BCBLko ikertzaileek esperientzia partekatu dute «Emakumeak Zientzian» ekimenean
(Donostia, 2022ko otsailaren –14a) .- Ezagutzen al duzu emakume zientzialaririk? Hala dela pentsatu nahiko genuke, baina erantzuna ezezkoa bada, datorren asteazkenean, otsailak 16, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeko ikertzaile-talde bat hori aldatzen saiatuko da «Emakumeak Zientzian» ekimenaren seigarren edizioko jarduera-programaren barruan. Proiektu hori, guztira, 17 euskal erakundek antolatu dute, zientziaren eta teknologiaren esparruan aukera-berdintasuna sustatzeko erronkarekin.
Zehazki, BCBLko lau ikertzailek harrera egingo diete Mungiako Larramendi Ikastola eskolako ikasleei, Donostiako zentroaren instalazioetan, eta haiekin partekatuko dituzte beren esperientzia eta ibilbide profesionalak.
Aurreikuspenen arabera, Simona Mancini, Marina Kalashnikova, Ileana Quiñones eta Amaia Carrion ikertzaileek beren lana zertan datzan eta beren lanbidean aurrera egiteko erronka nagusiak zein izan diren azalduko diete ikasleei.
Gainera, bisitan zehar, ikasleek gertutik ezagutuko dituzte BCBLren ekipamendu eta laborategi neurozientifikoak, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen dituen erakundea.
«Emakumeak Zientzian» ekimenaren seigarren edizioko jarduera-programaren barruan kokatzen den jarduera honen helburua da emakumeek zientziari eta teknologiari egiten dieten ekarpena ikusaraztea, emakume erreferenteak sortzea eta nesken eta nerabeen artean karrera zientifikoen aukeraketa sustatzea.
«Zientzia bada nesken kontua»" esloganaz, 17 euskal erakundek, BCBL barne, bat egin dute aurten EHUk sustatutako ekimenarekin. Ekimen horrek tailer esperimentalak, hitzaldiak, mahai-inguruak, jolasak, eskola-bisitak eta antzezlanak eskaintzen ditu.
Programa otsailaren 11n hasi zen, Emakume eta Neskaren Nazioarteko Zientzia-eguna zela eta, eta hilaren 18ra arte iraungo du.
«Emakumeak Zientzian» ekimenari buruz
«Emakumeak Zientzian» proiektuak Euskadiko esparru zientifiko-teknologikoko erakundeak batzen ditu, emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze osoa eta bidezkoa izan dezaten.
Hori lortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC), Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioaren (FECYT), Ikerketaren Estatuko Agentziaren, Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen, Euskadiko Filmategiaren, Donostiako Zinemaldiaren eta Aspegiren (Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkartearen) laguntza duen jarduera-programa zabala sustatu, antolatu, garatu, aurkeztu eta gauzatzen du.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketazentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Marta Berard
606 143 250