(Donostian, 2022ko otsailaren 24an).- Paisaia arretaz begiratzen dugunean, zuhaitzak, bideak, zelaiak, agian atzealdean mendiak edo itsasoa ere ikusi ditzakegu. Baina behaketa horretan, ustez ikusten ez ditugun beste estimulu bisual batzuk existitzen dira. Kimu txiki bat adar batean, intsektu bat orbelean ezkutatuta, lore-hosto zimel bat lurrean… nahiz eta oharkabean pasa, gure garunak detaile txiki horiek era inkontzientean prozesatzeko gai da. Baina nola garatzen da prozesu hori? Nola ikusten dugu ikusten dugula ez dakiguna?
Galdera horiei erantzuteko, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak ikerketa bat egin du, era inkontzientean antzematen ditugun estimulu bisualak garunak nola prozesatzen dituen aztertzeko.
“Hamaika estimulu bisualen eraginpean gaude guztiak, baina behatzen dugunaren zati bat baino ez da kontzienteki prozesatzen. Neurozientziak azken hamarkadetan aurrera egin duen arren, paradigma sendoak falta zaizkigu informazio bisual inkontzientearen prozesaketa zenbaterainokoa den ulertzeko. Ikerlanean argitu nahi izan dugu garunak nola erregistratzen dituen estimulu bisual inkontzienteak eta noraino prozesatzen dituen. Kortex bisualean geratzen al dira? Ala iristen al dira kortex frontoparietaleko eremu asoziatiboetara; plangintza edo lan-memoria bezalako zeregin exekutiboetan ibiltzen diren eremuetara?”, galdetzen du David Soto BCBLko ikertzaileak.
Ikerketa burutzeko, BCBLko adituek zehaztapen handiko erresonantzia magnetikoa erabili zuten zazpi partaideren erantzun zerebralak aztertzeko. Partaideei animalien edo erreminten irudiak erakutsi zizkieten, batzuetan, argi ikusten zirenak eta, besteetan, ikusezinak zirenak.
“Partaide guztiek ordubeteko sei saio egin zituzten erresonantzian sei egunetan. Eskanerraren barruan haien zeregina honakoa zen: irudia animalia bati ala erreminta bati zegokion bereiztea. Batzuetan, estimuluak oso denbora laburraz agertzen ziren, 20 segundo milarenez, eta distraitzeko elementuen artean ezkutatuta, partaideek estimulua kontzienteki detektatu ezin zutela bermatzeko” azaldu du Sotok.
Esperimentuko emaitzek adierazi dute garunak eduki inkontzienteak ere deskodetu ditzakeela era fidagarrian, baita partaideek irudia ikusi ez zutenean ere.
Antzeko patroiak estimulu kontzienteetan eta inkontzienteetan
Ikerketan zehar, ikertzaileak ohartu ziren irudikapen bisuala garuneko hainbat areatan antzekoa zela prozesaketa kontzientearen faseetan eta prozesaketa inkontzientearen faseetan.
“Aurretik egindako ikerketa batzuek aditzera eman dute inkontzienteki prozesatutako informazioa garuneko ikusmen-kortex primarioan registratzen zela bakarrik, area frontoparietalak bezalako geruza sakonagoetara iritsi gabe. Guk ikusi dugu antzekotasunak daudela egoera kontzientearen eta inkontzientearen patroi zerebraleetan. Ez dago banaketa argirik kontzientea eta inkontzientea denaren artean” baieztatu du adituak.
Partaideen azterketaren bitartez lortutako emaitzak egiaztatzeko eta moldatzeko, adituek sare neuronal artifizial trebeak ere erabili zituzten ikusmen-ariketak egiteko. Ikusmen konputazionaleko ereduak dira, alegia, hainbat prozesaketa geruzaz horniturik, garunaren benetazko lan egiteko modua simulatzeko.
“Honakoa egin genuen: sare artifizial horiei giza partaideei erakutsitako irudi kamuflatu berak erakutsi genizkien. Irudia bereizteko zailtasunak gora egiten zuen heinean, sare artifizialaren gaitasunak irudia bereizteko behera egiten zuen. Irudia oso ezkuturik zegoenean, sare neuronalak ezin zuen estimulua bereiztu, eta ausaz erantzuten zuen. Hala ere, sare neuronalaren prozesaketa-geruza sakonak aztertzean, ikusi genuen area horietan bazegoela informazioa, giza burmuinean gertatzen den antzera. Erresonantziako ikerlanaren emaitzek eta simulazio artifizialek frogatu zuten badaudela elementu ikusezinen informazio-irudikapenak, bai garunean eta bai ikusmen-sare neuronal artifizialek emandako eredu neurobiologikoetan ere” ondorioztatu du Sotok.
Ikerketako emaitzek funtzionamendu zerebralaren ezagutza hobetzen laguntzen dute ikusmen-kontzientziari eta ikusmen-prozesaketa inkontzientearen ahalmenari dagokienez. Ikerketa hiru urtetan burutu da UPV/EHUko Informatika Fakultatearen lankidetzarekin.
Erreferentzia:
Mei, N., Santana, R. & Soto, D. Informative neural representations of unseen contents during higher-order processing in human brains and deep artificial networks. Nat Hum Behav (2022). https://doi.org/10.1038/s41562-021-01274-7
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain, and Language nazioarteko zentroa kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen duen disziplina arteko zentroa da, Donostian kokatua. Eusko Jaurlaritzak sustatu du, Euskadin zientzia eta ikerketa bultzatzeko helburuarekin. Gainera, kideen artean Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu.
Elkarrizketak eta informazio gehiago:
Marta Berard
606 143 250