(Donostia - San Sebastián, 2021eko martxoak 9).- Irratia maiztasun jakin bat entzuteko igorgailuekin sintonizatzen den bezalaxe, gure garuna ere hizlariak igorritako soinu-uhinekin sinkronizatzeko gai da, informazio linguistikoa lortze aldera. Erabilitako hitz, silaba edo esaldien arabera aldatzen den garuneko mekanismo honek besteekin dugun elkarreragina eta komunikatzeko behar ditugun datuak erdiestea ahalbidetzen digu. Aitzitik, sinkronizazio hau hizkuntza horretan dugun gaitasunaren menpe dagoela jakin berri dugu.
Galdera honi erantzuteko helburuz, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak bost urtez martxan egon den ikerlana jarri zuen abian eta aurten, 2021. urtean, Cerebral Cortex aldizkari neurozientifiko ospetsuan argitaratu dira emaitzak. Bere xede nagusia hizketa eta garuneko jardueraren arteko sinkronizazioa hizkuntzaren ikasketa-mailaren mende dagoenetz jakitea izan da.
«Irratia, aukeratutako maiztasuna entzuteko, uhinekin sinkronizatzen den bezala, area auditiboetako neuronen aktibitateak, seinalearen informazioa lortzeko, hizketarekin sinkronizatzeko gaitasuna du» azaldu du BCBLko Mikel Lizarazu ikerlariak, proiektuan esku hartu duena.
Gure garunean hizketaren seinalearen eta hizlariaren hizkuntzaren ulermen-mailaren arteko sinkronizazioan loturarik zegoenetz jakiteko, euskal zentroak elebidun mota ezberdinen laguntzaz egin zuen ikerlana, hots, euskara BAI&BY euskaltegian maila ezberdinetan ikasten ari ziren eta ama hizkuntza gaztelania zuten elebidunak: batzuk hasiberriak, besteak maila ertainekoak eta azkenik maila aurreratukoak. Ikerlanaren arduradunak neuroirudi teknikak baliatuz hizketa eta garunaren arteko sinkronizazioa, bigarren hizkuntza baten ikasketa dela medio, nola aldatzen den analizatu zuten. Kasu honetan, euskara izan zen bigarren hizkuntza hori, gaztelaniarekin dituen antzekotasun fonologikoak direla eta.
«Partaideek euskara eta gaztelania entzuten zuten bitartean haien garunen jarduera erregistratu genuen magnetoentzefalografia (MEG) teknika erabiliz», gehitu du Mikel Lizarazuk.
Ahozko estimulu horiek aurretiaz grabatu genituen eta partaideek MEG bidezko proban bozgorailuetatik entzun zituzten.
«Hitz oro bi hizkuntzotan gaitasun handiak dituen hizlari bakar batek esanak ziren. Bi hizkuntzetan erabilitako tonua antzekoa izan dadin, oso garratzizkoa baita», azaldu du BCBLko ikerlariak.
Algoritmoen laguntza
Ikerlariek maila bakoitzeko 13 parte-hartzaileren garuneko datuak erdietsi zituzten. Ikasle orok, hizkuntza bakoitzean, hizketaren seinalearen eta garuneko jardueraren artean zuen sinkronizazio maila kalkulatu zuten algoritmo aurreratuak baliatuz. Ondoren, ikasleen sinkronizazio balioak alderatu zituzten hizkuntzen eta bakoitzaren ulermen-maila ezberdinen artean.
«Ikusi ahal izan genuenagatik, orokorrean, entzumen erregioetako sinkronizazio balioak handiagoak ziren gaztelaniaren kasuan. Horrez gain, euskararen kasuan maila aurreratuko ikasleetan sinkronizazioa handiagoa zela aurkitu genuen. Gaztelaniari dagokionez, ordea, ez genuen horrelako aldaketarik hauteman», gogoratu du adituak.
Honi esker ikerlariek honakoa aurkitu dute: bigarren hizkuntza baten ulermena, euskara kasu honetan, hizkuntza horretako hizketa-seinalea eta garuneko aktibitatearen arteko sinkronizazioarekin loturik dagoela.
«Partaideek euskaraz hitz egiten entzuten zutenean ezberdintasunak antzeman genituen. Hizkuntzaren gaitasuna igo ahala, garunak euskararekin egiten zuen sinrkronizazioa ere hobetzen zen», zehaztu du ikasiak.
Azkenik garuneko area tenporal, motor eta frontaleko erregioek hizketaren sinkronizazioa erregio auditiboetan kontrolatu eta modulatzen zutela aurkitu zuten.
«Erregio hauen eta entzumen kortexaren arteko konektagarritasuna handitzearekin batera, hizketa eta garunaren arteko sinkronizazioak ere gora egiten zuen erregio auditiboetan», azaldu du Mikel Lizarazuk.
Dislexia bezalako hizkuntza nahasmenduen kausa neurologikoak ulertzera iristeko, oinarrizkoa da hizkuntza baten prozesamendu eta ikasketan parte hartzen duten burmuineko mekanismoen funtzionamendua ezagutzea.
BCBLko talde honek eginiko beste ikerlan batzuek erakutsi dutenez, adibidez, dislexia pairatzen duten haur eta helduetan hizketa eta burmuineko jardueraren arteko sinkronizazio hori txikiagoa dela nahasmendua ez duten irakurleekin alderatuz gero.
Bestalde, jakintza hauek oso lagungarriak izan litezke garuna entrenatzeko hizkuntza baten ikasketan hobetzeko balio duten tratamendu ez-erasokorrak garatze aldera, baita horrelako nahasmenduak ekiditeko ere. Hori lortu ahal izateko, BCBL Neure euskal klinikarekin aktiboki elkarlanean dihardu, garapen zientifiko hauen ondorio izan daitezkeen ezagutzen zati bat gizarteari helarazteko asmoz
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC (Basque Excellence Research Center) zentroetako bat da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu kide.
Informazio gehiago behar izanez gero:
Marta Berard
606 143 250