Itzuli Prentsa-oharrak: BCBLk irakurketaren aztarna genetikoa ikertu du garunean

2023/4/17
  • Nature Human Behaviour aldizkari ospetsuak ikerketa-zentroaren azterlan berria argitaratu du, irakurketaren oinarri biologikoen inguruko ezagutza areagotzeko xedez
  • Bertan, gaitasun horiekin loturarik estuena duten garun-zonaldeak eta horiek amankomunean izan ditzaketen ezaugarri genetikoak aztertu dira

 

(Donostia, 2023ko apirilaren 17a).- Gure eguneroko bizitzan integratutako hizkuntza-prozesurik berrienetako bat da, duela 5000 urte baino gutxiagokoa, alegia. Norberak trebetasun desberdinak ditu, eta, zenbait kasutan, adimen-mailarekin zerikusirik ez duten defizitak ere agertzen dira. Irakurketaz ari gara, haren oinarri biologiko ezezagunak azken hamarkadetako azterlan ugariren ardatz izan baitira.

Ikerketa horietako bat Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak egin du, eta Nature Human Behaviour zientzia-aldizkari ospetsuak argitaratu du; bertan, gaur arteko burmuinaren, genetikaren eta irakurketa-gaitasunaren arteko harremanaren analisi sakonenetako bat jasotzen da.

Zehazki, ikertzaile-taldeak hainbat estatistika-teknika erabili ditu milaka pertsonaz osaturiko datu-baseak konbinatuz.  Besteak beste, Estatu Batuetako 9 eta 10 urte bitarteko 9000 haur baino gehiagoko datu-basea erabili dute, irakurketa-errendimenduari lotutako informazioa biltzen duena.

«Oso lagin handiak behar dira analisi genetikoak aurrera eramateko eta, baliabideak partekatzeko ekimen publiko hauei esker ahalik eta lan sakonena egitea ahalbidetu digu», azaldu du Amaia Carrión BCBLko ikertzaileak.

Azterketaren lehen fasean, BCBLko adituek irakurketa-trebetasunekin loturarik handiena duten garuneko eskualde eta egiturak identifikatzeko erabili zituzten datu horiek.

«Garuneko bederatzi zonalderen egiturak irakurtzeko gaitasunarekin zerikusia duela ikusi dugu, irakurketa-sareko eskualdeak barne, hala nola goiko zirkunboluzio tenporala eta eskualde okzipitotenporalak», Carrionek zehaztu duenez.

 

Froga genetikoak

Ondoren, ikerketa-taldeak garuneko eskualde horien arkitektura genetikoa eta irakurketarekin partekatutako eragin genetikoak aztertu zituen.

Laburbilduz, Amaia Carrionen arabera, analisiek frogatzen dute bai irakurketak, bai irakurketarekin lotutako garuneko eskualdeek badutela osagai genetiko xumeren bat, eta horrek azaltzen dituela, neurri batean, burmuin-zonalde horien egituran gertatzen diren aldaketak.

Gainera, irakurketa-errendimendua eta irakurketarekin lotutako garuneko bi eskualdek, ezkerreko hemisferioaren azalera osoak eta goiko zirkunboluzio tenporalarenak, osagai genetiko bat partekatzearen ebidentzia ere aurkitu zuten.

«Bagenuen irakurketa eta eskualde horien arteko loturaren berri, baina ez genekien eragin genetiko komunik ba ote zegoen», azpimarratu du BCBLko adituak.

Euskal ikerketa-zentroaren aburuz, mota horretako analisi-metodoek irakurtzeko trebetasunaren oinarri biologikoak ulertzen lagun lezakete.

«Lan honek aukera ematen digu irakurketa bezalako jokabide konplexua hobeto ulertzeko. Etorkizunean, beste neurri indibidualizatuago batzuk edota beste faktore batzuen eragina iker litezke, hala nola adina edo sexua, geneen, garunaren eta irakurketaren arteko harremanean gehiago sakontzeko helburuarekin», gaineratu du Carrionek.

 

Horretarako, ikertzaileak azpimarratzen duen bezala, ezinbestekoa izango da zientzia-arloan populazio-multzo eta datu-lagin are handiago eta aberatsagoak eskuragarri izatea, azterketa genetikoek emaitza sendoak eman ditzaten.

Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratutako ikerketan, BCBLko ikertzaileak diren Amaia Carrión eta Kepa Paz-Alonso eta zentroko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreirasek hartu dute parte, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioaren laguntzaz.

 

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

 

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067