Itzuli Prentsa-oharrak: BCBLko ikertzaile bat, munduko zientzia elkarte nagusiko kide berria

2023/1/31
  • James Magnuson, neurozientzia konputazionalaren taldeko burua, American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundeak argitaratutako urteko rakingeko izenen artean dago
  • Ikerbasque irakaslea, bere ahaleginengatik, lidergoagatik eta hizkuntzaren azterketan eredu informatikoak ezarriz zientziari eta gizarteari egindako ekarpenengatik hautatu dute
  • Estatu Batuetako erakundeak, Science aldizkariaren editoreak, zientzia diziplina guztietako erreferenteen lana gorapitazen du 1874tik

(Donostia, 2023ko otsailak 1).- Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikertzaile eta Ikerbasque irakaslea den James Magnuson American Association for the Advancement of Science (AAAS) ospetsuak 2023ko urtarrilaren 31n argitaratutako urteko rankingeko ohorezko kideetako bat da.

Aditua euskal ikerketa-zentroko neurozientzia konputazionaleko taldeko burua da, eta hizkuntzaren azterketari lotutako ahalegin, lidergo eta ekarpen zientifiko eta sozialengatik sartu da rankingeko izenen artean. Bereziki, hizketaren pertzepzioaren eta haren garun-oinarrien arteko loturei buruz egindako ekarpenengatik.

“Sari honek, eredu informatikoen eta neurozientzia konputazionalaren alorrean Jamesek egindako lana ez ezik, gure eguneroko lanak komunitate zientifikoarentzat eta gizartearentzat duen garrantzia ere aitortzen du”, azpimarratu du Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifikoak.

Magnuson doktorea 506 zientzialari, ingeniari eta buru berritzaile biltzen dituen zerrendan dago. Mundu mailako zientzia elkarte nagusiak, Science argitalpen-familiaren editorea denak, 1875. urtetik darama ikerlariak goraipatzen, urtero zientzia pertsonen kosmosa hedatzeko asmoz.

150 urteetan zehar, AEBetako elkarteak ohorezko kide gisa onartu ditu hainbat diziplinatako erreferente historikoak, hala nola W.E.B. DuBois historialaria, Mae Jemison eta Ellen Ochoa NASAko astronautak, Steven Chu fisikaria, Grace Hopper konputazioaren aitzindaria, Alan Alda zientzia-dibulgatzailea eta robotikan aditua den Ayanna Howard.

Hizkuntzaren oinarriak ulertzea

BCBL eta Connecticut Unibertsitateko ikertzailea da James Magnuson. 2001ean osatu zuen doktoregoa Rochester Unibertsitatean, zientzia kognitiboaren eta garunaren inguruan.

Bere ikerketa-ildoa neurozientzia konputazionalean oinarritzen da; zehazki eredu konputazionalen erabileran, funtzio biologiko konplexuen oinarri kognitiboak, pertzepziozkoak eta neurobiologikoak ulertzeko helburuarekin, hala nola hizkuntza, ikaskuntza eta arreta.

Bere modelatze-esparru nagusiak sare neuronalak eta sareen zientzia dira. Gainera, metodo esperimentalak ere erabiltzen ditu hipotesien iragarpenak eta ereduak probatzeko.

2004an, Psikologiako Elkarte Amerikarrak Psikologia Esperimentaleko Ikertzaile Gaztearen saria eman zion, eta 2008an CAREER Award saria jaso zuen Ameriketako Estatu Batuetako Fundazio Nazional Zientifikoaren eskutik..

AAASri buruz

Zientziaren Aurrerapenerako Estatu Batuetako Elkartea 1848an sortua zen. Munduko zientzia-elkarte nagusi handiena da, eta Science aldizkaria bezalako komunikabide espezializatuak argitaratzen ditu, besteak beste. 250 elkarte eta zientzia akademia afiliatu baino gehiago biltzen ditu, 10 milioi pertsonen beharrez arduratuz. Irabazi-asmorik gabeko erakundea denez, denentzat irekita dago, eta "zientzia sustatzeko eta gizartea zerbitzatzeko" eginkizuna betetzen du, politika zientifikoko, nazioarteko programetako, hezkuntza zientifikoko eta parte-hartze publikoko ekimenen bidez, besteak beste.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa-zentroa da, eta Donostian du egoitza, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu bazkideen artean.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067