Itzuli Prentsa-oharrak: BCBLko ikerketa talde berri batek garunak errealitatea nola inferitzen duen izango du aztergai

2024/4/18
  • Taldeak, Alejandro Tabas Ikerbasque ikertzailea lider duenak, hizkuntza mintzatuaren «pertzepzio inferentzia» azaltzea izango du ardatz
  • Prozesu konplexu honen atzean dauden mekanismo eta konexio neuronalak ezagutzeak ondorioak ekar ditzake, bai gizartean bai alor klinikoan.

(Donostian, 2024ko apirilak 18a). Pertzepzio inferentzia zera da: inguratzen gaituen informazio sentsorial zaratasu osatugabeari esanahi egonkor eta sendoa emateko garunak egiten duen lan isila. Prozesu konplexu hau zein bertan esku hartzen duten mekanismo neuronalak ulertzea XXI. mendeko neurozientziaren oinarrizko arazoa da.

Alor honetan gure ezagutzak sakontzeko xedez, aurtendik Alejandro Tabas Ikerbasque ikertzailea buru duen ikerketa talde berria dago  Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroan.

«Gizakiok ez daukagu inguratzen gaituen errealitaterako zuzeneko sarbiderik. Bizi dugun guztia errealitate horren barne-irudipenak dira. Irudipen horietan zentzumenetara iristen zaiguna eraldatzen duen prozesua ulertzeak, batetik, errealitate iritsezin horretara hurbildukio gaitu eta, bestetik, barne-irudipen horiek zein puntutaraino diren inguratzen gaituenaren islada ulertzen lagunduko liguke », azaldu du Tabasek.

Elkarrizketa batean, adibidez, garunak denbora-eskala ezberdinetan jarduten duten kontzeptuak inferitzen ditu: gure solaskideak ahoskatzen duen fonemak dirauen milisegundoetatik hasi eta mintzagaia ulertzeko beharrezko izan ditzakegun minutuak arte, doinua bereizteko edo esaldi osoa entzuteko behar ditugun segundoetatik igaroz. «Prozesu hauek elkarren artean konektaturik daude eta ezinbestekoak dira esaldia ironikoki interpretatu behar den jakiteko, besteak beste», erantsi du adituak.

Ikerketa zentroko talde berri honen asmo handiko helburuetako bat hizkuntza mintzatuaren pertzepzio inferentzia azaltzea da.

«Alorreko gehiengoen iritziz, prozesamendu abstraktuan jarduten duten garun areetan garatzen da inferentzia, garun-azalean, alegia. Gure taldeak, aitzitik, inferentzia-prozesuak garun sentsorialean nonahi ageri direla defendatzen du. Gure aburuz, etapa azpikortikalak, milisegundoetan oinarritutako denbora-eskaletan lan egiteko gai diren bakarrak, hizkuntza mintzatua inferitzeko erabakigarriak dira», nabarmendu du BCBLko talde berriaren buruak.

Erabilera sozial eta klinikoak

Tabasen arabera, pertzepzio inferentzian parte hartzen duten garun-mekanismoak ulertzeak alor sozial eta klinikoan erabilera ezarpen ezberdinak ekar ditzake.

Lehendabiziko kasuan, prozesu honen gaineko oinarri zientifikoa edukitzea lagungarria izan daiteke, teknika egokiak baliatuz, inklusibitate gutxiko eta pentsamendu bakarreko diskurtsoak alde batera utzi eta beste kulturekiko jarrera toleranteagoa hartzeko.

«Inguratzen gaituena inferitze aldera, gure garunak bizitzan zehar ikasitakoa darabil. Honebestez, saihestezina den subjektibotasuna dago prozesu honetan, elkarbizitza eta demokraziarako kaltegarriak diren isuri kognitiboak dakartzana. Norbanako bakoitzaren historia pertsonalak errealitatearen hautematean nola eragiten duen ulertzeak, batetik, isuri hauek arintzeko estrategiak diseinatzen lagunduko liguke eta, bestetik, oinarri zientifikoa emango liguke ulertzeko oinarri kultural desberdineko pertsonek zergatik dituzten sinesmen eta mundua ikusteko era hain ezberdinak», azaldu du ikertzaileak.

Bestalde, garunak zentzumen-mundua nola inferitzen duen ulertzeko ezagutza hau beharrezko aurrebaldintza ere bada huts egiten duten baldintza klinikoak ezagutzeko.

«Huts egiten duten inferentzien adibide klasiko bi psikosiaren ezaugarri diren haluzinazioak eta dislexia duten pertsonek izan ohi duten grafema eta fonemak bereitzeko ezintasuna lirateke», zehaztu du Tabasek.

Erronka hauei erantzuna emate aldera, BCBL doktoratu aurreko eta osteko profilen bila dabil Alejandro Tabas buru duen taldea osatzeko.

Alde batetik, matematika eta adimen aritfizialeko ereduen garapenean prestakuntza duten pertsonak behar ditu taldeak, adibidez, adimen artifiziala, fisika, matematikak, estatistika, informatika edo ingeniaritza ikasitakoak eta giza-garuna ulertzeko interes frogagarria dutenak; bestetik, neurozientzia kognitiboan prestakuntza duten pertsonak behar ditu, esaterako, neurozientzia, biologia, zientzia kognitiboak edo psikologia esperimentala ikasi dutenak, eredu konputazionaletan interesatuta eta haien oinarri matematikoa hedatzeko gogoz daudenak.

Martxan dauden hautaketa-prozesuen inguruko informazio guztia BCBLren web-orriko lan-eskaintzen atalean dago ikusgai.

Alejandro Tabasen inguruan

Madril, Viena eta Bartzelonan Fisika Teorikoak eta Adimen Artifiziala ikasten ibili ondoren, Alejandro Tabas 2017an doktoratu zen Neurozientzia Konputazionalaren arloan Bournemoutheko Unibertsitatean (Erresuma Batua).

Ondoren, bere lehen doktoratu ondoko ikastaroa egin zuen Neurozientzia Kognitiboaren alorrean, Alemanian kokatuta dauden Leipzigeko Max Planck Institute for Human Cognitive and Brain Sciences zentroan eta Dresdeneko Unibertsitate Teknikoan. Bere bigarren doktoratu osteko ikastaroarekin 2022an hasi zen, Neurozientzia Konputazionalaren gainekoa, Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) egin zuena, eta, 2023an, Europar Batasunaren eskutik ERC Starting Grant beka jaso zuen area azpikortikaletako pertzepzio inferentzia aztertzeko.

Ikerbasque ikertzaile eta Ramón y Cajal kide hau, 2024ko martxoaz geroztik, BCBLko Pertzepzio inferentzia taldeko buru eta Leipzigeko Max Planck Institutuko ikertzaile-kide da.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067