Itzuli Prentsa-oharrak: Errepikatu nirekin batera: batzuetan, hitz berriak ikasteko hobe da entzutea

2022/12/14
  • BCBLko ikerketa zientifiko batek ondorioztatu du hitz berriak ozenki errepikatzea ez dela beti ikasteko teknikarik onena
  • 300 boluntario baino gehiagori egindako esperimentuen arabera, entzute hutsa, edo hitza esan aurretik segundo gutxiko etenaldia, eraginkorragoa izan daiteke gure garunean hiztegi berria finkatzeko
  • Language, Cognition and Neuroscience aldizkarian argitaratutako emaitzek hezkuntza-programa efizienteagoak garatzen lagun dezakete

 

(Donostia, 2022ko abenduaren 14a).- Norbaitek kontzeptu edo pertsona baten izena lehen aldiz entzuten duenean, ikasteko formularik zabalduena hitz hori ozenki errepikatzea da. Hala ere, ia aldibereko ekoizpen horrek termino berriak ikasteko gaitasunean dituen ondorioak kontraesankorrak izan dira orain arte egindako azterketetan.

Ildo horretan, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikerketa berri batek ondorioztatu du hiztegi berria eskuratzeko hitzak errepikatzean datzan metodo horrek eragin kaltegarria izan dezakeela ikaskuntzan, batez ere segituan egiten bada; hitz hori bera entzuteak edo hitza aditu eta ekoiztearen artean etenaldi bat egiteak, berriz, ikasketa-prozesuan lagun lezake.

Ondorio horretara iristeko, BCBLko adituek 300 boluntario baino gehiagorengan aztertu dituzte hizkuntzaren prozesamenduan parte hartzen duten mekanismo kognitiboak, gure lexiko mentalean finkatu berri den hitz bat antzemateko gaitasunean arreta berezia jarriz. 

«Azterlan honen bidez neurtu duguna zera da: hitz berri bat berehala eta ozenki errepikatu edo ez errepikatzeak ikaskuntzan duen eragina; hau da, zein den ikasketa-teknika horren efektua entzun berri dugun kontzeptu bat gure lexiko-sisteman finkatzeko, eta, ondoren, hitz hori ezagutzeko gaitasunean», azpimarratu du BCBLko proiektu honen buru den Efthymia Kapnoula ikertzaileak.

Entrenamendu-saioak

BCBLko ikertzaileei azterlan hau aurrera eramateko beharrezko datuak lortzen ahalbidetu dieten parte-hartzaileei hainbat proba eta entrenamendu-saio egin zaizkie, hitz ezezagun bat ikasteko modurik onena zein den egiaztatzeko xedez.

Horrela, proiektuaren lehen fasean, eye-tracking teknika baliatu zen denbora errealean behatzeko ea aurrez ikasi eta entzundako hitz bat errepikatu edo ez errepikatzeak ondorio kaltegarri ala onuragarriak zituen termino hori hiztegi-sistema mentalean finkatzerakoan.

«Lehen esperimentu honi esker jakin genuen errepikapenak ondorio positibo arina zuela hasieran, baina inpaktu negatiboa azkenean», gehitu du Kapnoulak.

Bitartean, bigarren fasean, ikertzaileek hitz luzeagoak erabili zituzten entrenamenduan, eta, ondoren, zenbait soinu aldatu, hala nola, «s» hizkia «f» hizkiarengatik. Horren helburua zera testatzea zen: parte-hartzaileen mekanismo kognitiboen gaitasuna, hitza eskuratzeko ez ezik, hizketaren soinu-hautematea birkalibratzeko, hitz zuzena ezagutzeko helburuarekin.

Bigarren entrenamendu horretan, gainera, boluntarioak lau taldetan banatu ziren: batzuek hitza entzun besterik ez zuten egin behar hura ikasteko, beste batzuek hitza errepikatu entzun bezain laster, beste talde bateko partaideek hitza errepikatu hau entzun eta bi segundora, eta azkeneko taldeak hitza errepikatu behar zuen lau segundo igaro ostean.

BCBLko adituen arabera, formula desberdin horiek honako hau zehazten lagundu zuten: estimulu gisa erabilitako hitzak errepikatzearen eragin kaltegarria hitzaren ekoizpen eta garun-kodifikazioaren arteko denboraren gainjartzearen ondorio dela.

«Pertsona batek hitz bat entzun eta berehala errepikatzen duenean, baliabide kognitiboak erabiltzen ditu ekoizpena prestatzeko, hitz hori sakonki kodetzeko erabili ezin dituenak. Aitzitik, ekoizpena segundo batzuk atzeratzen bada, gainjartze hori saihesten da, eta ikaskuntza eta kodetze sakonagoa lortzen laguntzen du horrek», azaldu du BCBLko ikertzaileak.

Language, Cognition and Neuroscience aldizkarian argitaratutako emaitzek, hitzen ikaskuntzan parte hartzen duten mekanismo kognitiboen inguruko ezagutza areagotzeaz gain, hezkuntza-programa eraginkorragoak garatzen ere lagun lezakete.

«Mekanismo kognitibo horiek ulertzeak irakats diezaguke errepikapena modu eraginkorragoan erabiltzen hezkuntza-testuinguruetan. Adibidez, irakasleek beren ikasleak animatu ditzakete lehen aldiz aditutako hitz bat errepikatzera; baina,  horren ondoren, ikaskuntza-prozesuak gehiago bideratu beharko lirateke entzutera, eta ez ekoizpen fisikora», Kapnoulak ondorioztatu duenez.

Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatuta, BCBLren proiektuak ikerketa ildo berriak ireki litzake etorkizunean, hitzen entzute eta ekoizpenaren arteko etenaldia luzatzeak –adibidez, egun baterainokoa– ikasketan izan lezakeen eragina frogatzeko xedearekin.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067