Itzuli Prentsa-oharrak: Bularreko minbiziari loturiko narriadura kognitibo arinaren biomarkatzaileak identifikatzeko ikerketa berria

2023/2/13
  • BCBLk, Onkologikoa-Biodonostia Fundazioarekin lankidetzan, gaixotasunaren maila kognitiboko albo-ondorioekin loturik dauden markatzaileak aurkitzeko proiektu bat gidatzen du
  • Eskuratutako ezagutzek neurrira egokitu eta defizit zehatzetan oinarritutako esku-hartzeak diseinatu eta ondorioak saihesten lagun lezakete
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du ekimena, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen bidez (GipuzkoaNext)

(Donostia, 2023ko otsailaren XXa).- Espainiako Onkologia Medikoko Elkarteak (SEOM) bularreko minbizia diagnostikatu zaien emakumeen biziraupenari buruz emandako azken datuak positiboak diren arren, gaixotasunari loturiko narriadura kognitibo arinak pazienteen % 75i prozesu onkologikoaren uneren batean ere eragin diezaiekeela uste da.

Narriadura horrek, zientifikoki CRCI (Cancer Related Cognitive Impairment) deritzotena, zailtasun handiak dakarzkie emakumezko pazienteei bai profesionalki, bai etxeko zein aisialdiko jarduerei dagokienez, euren bizi-kalitatea murriztuz.

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) euskal zentroak, Onkologikoa-Biodonostia Fundazioarekin elkarlanean, MultiModalCRCI proiektua aurrera darama bularreko minbiziaren inguruko narriadura kognitibo hori diagnostikatu, prebenitu eta monitorizatzeko estrategiak garatzen lagunduko duten biomarkatzaileak identifikatzeko erronkari aurre egiteko xedez.

«Paziente bakoitzak bere defizit kognitiboei buruz duen pertzepzioa eta ebaluazio kognitiboaren emaitzak ez datoz beti bat. Askotan, nahiz eta emaitza neuropsikologikoak normaltasunaren barruan egon, eragin handia ikusten da pazienteen kognizio zein eguneroko bizitzan, eta horrek eragozten die minbizi diagnostikoaren aurretik bezala moldatzea», azpimarratu du BCBLko ikertzaile eta proiektuaren buru den Manuela Ruzzoli doktoreak.

CRCIrekin erlazionatutako markatzaile neuralak identifikatzeko erronkarekin, BCBLko taldeak, Onkologikoa-Biodonostia Fundazioarekin lankidetzan, bi azterlan eramango ditu aurrera sendatze eta tratamendu onkologikoko fase ezberdinetako emakumeekin: alde batetik, kimioterapia bidezko tratamendua hastear dagoen emakume-talde bat eta, bestetik, kimioterapia-tratamendua gainditu eta biziraute-fasean dagoen beste talde bat, minbizi-diagnostikorik gabeko kontrol-talde batez gain.

«Proiektuaren alderdirik berritzaileena talde guztiekin darabilgun elektroentzefalografia, erresonantzia magnetikoa eta proba neuropsikologikoen konbinazioa da. Ondoren, emaitzak alderatuko ditugu minbizia duten pazienteen egoera kognitiboa aztertzeko prozesu onkologikoaren etapa desberdinetan», azaldu du Ruzzoli doktoreak.

Azterlan honetan parte hartzen duten ikertzaileen arabera, eskuratutako ezagutzek berebiziko garrantzia izango dute paziente bakoitzari egokitutako eta defizit kognitibo zehatzetan oinarritutako esku-hartze estrategiak diseinatzen lagunduko duten biomarkatzaileak identifikatzeko; horrez gain, pazienteak minbiziaren aurreko lan-, gizarte- eta familia-bizitzara itzultzen direnean ondorioak prebenitzeko ere oso baliagarria izango da.

 

Ikuspegi linguistikoa

Gainera, BCBLko ikerketara bularreko minbiziaren eragina jasaten duen —eta orain arte nazioarteko ikerketa nagusiek aintzat hartu ez duten— funtzio kognitiboaren ikuspegia gehitu da: hizkuntzaren prozesamenduak, alegia.

«Hizkuntza da giza-ahalmenik nabarmenena, gizarteratzen laguntzen diguna. Arlo honetan dugun esperientzia zein ezagutza baliatuko ditugu azterlanari hizkuntza-ikuspegia eransteko» gaineratu du BCBLko adituak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du ekimena, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen bidez (GipuzkoaNext). Urtebeteko iraupena izango du, eta ikerketa-ildo berriei ateak ireki ahal izango dizkie, lagin zabalago eta epe luzeko jarraipena izango duten azterlan berriak diseinatzeko helburuarekin.

«Etorkizunean, Onkologikoa-Biodonostia Fundazioarekiko lankidetzak bermatuko digu emaitzek konponbideak ekartzea, hala nola erabaki klinikoetan laguntzeko sistema bat edo biomarkatzaile digitalak, esku-hartzeen onura neurtu ahal izateko pazientearen neke mentalaren adierazleen bidez» Ruzzoli doktoreak ondorioztatu duenez.

Ikerketa hori bultzatzeko, BCBL zentroa Donostian eta inguruetan bizi diren minbizi-diagnostikorik gabeko emakumeen bila dabil. Eskaerak honako helbide elektronikora bidal daitezke: participación@bcbl.eu edo WhatsApp bidez 664 484 366.

 

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

 

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067