Itzuli Prentsa-oharrak: Deskubritu adimenaren «superbotereak» 2022ko Burmuinaren Astean

2022/3/15
  • BCBL ikerketa-zentroak nerbio-sistemaren organo zentralari eskainitako ekitaldia antolatu du martxoaren 15etik 20ra, non publiko guztientzako tailerrak zein hitzaldiak eskainiko diren
  • Pandemiaren murrizketek markatutako 2021eko edizioaren ondoren, garuneko bitxikeriak modu didaktiko eta dibertigarrian deskubritzera gonbidatzen duten jarduerak itzuliko dira Donostiako Eureka! Museora formatu presentzialean
  • Familia osoarentzako jolasez gain, BCBLko ikerlariek haurtxoek hizkuntza garatu arte egiten dituzten urratsei edo garuneko jarduerak har ditzakeen funtzio superheroikoei buruz hitz egingo dute jardunaldietan

 

(Donostia, 2022ko martxoaren 15a).- Ba al dugu gizakiok superbotere mentalik? Gure burmuina gai al da lege espazio-tenporalei aurre egiteko? Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak galdera horiei eta beste batzuei erantzungo die Burmuinaren Astean, nerbio-sistemaren organo zentralaren funtzionamenduari buruzko informazio zientifikoa publiko guztiei hurbiltzeko xedea duen ekimena.

Martxoaren 15etik (asteartea) 20ra (igandea), BCBLk tailer eta hitzaldi ugari prestatu ditu, gure gorputzeko organo garrantzitsuenetako baten alderdi ezezagunenak modu didaktiko eta dibertigarrian ezagutarazteko.

Horrela, COVID-19aren pandemiaren murrizketek markatutako 2021eko azken edizioaren ondoren, 2022ko Burmuinaren Asteko jarduerak berriro ere formatu presentzialean eskainiko dira Donostiako Eureka! Museoan.

Jarduera horien artean, bereziki aipagarriak dira hilaren 19an (larunbata) eta 20an (igandea) publiko guztiei zuzenduta dauden hitzaldiak.

Alde batetik, BCBLko Hizkuntzaren Neurobiologia ikerketa-taldeko zientzialaria den Ileana Quiñonesek «superbotereen jatorria» hitzaldia eskainiko du gaztelaniaz, igandean, hilak 20, 12:30ean. Bertan, garuneko neuroplastikotasunaren gakoak azalduko ditu, baita burmuinak nola egiten dien aurre lege espazio-tenporalei gure bizitzaren ibilbidea aldatzeko helburuarekin.

Bestalde, BCBLko Haur-Hizkuntza eta Kognizioa ikerketa-taldeko Laura Fernández-Merino (larunbata 19, 18:00etan, gaztelaniaz) eta Irene Arrieta (igandea 20, 18:00etan, euskaraz) ikerlariek haurtxoek hizkuntza garatu arte egiten dituzten urratsen berri emango dietebertaratzen direnei. Saio honetan, gure hizkuntza edota hizkuntza bat baino gehiago ikasten dugunean gure burmuinean zer gertatzen den aztertuko dugu.

Horrez gain, asteburuko hitzaldietan familia osoarentzako taillerak izango dira, euskaraz zein gaztelaniaz 11:00etatik aurrera. Tailer guztietan, gainera, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten duen begiraleren bat egongo da. Egitaraua eta sarreren salmentari buruzko informazio guztia eskuragarri dago Museo Eureka!-ren webgunean.

Ikastetxeentzako jarduerak

Gainera, Burmuinaren Astearen barruan, martxoaren 15, 16 eta 17an, ikastetxe eta adin-talde askotariko ikasleentzat hainbat jarduera antolatu ditu BCBLk.

Etorkizuneko zientzialari izango diren haurtxoentzat pentsatutako tailerrak dira, eta garunaren funtzionamendua zein egitura irakastea dute helburu, jarduera hezigarri eta dibertigarrien bidez: adibidez, gizaki eta animalien garunak alderatzea, neuronak zer diren deskubritzea edo garunaren inguruko hainbat mito desestaltzea.

Doako jarduera horietarako plazak beteta daude, eta burbuila-taldetan egingo dira, txandaka, 9:50ean eta 11:15ean, Eureka Museoan.

 

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.