(Donostian, 2023ko ekainak 27).- Iktusa munduko bigarren heriotza arrazoia da (lehena emakumeen kasuan) eta, ezgaitasunari dagokionez, lehen arrazoia. Bestalde, gaixotasun neurologikoek dakarten ospitalizazioen % 70 arrazoi honengatik jazotzen dira. Hortaz, paziente hauengan eragindako efektuen eboluzioa ezagutzea ezinbestekoa da tratamendu eta errehabilitazio prozesu zehatz eta eraginkorragoak erdiesteko.
Testuinguru honen barruan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzua, Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroa buru dituen ikerlan honen bitartez, iktusa jasan duten pazienteen gaitasun linguistiko eta kognitiboak monitorizatzen dituzte susperraldiaren lehen sei hilabeteetan.
Pertsona lagin handi batean, hizkuntza berreskuratzeko garaian, arreta, oroimena edo arrazoitzeko gaitasuna bezalako funtzio kognitiboen eginkizuna zehaztea da helburua. Proiektuak, batez ere, elkarrekintza hau egonkorra den edo, aitzitik, prozesuan zehar aldakorra den jakitea du xede.
«Hiru fase ezberdinetan behatzen ditugu persona hauek. Lehen hilabetean zehar, funtzio linguistiko zein kognitiboak berreskura daitezke, berez jazotzen diren prozesu neurofisiologikoei esker eta faktore ezberdinen arabera (esaterako, garuneko lesioaren tokia eta hedadura). Denborak aurrera egin ahala, ordea, errekuperazioa mantsoago doa eta ez da horren nabaria», azaldu du Simona Mancini BCBLko ikerlariak.
Lau ebaluazio sei hilabetetan
Proiektuan zehar, Biocruces Bizkaiako ikerlariek azterlanean parte hartzeko aukera eskaintzen diete iktusaren ondorioz ospitaleratzen dituzten pazienteei.
Ondoren, BCBLko taldeak hizkuntza, oroimena, arreta eta arrazoitzeko gaitasunarekin lotutako jokabide proba motzak egiten dizkie pazienteei. Honek oso fase goiztiarretan ebaluatzea ahalbidetzen du, oraindik neurologia zerbitzuan daudela.
Orotara, sei hilabetetan zehar lau aldiz ebaluatzen zaie: iktusaren ondorengo astean, hilabete beranduago, hiru hilabete ondoren eta, azkenik, sei hilabetera. Jarraipen saioak Biocruces Bizkaia Institutuan zein partaidearen etxean jazo daitezke.
Gerora, bi taldeek elkarlanean, datu klinikoak eta proben emaitzak analizatu eta interpretatzen dituzte parte-hartzaileen gaitasun linguistiko eta kognitiboak neurtzeko helburuz.
«Ikerlanerako iktusa eskuineko hemisferioan, funtzio orokorrekin lotua normalean, pairatu duten pertsonak, zein ezkerrekoan, hizkuntza funtzioekin lotua arrunki, jasan duten pertsonak biltzen ari gara. Gaur artean ehun paziente baino gehiagok eman dute baimena eta kopurua handitzea espero dugu», gaineratu du Mancinik.
Esku-hartzerako area berriak identifikatzea
BCBL eta Biocruces Bizkaiaren eskutik sortutako proiektuaren emaitzak lagungarriak izan daitezke iktusa eta gero hizkuntza nahasmenduaren diagnosia egin zaien pertsonentzako esku-hartze area berriak identifikatzeko.
«Egun, iktusa izan duen norbaiti hizkuntza nahasmendu bat diagnostikatzen zaionean, litekeena da bere errehabilitazioak hizkuntza gaitasunak izatea ardatz nagusi gisa. Ikerketak, ostera, susperraldian beste alderdi kognitibo batzuei ere garrantzia ematen lagun dezake», azaldu du bere aldetik Biocruces Bizkaiako María del Mar Freijo doktoreak.
Esaterako, hizkuntzaren ulermena eta arrazoitzeko gaitasunaren artean lotura estua egonez gero, honek errehabilitazio zabalagoa proposatzea ahalbidetuko luke, bi alderdietan jarriz fokua hizkuntza alterazioak dituen pazientearen kasuan.
Honi esker, espero da iktusa jasaten duten pazienteen pronostikoa hobetzea, errehabilitazio tratamenduetarako ikuspegi berrien laguntzaz. Baliteke datozen urteetan osasun arazo honen intzidentzia igotzea.
«Adina aurrera dihoan ahala, iktusa pairatzeko aukera handituz doa. Biztanleriaren zahartzearen inguruko datuen arabera, 2035. urterako kasuak % 34 arte igotzea aurreikusten da», zehaztu du Freijo doktoreak.
Ekimena, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Karlos III.a Osasun Institutuko RICORS-Ictus Sarearen barruan, Euskadiko ikerketa talde batek sustatutako ikerketetako bat da, Biocucres Bizkaia, BCBL, Achucarro Institutua eta CIC BIOmagunek osatua.
Biocruces Bizkaiaren inguruan
Biocruces Bizkaia, euskal osasun sistema barruan dagoen Bizkaiko Osasun Ikerketa Institutua da, milioia gainditzen duen biztanleriak osaturiko erreferentzia area izanik. Bere lanak translazio-ikerketa eta osasun berrikuntzaren ikerketa ditu ardatz. Eskualde zein estatu mailan erreferente izanik, nazioarteko inpaktu handiko proiektuen buru eta talentu kliniko, ikertzaile eta berritzaileen erakargune da.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketazentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia etaikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067