BCBL parte den nazioarte-mailako proiektu batek, COVID-19-ren ondoriozko konfinamenduan zehar, 8 eta 30 hilabete bitarteko haurtxoen hiztegiaren jabetzea du aztergai
Ikerlanari esker, gainera, txikien garapen linguistikorako lagungarriak diren jarduera eta ohiturak ezagutu ahal izango ditugu, bide batez ikasketa estimulatzeko gomendioak egiteko helburua ere betez
Aldi berean hamabi herrialdetan garatuko den ikerlan hau parte hartu nahi duen familia orori irekia dago
(Donostian, 2020ko apirilak 8).- Haurtxoek duten lexikoaren ezagutza bere garapen linguistikoaren lehenengoetako adierazlea da. Txikiak lehen hitzak garai ezberdinetan esaten hasten badira ere, zenbait jarduerek ikasteko erritmoan eragin positiboa dute. COVID-19 pandemia dela eta, ordea, horietako hainbat ohitura aldatu dira. Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroan, mundu mailako beste 22 laborategirekin elkarlanean, egoera berri honek haurtxoek hitz berriak ikasteko prozesuan zer nolako eragina sortzen duen aztertzen dute nazioarte mailako proiektu honetan.
Ekimena berrogeialdia errespetatuz partaideen etxeetan garatuko da eta familiek ezinbesteko eginkizuna izango dute. 8 eta 30 hilabete bitarteko haurtxoen gurasoek haurren ezagutza linguistikoa ebaluatzeko balio duten zenbait hizkuntza-galdetegi beteko dituzte. Bertan, txikiek egoera honetako egunerokotasuenan egiten dituzten jardueren inguruko informazioa ere eman beharko dute.
«Galdetegietan kontuan hartu beharreko jarduera motak izan daitezke, esaterako, gurasoekin irakurtzen ematen dituzten uneak, jolasean dihardutenean edo telebista ikusten ari direnean. Hiztegiaren ezagutza neurtu ahal izateko, hitz zerrenda batetik haurrak ulertzeko gai diren hitzak eta ahoskatzeko gai direnak aukeratu beharko dituzte gurasoek», zehaztu du Marina Kalashnikovak, proiektuaren arduraduna BCBLn.
Galdera-sorta hauek bi une garrantzitsuetan beteko dira: lehena ikerlanaren hasieran, hots, konfinamenduan zehar, eta bigarrena, haur zein helduak kalera atera eta bere eguneroko jarduerekin has daitezkeenean.
«Ikerlanean 100 bat haurtxo izatea gustatuko litzaiguke, baina guztiz irekia denez gero, gure xedea parte hartu nahi duen familia orori aukera ematea da. Hortaz, gurekin harremanetan jartzeko dei egin nahi diegu», adierazi du Kalashnikovak.
Norvegian dagoen Osloko Unibertsitatea buru duen ikerlanean 23 laborategik parte hartzen dute: Espainia, Norvegia, Estatu Batuak, Turkia, Israel, Bulgaria, Polonia, Erresuma Batua, Kanada, Suitza, Frantzia eta Saudi Arabiakoak. Ikerlana 12 hizkuntza ezberdinetan burutuko da eta, haurtxo elebakar zein elebidunek parte hartuko dute.
«Proiektu honen laguntzaz, denbora errealean eta baldintza erabat naturaletan haurtxoen hizkuntzaren garapena ebaluatu ahal izango dugu. Gure ikerlanetako asko laborategian gauzatzen direnez gero, ezin izaten dugu hauteman haurtxoen egunerokotasuneko zein faktorek duten eragina bere ikasketan», gehitu du ikerlariak.
Halaber, ikerlan honi esker munduko leku ezberdinetako datuen bilketa erdietsiz, argazki orokorra egitea posible izango da. Horrela, inguru geografiko eta kultural anitzeko haurtxoen ikasketa esperientzia era zehatzean adieraztea posible egiten duten ondorioak atera ahal izango dira.
«Pandemia dela medio mundua bizitzen ari den egungo egoera du oinarri ikerlan honek. Gure ikerketak ezohiko egoera honek komunitateko kiderik gazteenetan nola eragiten duen erakutsi nahi du. Ikerlanaren garrantzia, ostera, konfinamendua baino haratago doa. Honi esker, jakin ahal izango dugu kultura ezberdinetako haurtxoentzat hizkuntzaren garapen goiztiarrean zehazki zein jarduera diren lagungarriak bere gaitasun maximoa adierazteko, eta horrela gomedioak egin ahal izango ditugu», dio bukatzeko ikerlariak.
Ikerlanean parte hartzeko interesa duten 8 eta 30 hilabete bitarteko haurtxoak dituzten familiak BCBLrekin harremanetan jar daitezke baby@bcbl.eu helbide elektronikoaren bitartez edo WhasApp bidez 664 42 31 17 telefono zenbakian.
BCBLren inguruan
Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian egoitza duen nazioarte mailako diziplina anitzeko ikerketa zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzen dituena. Eusko Jaurlaritzak sustatua, Euskadin zientzia eta ikerketa bultzatzea du xede. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea/Universidad del País Vasco (EHU/UPV) ditu bazkide.
Informazio gehiagorako:
Marta Berard
606 143 250