(San Sebastián/Donostia, 2021eko apirilak 16).- Gizakiaren eboluzioaren historian, irakurketa berriki jazotako gertakaria dela esan dezakegu. 5.000 urte baino gehiago gurekin daramatzan gaitasun honek, idazketarekin batera, ikasketa prozesu luzea eskatzen du. Hala ere, haurtzaro eta nerabezaro artean ematen diren prozesuan oraindik galdera asko argitzeke daude.
Erronka handia da garunak eta bere area zeharo ezbedinek elkarri eragin eta hizkiak zein soinuak elkartzeko (hitzak sortzera iritsi arte) entrenatuak izateko gaitasuna ulertzea; baita gaitasun honek heldu izan arte duen garapena behatzea ere. Burmuinaren irakurtzeko gaitasuna ez baita berezkoa.
2019ko iralean, Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak, Dysthal izeneko proiektu aitzindariari hasiera eman zion, irakurketaren mekanismoen eta hauen garapenaren gainean ezagutzak lortzeko, haurtzarotik nerabezarora bitartean. Orain arte Donostialdeko 9-16 adin tarteko (Lehen Hezkuntzako 4. mailatik DBH 4. maila arte) 900 haur elebidun baino gehiagok hartu dute parte proiektuan.
BCBLko ikerlaria den Abraham Sánchezen arabera, Neuropsikologia eta Neurozientzia Kognitiboan aditua, «lehen fasean haurrek nola irakurtzen duten eta horretarako darabiltzaten estrategiak behatu ahal izan ditugu. Emaitza hauek, irakurketa eta irakurle motak sailkatzeko ez ezik, guraso zein haurrek haien irakurketa maila hobeto ezagutzeko ere baliagarriak izan dira».
Ikerlanaren atalik garrantzitsuenari datozen hilabeteetan emango zaio hasiera. Bertan haurrek ordenagailu aurrean zein erresonantzia magnetikoaren barruan zenbait jolas burutuko dituzte. Sanchezek dioen bezala, aipaturiko azken teknika «ez da erasokorra eta ez du inongo osasun-arriskurik berekin».
Teknologia hori baliatuz, garuneko zirkuituek irakurketa eta garapenean zehar honek jasaten dituen aldaketak nola eusten dituzten ikertzeaz gain, irakurtzeko zailtasunak, dislexia kasu, burmuineko zirkuituetako hutsen ondorio zenbateraino izan litezkeen aztertuko dugu.
BCBLk lehen hizkuntza euskara duten 9 eta 16 urte bitarteko 450 haurren laguntza behar du bere helburua lortzeko.
Honenbestez, BCBL jada hasi da lehen fasean parte hartu zuten zenbait haurren guraso eta eskolekin harremanetan jartzen bigarren faseko parte-hartzaile izatera bultzatzeko asmotan. Proiektuan parte hartu nahi duten familiak BCBLrekin harremanetan jar daitezke posta elektronikoz helbide honetara idatziz: dysthal@bcbl.eus
Egokitzapen goiztiarrak helburu dituen ikuspuntu integrala
Donostiako zentro honetako ikerlariak, alde batetik, haurren garunaren egitura behatuko dute erresonantzia maganetikoaren barruan daudenean, honen neurriak irakurtzeko estrategiekin nola dauden lotuta ikusi ahal izateko. Beste saio batean, partaideak erresonantzia magnetikoaren barruan daudela, irakurketa ariketak burutuko dituzte. Honi esker, BCBLko ikerlariek diotenez «prozesu bakoitzaren eta ariketa ezberdinen aurrean, garuneko zein area, bai kortikalak bai azpikortikalak kontuan hartuz, aktibatzen den gehiago ikusi ahal izango dute».
Hau guztiarekin, batetik, irakurketa estrategia bakoitzaren ereduak sortzea dute xede: irakurketa tipiko edo ohikoenetik, atipikoraino, ezohikoa dena eta dislexia bezalako zailtasunak barne izaten dituena. Bestetik, irakurketa estrategia mota ezberdinak sortzea ere helburu dute, azkenik, pertsona bakoitza zein motatako irakurlea den goiz jakiteko balio duten patroiak identifikatu ahal izateko eta, beharrezkoa izanez gero, egokitzapen goiztiarrak sortzeko.
Horrela, jokabide teknika zein erresonantzia magnetikoaren bitartez eginiko ariketetako emaitzek eta ondorengo analisiek irakurketak euskarri dituen mekanismo neurobiologikoen ezagutza sakona eman ez ezik, irakurtzeko gaitasun eta desgaitasun mota espezifikoak aurresateko maila anitzeko ikuspuntu integrala ere erakutsiko dute.
Zehatzago esanda, ikerlan honen ondoriozko aurkikuntzak diagnostiko eta esku-hartze programak diseinatzeko lagungarriak izan daitezke. Zentzu honetan, biomarktzaile goiztiarrak aurkitzea ezinbestekoa da, diagnostikoa goiz eginez gero, esku-hartzea ere hala egin ahal izango baita, pronostikoa hobetuz eta haurren zein familien sufrimendua ekidinez. Proiektuak garapenarekin loturiko beste nahasmendu batzuk ikertzeko beste bide batzuk ere irekitzen ere lagunduko du, hizkuntzaren arazo espezifikoa esaterako.
«Orain arte neuroirudi teknika baliatuz egin den ikerlan konpletoenetakoa dugu hau, alderdi esaguratsu oro, neurobiologikoak zein kognitiboak, hartzen baititu kontuan, eta gainera, erresonantzia magnetikoaren teknologia berrienak darabiltza datuen eskuratze eta analisirako» dio adituak.
Dysthal proiektuak, gutxienez bi urtez luzatuko dena, La Caixaren finantzaketa izan du, bere garapenerako milioi erdi euro jasoz. Informazio gehiago eskuratzeko ikus ezazu ikerketari buruzko bideo hau.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC (Basque Excellence Research Center) zentroetako bat da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu kide.