Itzuli Prentsa-oharrak: Funtzio kognitiboak berreskuratzea ebakuntza neurokirurgikoen ondoren

2022/12/5
  • BCBLk, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta IIS Biocruces Bizkaiak Cognitive Neurosurgery Summit 2022 kongresua antolatu zuten abenduaren 2an Gurutzetan
  • Nazioarte mailako profesional zein adituek haien ezagutza eta esperientzia partekatu zituzten, bai esna dagoen pazientearen garuneko ebakuntzari buruzkoak, bai garuneko tumoreak dituzten pazienteen suspertze kognitiboarekin loturiko ikerketaren gainekoak
  • Euskal zentroak Presurgical Mapping proiektuaren bitartez erdietsitako emaitzak aurkeztu zituen, Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak finantzatua

(Donostia, 2022ko abenduak 5).- Gradu baxuko glioma izeneko garuneko minbizi mota hau 300.000 pertsona inguruk pairatzen dute urtero munduan. Paziente hauen bizi-kalitatea, neurri handi batean, gaitasun kognitiboak (hizkuntza, oroimena, arreta, etab.) mantentzearen menpe dago. Funtzio hauek erabat berreskuratzeak independetzia eta birgizarteratzea ahalbidetzen ditu.

Teknika kirurgiko berrien helburu nagusia, pazientea esna dagoen garuneko ebakuntza kasu, mintzamena edo hizkuntza bezalako funtzioak ez galtzean datza. Honenbestez, funtzio kognitiboak erabat mantendu eta berreskuratzea ahalbidetzen duten esku-hartzerako protokolo berriak ezinbestekoak dira. Gainera, ebakuntza barruko mapatzerako zein ebakuntza ondorengo neuroerrehabilitaziorako tekniketan protokolo hauen garapenak eragin zuzena du.

Europa mailako lankidetza proiektuen bitartez aipaturiko helburua erdiestea zen Cognitive Neurosurgery Summit 2022 kongresuaren xede nagusia, abenduaren 2an Gurutzetan (Bizkaia) Basque Center on Cognition, Brain and Language-eko (BCBL)Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko eta IIS Biocruces Bizkaiko ikerketa-taldearen eskutik ospatu zena.

Jardunaldian zehar, garuneko ebakuntza eta neurozientzien alorreko hainbat profesionalek haien ezagutza, esperientzia eta ikuspegi berriztatzaileak  erakutsi eta partekatu zituzten, bai gradu baxuko gliomarekin, bai pazienteen gaitasunak berreskuratzearekin loturiko ikerketaren gainean, hauen bizi-kalitatea eta epe luzerako biziraupena hobetzeko.

Foroa Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ospatu zen, diziplina eta aditu ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarreraginerako parada emanik.

Nazioarte mailako hizlarien artean, Hugges Duffau izeneko neurozirujau frantsesaren agerpena azpimarratzekoa da, ebakuntza mota honen aitzindarietako bat eta esna dagoen pazientearen garuneko ebakuntzaren ikuspegi iraultzailearen defendatzailea.

Halaber, bertan ezagutzera eman ziren emaitzak gradu baxuko gliometan aplikagarriak izateaz gain, garuneko beste tumore mota batzuetan ere izan lezakete eragina etorkizunean, esaterako, gradu altuko glioma, kabernoma edo anaplasietan. Gainera, bereziki nabarmendu zen glioma pairatzen duten pazienteen datuak partekatzea eta esku-hartze protokoloak bateratzea ahalbidetzen duen Europa mailako sarea sortzeko beharra.

«Bilera honen bitartez, Europa mailako gradu baxuko gliomen sarea finkatzea espero dugu eta, lankidetzaren ondorioz, pazienteen bizi-kalitatean eragina izango duten tresna klinikoak sortzea lortuz», azpimarratu du Ileana Quiñonesek, BCBLko Hizkuntzaren Neurobiologia taldeko doktoratu osteko ikerlariak.

BCBLren parte-hartzea

Agerpen nabarmena izan du BCBLk ekitaldian, proiektu ezberdinetan lortutako zenbait emaitza erakutsiz.

Alde batetik, esna dagoen pazientearen eskuineko hemisferioko funtzioen mapatzerako sorturiko ataza-multzoa erakutsi zuten, ahozkoa ez den adierazpenaren kontrolarekin lotutakoak adibidez.

Bestetik, Presurgical Mapping proiekturako zentroak garaturiko tresna konputazionalaren bitartez lortutako emaitzak erakutsi zituen Ileana Quiñones ikerlariak. Tresna hau baliatuz, glioma duten pazienteen suspertze kognitiboa aurresatea posible izango da, ebakuntza aurreko informazioaren bitartez.

«Tresna honi esker, aurreikusi ahal izango dugu pazientearen egoera kognitiboa zein izango den giza-kogniziorako garuneko funtsezko areak erauzi ondoren», azaldu du Quiñonesek.

Irtenbide hau Presurgical Mapping proiektuaren parte da, BCBL eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen lankidetzaren ondorioz sortu zena. Proiektua Euskadiko osasun zerbitzuetan diagnostikatzen diren gradu baxuko glioma kasu bakoitzari egokitutako laguntza-erantzuna ematen saiatzen da.

Proiektua Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatua izan da.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067