak aurkitzeko eta ikasketa berriak martxan jartzeko balioko digu, esperimentatzeko ingurune ezin hobean”, Miguel Arocena BCBLko zuzendari orokorrak nabarmendu du.

Horretarako, BCBLko ikertzaileek irakasleen laguntza ez ezik, hizkuntza-eskolako ikasleen laguntza ere izango dute, ikerketetan parte hartu ahal izango baitute senitartekoen baimenari esker.

“Guretzat ikasleak ikasketa prozesuaren funtsezko ardatza direla kontuan hartuta, gure helburua irakaskuntza-estrategia berritzaileak diseinatzea da, ikaskuntza intuitiboki eraginkorra eta efizientea izan dadin; horrela, epe luzerako emaitza onenak ez ezik, ikaskuntza esperientziarik onena ere lortuz”, azpimarratu du José Mari Sánchez Requena hizkuntza zentroko zuzendariak.

 

Eremu-ikerketa

Lankidetzaren esparruko eremu-ikerketa 2023an hasi da irakasleei zuzendutako prestakuntza-saioen bidez, BCBLren metodo zientifikoak ezagut ditzaten eta beren eskoletan integratzeko egokienak direnak aukera ditzaten.

“Irakasleekin zuzenean hitz egiten dugu haiek hezkuntza-inguruneari buruz duten ezagutza aprobetxatzeko eta gure protokolo esperimentalak ahalik eta ondoen egokitzen laguntzeko”, zehaztu du BCBLko ikertzailea den Svetlana Pinetek.

Aurrerago, BCBLk ikerlanak zuzenean hizkuntza klaseetan egitea espero du, aukeratutako metodo zientifikoek klaseetan duten eraginkortasuna frogatu eta egiaztatzeko helburuarekin.

“Gure ikuspegia, beraz, hizkuntza irakaskuntzaren kontzeptua birdefinitzea da, neurozientzia eta hezkuntza lotuz; eta, aldi berean, ikasgeletako proposamen berritzaileen ezarpena gidatzea, ingelesa eta frantzesa ikasteko kalitate onena eskainiz”, gehitu du José Mari Sánchez Requenak.

 

ELT Conference 2023

Akordioaren etorkizun hubilean, ELT Conference 2023 konferentzia ere badago. Martxoaren 25ean ingelesezko irakaskuntzaren nazioko eta nazioarteko geografia osoko profesionalak bilduko dira Miramar Jauregian, arlo honetako azken aurrerapenak aurkezteko.

Kongresua London School of Languages-ek antolatu eta sustatu du, Teacher Training-en espezializatutako sailarekin batera, eta atsegin handiz jasoko ditu lehen mailako hizlariak, hala nola BCBLko Efthymia Kapnoula y Clara Martin ikertzaileak.

Gainera, ikerketa zentroak bere stand propioa izango du irakasleen eta ikertzaileen artean topaketak eta sinergiak ezartzeko. Aukera bikaina izango da networkinga dinamizatzeko, baita alde guztientzat onuragarri izango diren harremanak sustatzeko ere.

 

London School of Languages-i buruz

London School of Languagesek 30 urte bete ditu Donostia, Urnieta, Oiartzun eta Astigarragako 1.400 ikasleri baino gehiagori hizkuntzen ikaskuntzan laguntzen. Cambridgeko azterketa ofizial guztiak antolatzen eta administratzen dituzte ES409 Baimendutako Zentroaren bidez. Teacher Training saila ere hazi egin da, irakasleen prestakuntzan erreferentzia zentro bihurtuz. Gainera, Euskadin CELTA ziurtagiria (Certificate in Teaching English to Speakers of Other Languages) emateko baimendutako zentro bakarra da.

 

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa-zentroa da, eta Donostian du egoitza, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu bazkideen artean.

 

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067