Itzuli Prentsa-oharrak: Bi zientzia-elkarte entzutetsuk BCBLren ikerketa-talentua aintzatetsi dute

2024/10/22
  • Manuel Carreiras, Donostiako zentroko zuzendari zientifikoa, bere ibilbideagatik saritua izango da Society for the Neurobiology of Language (SNL) elkartearen eskutik
  • Garikoitz Lerma-Usabiagak, bere aldetik, Psikologia Esperimentaleko Espainiako Elkartearen (SEPEX) saria jasoko du ikerketa-talentu emergenteari
  • Sari hauen banaketa aste honetan bi erakundeek ospatuko dituzten kongresuetan  izango da Australian eta Almerian, BCBLren agerpen nabariarekin

 

(Donostian, 2024ko urriaren 22an).- Aste honetan, izen handiko bi zientzia-elkartek  Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroaren talentua eta ikerketa neurozientifikoari egiten dion ekarpen nabaria aintzatetsiko dute.

Batetik, zentro donostiarrean zuzendari zientifikoa den Manuel Carreirasek, hizkuntzaren jabekuntzarekin lotutako garunaren mekanismoen azterketan espezializatua, Society for the Neurobiology of Language (SNL) elkartearen eskutik saria jasoko du bere ibilbidearen aintzatespen gisa.

Distinguished Career Award hizkuntzaren neurobiologiaren alorrean 15 urteko gutxieneko eskarmentua duten eta arlo zientifiko honetan eginkizun teoriko zein enpiriko garrantzitsua izan duten pertsonei zuzendutako urtean behingo saria da.

2024ko SNL Meeting kongresua, aurtengoan urriaren 24 eta 26 artean Brisbanen (Australian) ospatuko dena, sari honen banaketarekin amaituko da. Carreirasek esku hartuko duen ekitaldi honetan, Arturo Hernández eta Simona Mancinik parte hartuko dute, Houstongo Unibertsitateko Elebitasunaren Oinarri Neuronalen Laborategiko zuzendaria eta BCBLko Neurolinguistika eta Afasia taldeko buru den Ikerbasque ikertzailea, hurrenez hurren.

Carreirasek, Ikerbasque irakasle, University College of London-eko (UCL) ohorezko irakasle eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) itzal handiko irakasle denak, BCBLren sorreratik bertako jarduera zientifikoa lideratzen du, psikolinguistika, neuroirudi, irakurmen, dislexia eta elebitasunari arreta berezia eskainiz.

Zenbait elkarte akademikotan duen parte-hartzeak, SNL-n esaterako, eta Max Planck Psikolinguistika Institutuko Nazioarteko Aholkularitza Batzorde Zientifikoan duen paperak nabarmentzen dute zientzialari kognitiboen hurrengo belaunaldia formatzeko duen konpromisoa.

Sari horrezaz gainera, beste batzuk ere jaso izan ditu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte eta Giza Zientzien Ikerkuntzako Euskadi Saria edo Espainiako Gizarte Zientziak Sari Nazionala.

Halaber, Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) eskutik, Advanced Grant beka prestigiotsua ere birritan erdietsi du. Azkena aurten, 2024an, jaso du eta bere proiektu berria finantzatzeko erabiliko du: neuroatzeraelikadura baliatuz, hizketaren monitorizazioak denbora errealean hizkuntzaren funtzioak nola hobetu ditzakeen ulertzea xede duen ikerketa.

Talentu emergentea

Bestetik, BCBLko Ikerbasque ikertzailea den Garikoitz Lerma-Usabiagak ikerketa-talentu emergenteari saria jasoko du aste honetan Psikologia Esperimentaleko Espainiako Elkartearen (SEPEX) eskutik.

Batzorde ebaluatzaileak Lerma-Usabiagaren karrera zientifiko arrakastatsua nabarmendu du bere doktoretza burutu zuenetik, lehen mailako aldizkarietan artikuluak argitaratu ez ezik, psikologia esperimentalean eragin esanguratsua izan duena.

Nazioarte mailako ospe eta entzute handiko talde zientifikoekin lankidetzan aritzeaz gain, mundu osoko konferentzietan agerpen handia izan du eta kode irekiko neuroirudi software paketeak garatu ditu, zientzia-komunitateari ikerketarako bide berriak irekiz.

Bi urtetik behingo SEPEX kongresuaren esparruan ospatuko da sari banaketa, urriaren 23 eta 25 bitartean Almeriako Unibertsitatean jazoko dena. Bestalde, asteazken honetan 18:30ean ikertzaileak ekitaldiko mintzaldi nagusietako bat aurkezteko parada izango du, irakurmen eta ikusmenean erresonantzia magnetikoaren metrika fidagarriak kuantifikatzearen ingurukoa.

BCBLren agerpen nabaria

Carreiras eta Lerma-Usabiagaren aintzatespenak gailentzen dira bi hitzorduotan BCBLko ikertzaileek izango duten agerpen nabarmenean.

SNL Meeting ekitaldiaren 16. edizio honetan, zentroak iktusa pairatu duten pertsonen hizkuntzaren ulermena eta ekoizpenaren ikerketarekin loturiko aurrerabideak aurkeztuko ditu batik bat.

Esaterako, Nicoletta Biondo ikertzaileak «Teoria linguistikotik psikolinguistikara iktusen ondorengo ulermen urritasunen ebaluazioan» izena hartzen duen hitzaldia emango du. Mintzaldi honen bidez, afasiaren diagnosirako eta gaitasun gramatikalak ebaluatzeko tresna hobeak garatzen laguntzeko ikuspuntu berria eskainiko du.

Bien bitartean, BCBLko lantaldeak irekitako ikerlerro ezberdinekin loturiko hainbat aurkezpen egingo ditu SEPEX 2024 kongresuan, besteak beste, musika-esperientziak jarduera kortikalean duen eragina, espainiar zeinu-hizkuntza edo elebitasunaren gainekoak.

 

SNLri buruz

 

Society for the Neurobiology of Language (SNL) Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalek finantzatutako irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakundea da, 2010ean sortua. Erakundearen xedea zera da: hizkuntzaren oinarri neurobiologikoak ulertzeko aurrepapausoak sustatzea diziplinarteko ideia-trukearen bidez.

Bere helburuen artean ikuspuntu eta metodologia ezberdinak darabiltzaten zientzialariak biltzea da, hizkuntza eta honekin lotutako sistemak aztertze aldera. Hori lortzeko, urtero SNL Meeting deritzon topaketa ospatzen du.

SEPEXi buruz

Psikologia Esperimentaleko Espainiako Elkartea estatuko unibertsitate ezberdinetako 16 ikertzaileren hitzarmenaren ondorioz sortu zen 1997ko uztailaren 1ean Almerian. 2014. urteaz geroztik, bi urterik behin SEPEX kongresua antolatzen du erakundeak, psikologia esperimentaleko alor orotako azken lan zientifikoak aurkezteko xedearekin.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa

zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067