Itzuli Prentsa-oharrak: Haur hizkuntzaren zientzia Donostian

2025/5/29
  • BCBLk WILD nazioarteko kongresuaren zazpigarren edizioa antolatuko du ekainaren 4tik 6ra Miramongo Parke Teknologikoan, mundu osoko unibertsitate, zentro eta adituen 100 lan zientifiko baino gehiagorekin.
  • Ingurune eta testuinguru sozioekonomiko ezberdinetako haurren hizkuntza-garapenaren ikerketa izango da gai nagusietako bat.
  • Donostiako zentroko ikertzaileek ere presentzia nabarmena izango dute, ahozko aurkezpenekin eta poster formatuekin.

 

(Donostia, 2025eko maiatzaren 29a).- Gizaki garen aldetik, jaiotzen garenetik hizkuntzaren eraginpean gaude. Hazten garen ingurunearen arabera, lehen hilabeteetan hizkuntza bat, bi edo gehiago entzun ditzakegu. Hizkuntza-jabetza goiztiar horrek interes zientifiko handia pizten du mundu osoan.

Horren erakusgarri da WILD (Workshop on Infantil Language Development) haurren hizkuntza-garapenari buruzko nazioarteko kongresuaren edizio berriaren egitaraua. Ekainaren 4tik 6ra bitartean, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) Donostiako ikerketa-zentroak antolatuko du kongresua.

Miramongo Parke Teknologikoa izango da WILDen zazpigarren ekitaldiaren egoitza, laugarrena Donostian, haurren hizkuntza-garapena aztertzen duten mundu osoko unibertsitate, zentro eta aditu zientifikoentzat erreferentzia bihurtu dena.

Ehun profesional baino gehiago elkartuko dira hizkuntza ezberdinen eskuratze goiztiarrarekin lotutako 109 lan zientifiko partekatzeko, posterrak aurkeztuz edo dibulgazio-hitzaldiak eskeiniz. Besteak beste, ingelesaren, alemanieraren, japonieraren, koreeraren, mandarineraren eta tribu indigenen, hala nola Boliviako behe-lurretako Tsimané biztanleriaren inguruan arituko dira.

Garapen tipikoa duten edo testuinguru elebakarrean hazten diren haurren hizkuntzaren garapen goiztiarrarekin zerikusia duten ikerketez gain, autismoa, dislexia edo Williams sindromea duten haurrengan ardaztutako ikerketak landuko dituzte WILDen aurkezpenetan; izan ere, egoera genetiko ez-ohiko horrek garapen edo ikasketa arazoak eragin ditzake, baita komunitate eleaniztunetan eta hainbat ingurune kultural eta sozioekonomikotan garatzen diren haurrengan ere.

“Azken 25 urteotan, neuroirudiaren arloko aurrerapen teknologikoei esker, diziplina arteko lankidetza berriekin konbinatuta, zientziak oztopo metodologiko eta kulturalak gainditu ditu beste testuinguru batzuetan haur-hizkera goiztiarraren garapena aztertzeko”, nabarmendu du Marina Kalashnikova Ikerbasqueko ikertzaileak, BCBLko “Haur-hizkuntza eta kognizioa” ikerketa-taldeko buruak.

Leher Singh, Marylandeko Unibertsitateko irakaslea; Emmanuel Dupoux, Parisko Normal Superior Eskolako Zientzia Kognitibo eta Psikolinguistikoen Laborategiko irakaslea; eta Cambridgeko Unibertsitateko Sarah Lloyd-Fox izango dira jardunaldi bakoitzeko hizlari nagusiak.

Lloyd-Foxen kasuan, BRIGHT (Brain Imaging for Global Health) lankidetza-proiektuaren esparruan egindako lanean oinarrituko da bere esku-hartzea. Afrikako haurren garuneko lehen irudiak eskaini dituen luzetarako ikerketa da BRIGHT.

Jaiotzatik 24 hilabete bete arte egin da proiektua, eta Gambiako eta Erresuma Batuko haurrek parte hartu dute, bi inguruneetan haurren adinerako garuneko funtzioen kurbak zehazteko. Helburua izan da haurren garapenean desnutrizioak, zailtasun sozialek, ingurumen-ondorioek, gaixotasun-arrisku handiagoak eta biziarekin lotutako beste arazo batzuek izan ditzaketen ondorioak ulertzea.

BCBLren txanda

WILD 2025 antolatzeaz gain, BCBLren lan zientifikoak ere presentzia nabarmena izango du kongresuko ahozko saioetan eta posterren aurkezpenetan.

Adibidez, BCBLren hitzaldietako bat Giulia Mornati, Irene Alonso Bustamante eta Marina Kalashnikova ikertzaileek haur elebidunetan elkarrizketa-txandak hartzeko prozesamenduaren inguruan egindako lanean oinarrituko da.

“Elkarrizketa-txandaren sinkronizazioa konplexua da, hiztunek solaskidearen txandaren amaiera iragarri behar baitute hizketa prozesatu eta erantzuna planifikatzen duten bitartean. Elebidunentzat erronka areagotu egiten da, txandarako gakoak bi hizkuntzatan ikasteaz gain, bi hizkuntzak nahastu egiten diren ingurune batean ere ikasi behar baitute”, azaldu du Marina Kalashnikovak.

Bestalde, Kalashnikovaren beste ikerketa bat ere aurkeztuko da WILDen, Laura Fernández-Merino eta Nicola Molinarorekin lankidetzan, haurrei zuzendutako hizketan oinarritua.

32 haur euskaldunek hartu dute parte 4 eta 9 hilabete zituztela luzetarako ikerketa honetan, eta egindako aurkikuntzek iradokitzen dute haurrei zuzendutako hizketaren propietate akustikoek hobetu egiten dutela hizketaren prozesamendua.

WILDen inguruan

WILD (Workshop on Infantil Language Development) ekitaldia 2013an hasi zen BCBLn, hizkuntzaren eskuratze goiztiarraren eta garapen kognitiboaren ikerketaren azken aurrerapenen berri emateko foro europar bat sortzeko helburuarekin. Bi urtean behin egiten den eta nazioarteko kongresu bihurtu den ekitaldia Donostian egiten da 4 urtean behin, eta Stockholmen (Suedia), Potsdamen (Alemania) eta Lisboan (Portugal) ere izan da, besteak beste.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian egoitza duen diziplina arteko nazioarteko ikerketa zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen duena. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu kide.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067