Itzuli Prentsa-oharrak: Manuel Carreirasen ikerketa proiektu batek 2,5 milioi € jaso ditu EBren eskutik

2024/4/11
  • Zentro donostiarreko zuzendari zientifikoa 2023ko deialdian Europako Ikerketa Kontseiluaren ERC Advanced Grant beketarako hautatu diren 11 espainiarren artean dago
  • CORTICAL RHYTHMS proiektuak dislexia bezalako nahasmenduak arintzeko neurofeedback algoritmoak oinarri dituzten esku-hartze programa berri eta eraginkoarragoak garatzeko eta hizkuntza ikasketa hobetzeko lagungarriak izango diren biomarkatzaileak identifikatzea du helburu

(Donostian, 2024ko apirilak 11).- Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreiras aurten Europako Ikerketa Kontseiluaren ERC Advanced Grant diru-laguntza lortu duten 11 ikertzaile espainiarren artean dago.

Guztira 2023an aurkeztu diren 1 829 hautagaitzatatik, 255 proiektu aukeratu dituzte, Europar Batasunak finantzatutako 652 milioi euro banatuko dituztenak.

Horien artean, Giza eta Gizarte Zientzien alorreko CORTICAL RYTHMS proiektua dago, Manuel Carreirasek gidatua. Proiektuak 2,5 milioi euro jasoko ditu garun eta hizketaren erritmoen arteko koherentziaren inguruko ezagutzak areagotzea helburu duen azterlana aurrera eramateko 5 urteetan zehar. Ikerketa honetan erritmo maiztasun ezberdinak erabiliko dira eta populazio talde desberdinak aztertuko dira, biomarkatzaileak identifikatuz eta neurofeedback algoritmo berriak garatuz diagnostiko eta esku-hartze tresna hobeak sortzeko xedez.

«Norbaiti hitz egiten entzuten diogun bakoitzean, gure garun-uhinak hartzailearen uhinekin sinkronizatzen dira». Ikerketa honen bidez, sinkronia hau aztertuko dugu atzean dauden mekanismo kognitiboak ulertu, biomarkatzaileak identifikatu eta dislexia bezalako arazoei zuzendutako neurofeedback-a oinarri duten esku-hartze programa eraginkorragoak zein hizkuntza berriak ikasteko prozesu hobeak garatzeko», azaldu du Carreirasek.

Horretarako, batetik, elektroentzefalografia eta magnetoentzefalografia bezalako neuroirudi teknikak erabiliko dira, baita neurofeedback bidezkoak ere, garunaren mota ezberdineko datuak bildu eta analizatzeko. Hau guztia baliagarria izango da garunaren funtzionamenduaren atzean dauden mekanismoak hobeto ezagutzeko, zerbait gaizki dabilenerako, dislexia dagoenean adibidez, edo neurofeedback tekniken bitartez indartu daitekeenean, hizkuntzen ikasketa esaterako.

Zehatzago esanda, proiektua daraman taldeak zenbait parte-hartzaile talderekin egingo du lan: 4 hilabeteko haurtxoak, «irakurmena erabat finkatu arte aldizka haien gauzatzea neurtuko dugu», gehitu du Manuel Carreirasek; eskolaurreko haurrak zein heldu letragabeak, irakurketa fasea hasten ari direnak eta, azkenik, bigarren hizkuntza bat ikasten ari diren helduak, euskara edo keinu-hizkuntza kasu, ezaugarri linguistiko oso ezberdinak dituztenak.

EB mailan ospetsuenetakoak diren ERC Advanced Grants bekak Europako ikertzaile liderrei aurkikuntza zientifiko garrantzitsuak ekar ditzaketen asmo handiko proiektuak garatzeko aukera ematen diete eta, gainera, ikertzaile gehiagorentzako lanpostu berriak sortzea ahalbidetzen dute.

Carreirasen kasuan, IkerBasqueko irakasle, University College of London-eko (UCL) ohorezko irakasle eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) ikertzaile agurgarri, beka honek BCBLko zuzendari zientifiko eta Hizkuntzaren Neurobiologia ikerketa taldeko lider bezala egindako ibilidea aintzatesten du.

«Aintzatespen honek oso harro sentiarazten gaitu eta baita berekin dakarren ospe zientifikoakere, bai Manuelenabai zentroarena. Hautatutako proiektuak ez dira % 14ra iristen, horrek agerian uzten du diru-laguntza hauetako bat lortzeko zailtasuna », nabarmendu du bere aldetik BCBLko gerentea den Ana Fernandezek.

Bestalde, BCBL 2023ko deialdiko ERC Advanced Grant beka jaso duen Euskadiko zentro bakarra da.

ERCren inguruan

Europako Ikerketa Kontseilua bikaintasun ikerketarako finantzazio erakunde nagusia da. Bere diru-laguntza programek nazionalitate eta adin guztietako ikertzaileak finantzatzen dituzte Europan proiektuak sustatzeko xedez. Lau deialdi nagusi ditu, zehatz-mehatz: Starting Grants, Consolidator Grants, Advanced Grants eta Synergy Grants.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067