Itzuli Prentsa-oharrak: Dislexia garuneko konexioetatik ulertzea

2021/10/7
  • BCBLk, Dysthal proiektuan, talamoaren eta horrek garun-azalarekin dituen konexioen eragina ikertzen du. Irakurketan eta irakurketarekin lotutako nahasmenduetan (hala nola, dislexia) behatzen dute eragin hori.
  • Proiektuan bolondres gisa parte hartzeko aukera dago, horretarako, interesa duten familiak harremanetan jarri daitezke BCBLrekin e-mail honen bitartez: dysthal@bcbl.eus.
  • Bihar Dislexiaren Nazioarteko Eguna izango da. Herritarren % 5-10i eragiten dio ikasketa-zailtasun horrek.

(Donostian, 2021eko urriaren 7an). Dislexia jatorri neurologikoko ikasketa nahasmendua da. Funtsean, irakurketa-zailtasun bat bezala agertzen da, eta pertsonen % 5-10i eragiten diola kalkulatzen da.  Nahasmendu hori diagnostikatzeak eta goiz esku hartzeak irakurketa-zailtasunak gutxitzen eta eragin psikosoziala murrizten lagundu dezake.

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak, dislexia aztertzen adituak, Dysthal proiektuan egiten du lan 2019tik. Ekimen horrek adin txikiengan talamoaren eta talamoak kortex zerebralarekin dituen konexioen eragina ikertzen du irakurketa-prozesu tipikoetan –estatistikoki ohikoenak– bai eta irakurketa-prozesu atipikoetan ere –irakurketa-estrategia ezohikoak–. Azken horien barnean daude dislexia gisako ikasketa-zailtasun espezifikoak.

Proiektuaren helburuetako bat da diagnosi goiztiarreko programen diseinuan eta irakurketa-zailtasunen tratamenduan aurrerakuntzak egitea.

Kepa Paz Alonso BCBLko ikerlariak azaltzen du “ikerlanean, dislexiadun irakurleez gain, irakurle arrunten beste bi talde gehitu ditugu: dislexiadun taldearen adin berdintsuko talde bat eta antzeko irakurketa-gaitasuna duen beste bat. Hala, haien artean sortzen diren desberdintasunak ulertu ditzakegu eta prozesu neurobiologikoak bereizi ahal ditugu irakurlearen adinaren eta esperientziaren arabera”.

Dysthal azterlaneko ikerlariek, zehazki, teknika ez inbaditzaileak eta erresonantzia magnetikoa erabiltzen dituzte. Xedea da argitzea talamoaren eta kortexaren arteko konexioen funtzioak zein neurritan azaltzen dituen orain arte zientzia-munduak ontzat eman dituen hipotesi nagusiak dislexiaren kausari buruz eta lortutako froga zientifikoak.

“Gaur egun, neuroirudi teknikei esker, badakigu ezberdintasunak daudela garun-aldetan eta sare zerebraletan irakurle tipiko eta irakurle atipikoak alderatuta. Hainbat ikerlan esanguratsuk erakutsi dute ezberdintasunak antzematen direla nukleo talamiko batzuen parte hartzean, kortex parietaleko zonaldetan eta prozesamendu-area sentsorial eta motoretan (adibidez: ikusmen-kortexa, entzumen-kortexa eta zerebeloa). Beste ikerketa zehatzago batzuetan efektuak ikusi dituzte kortex-prefrontaleko zenbait aldetan ere. Interesgarriena da garuneko alde horiek guztiek konexioak dituztela talamoko hainbat nukleorekin, eta konexio horiek dira, hain zuzen ere,  ikertzen ari garena proiektuan”, adierazi du BCBLko adituak.

Hainbat fasetako ikerketa

Dysthal proiektua 9-16 urteko 900 ume elebidunen irakurketa prozesuei eta estrategiei buruzko ikerketarekin hasi zen. Partaide horiekin irakurketa eta irakurle moten sailkapena egin zuten. Orain, BCBLk ikerketako zatirik funtsezkoena jarri du martxan: dislexiarekin lotutako irakurketaren hainbat alderdi eta horrek patroi zerebral batzuekin duen erlazioa, adibidez, ezagutuko dute ordenagailuan jolas batzuk eginez lortutako datuen bidez.

Oraingoz, 60 partaidek baino gehiagok BCBLko instalazioak bisitatu ditu bigarren faseko informazio bilketan parte hartzeko. Horren harira, ariketa batzuk egin dituzte ordenagailuan edo tabletan, eta erresonantzia magnetikoko saioa ere egin dute garuneko egitura eta funtzionamenduari buruzko datuak eskuratzeko.

Datozen hilabeteetan,  Dysthaleko taldea datu gehiago biltzen arituko da bai eskoletan bai eta bere instalazioetan ere, Gipuzkoako irakurketa-gaitasunaren egoera ezagutzeko xedearekin. Halaber, gaitasun horien arteko ezberdintasunak eta garun korrelatiboen ezberdintasunak ere aztertuko dituzte irakurketa-zailtasunik gabeko haurrengan eta halako zailtasunen bat dutenengan.

Emaitzek lagundu dezakete diagnosi eta esku-hartze tresnak diseinatzen dislexia moduko irakurketa arazoetara gehiago egokituta. Hori dela eta, BCBLtik haurrak eta beren familiak ikerketan parte hartzera animatzen dituzte. Proiektuan parte hartzeko interesa duten familiak harremanetan jarri daitezke BCBLrekin dysthal@bcbl.eus e-mailaren bitartez.

Dysthal proiektuak bat egiten du BCBLk dislexiaren alorrean aurrera eraman dituen ikerketa-ekimen ugariekin. Bihar izango da, hain zuzen ere, Dislexiaren Nazioarteko Eguna, nahasmendu horrekiko gizarte-sentsibilizazioa zabaltzeko xedearekin.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzeko diziplina arteko ikerketa-zentro internazionala da, eta egoitza Donostian du. Eusko Jaurlaritzak sustatu du, Euskadin zientzia eta ikerketa bultzatzeko helburuarekin. Gainera, kideen artean Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Marta Berard

606 143 250

marta@guk.es