(Donostia, 2023ko abuztuaren 28a).- Hizkuntza zein komunikatzeko prozesu eta moduak aldatu egiten dira, bai aldaketa sozialak direla medio bai teknologia eta tresna berrien kausaz, ChatGPT kasu. Hori dela eta, psikolinguistika, hots, hizkuntzaren eskuratzea zein prozesamenduan parte hartzen duten mekanismo kognitiboak aztertzeko arduraduna, etengabe aldatzen ari da komunikazio bide berrietara egokituz.
Hizkuntzaren psikologian ematen ari diren aurrerabide nagusiak aurkeztu eta sakontze aldera, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroak aurrenengo aldiz ekarriko du nazioarte mailako AMLaP (Architectures And Mechanisms For Language Processing) biltzarra Donostiara.
29. edizio honek, abuztuaren 31 eta irailaren 1a bitartean Kursaal Auditorioan ospatuko denak, mundu mailako adituak elkartuko ditu, hizkuntzaren prozesamenduarekin loturiko arkitektura eta mekanismo kognitiboetan jakitunak. Aurtengoa hirugarren aldia izango da nazioan ospatzen eta bigarrena Euskadin.
«430 pertsona inguru bertaratzea espero dugu, munduko leku ezberdinetatik etorritako ikertzaileak barne. 350 aurkezpen eta hitzaldi baino gehiagok osaturiko programa dugu, hizkuntzaren psikologiarekin (hizkuntza idatzia, ahozkoa zein zeinu-hizkuntza) lotutako ikuspuntu psikologiko, konputazional eta teorikoak eskaintzeko xedez», azaldu du Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifikoak, batzorde zientifikoko buru eta AMLaP 2023ko antolatzaile ere badena.
Esti Blanco-Elorrieta
Forora bertaratuko den aditu ororen artean Esti Blanco-Elorrieta euskal psikolinguistaren izena nabarmentzekoa da, Nueva Yorkeko Unibertsitateko hizkuntzaren neurozientziarako laborategiko zuzendaria. Estiren irekiera mintzaldiak ostiralean, irailaren 1ean, «Burmuin elebiduna»-ren inguruko sinposiorako bidea emango du.
Deustuko Unibertsitatean ikasi eta BCBLn Cognitive Neuroscience of Language izeneko masterra egin ondoren, psikologian doktoretza burutu zuen 2022an Nueva Yorkeko Unibertsitatean. Bestalde, azken hiru urteetan zenbait meritu eta aintzatespen erdietsi ditu.
Esaterako, 2020an Forbes aldizkariak alor zientifikoan eragin gehien duten 30 urtetik beherako 30 pertsonen artean Esti Blanco-Elorrietaren izena zegoen; eta bere doktorego-tesiak «Hacia una neurociencia del bilingüismo ecológicamente válida», hainbat sari jaso ditu bai Zientzia Kognitiboen Elkartearen eskutik baita Nueva Yorkeko Unibertsitatearen eskutik ere.
Bere ikerketan, pertsona elebakar eta eleanitzen ezagutzak batzen ditu, hizkuntza prozesatzeko hizketa edo zeinu-hizkuntza baliatzen dutenak, bere helburua hizkuntzaren neurobiologia inklusibo eta osora iristea izanik. Hori lortzeko, neuroirudi bidezko datuak, metodo konputazional zein jokabide-metodoak konbinatzen ditu hizkuntzalaritza, psikologia eta neurozientziaren gaineko ezaguera teorikoekin.
Esti Blanco-Elorrietaz gainera, hurrengo hizlariek ere parte hartuko dute AMLaP-aren edizio donostiar honetan: San Diegoko Unibertsitateko Victor Ferreira irakaslea; Nimegako Radbound Unibertsitateko (Herbehereak) irakasle eta ikertzailea den Vitória Piai; eta Ikerbasqueko ikertzaile zein BCBLko «Neurozientzia konputazionala» taldeko buru den James Magnuson.
AMLaP-ari buruz
AMLaP nazioarteko konferentzia diziplinarteko psikolinguistikaren ikerketarako Europako foro nagusi izateko xedez sortu zen. Bere helburua zera da: giza-hizkuntzaren prozesamenduko edozein alderdiren (prozesamendu lexikoa, analisi sintaktikoa edo interpretazioa, zein hizketako mekanismoak, esaterako) atzean dauden arkitektura eta mekanismo kognitiboen inguruko ikuspuntu esperimental, konputazional zein teorikoak biltzea.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketazentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzarenlaguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta
ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067