Itzuli Prentsa-oharrak: Oroimen zein emozioetan giltzarri den garun-eremu baten konexioak berreraiki dituzte

2023/9/27
  • BCBLko ikertzaile-talde bat irudi-teknika aurreratu zein datu-analisiez baliatu da garun-eremu bateko zirkuituei jarraitzeko xedez, adibidez, non aparkatu dugun gogoratu edo zer afalduko dugun erabakitzea bezalako zereginetarako funtsezkoa dena
  • The Journal of Neuroscience zientzia-aldizkari ospetsuan argitaratutako emaitzak etorkizunean eremu kliniko zein hezkuntza-arlorako baliozkoak izan litezke, baita neuroerrehabilitaziorako ere
  • Madrilgo Unibertsitate Autonomoak Europako, Espainiako eta Euskadiko  funtsekin finantzatutako lanean kolaboratu du

(Donostia, 2023ko irailaren 28a).- Giza-garunaren kortex prefrontalak (PFC, ingelesez) funtsezko rola betetzen du gure egunerokoan erabakiak hartzearekin, oroimenarekin  eta emozioen doitzearekin loturiko hainbat egoeratan. Adibidez, zer afalduko dugun erabakitzea, merkataritza-gune bateko aparkalekuan non aparkatu dugun gogoratzea edo auto-ilara batean frustrazioa kudeatzea ezinbesteko zereginak dira.

Eremu hau talamoarekin nola komunikatzen den jakitea eta bi atal horien arteko loturak aztertzea garrantzitsua da prozesu horien oinarri neuronaletan sakondu eta gogo-aldartearen nahasmendu —depresioa edo antsietatea, esaterako— eta gaixotasun neurologikoen —Alzheimerraren gaixotasuna edo eskizofrenia, adibidez— azpiko mekanismoak argitzeko.

Giza-burmuinaren sare neuronaletako konektibitate erabakigarri hori hobeto ezagutu eta ulertzeko asmoz, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak azterlan berritzaile bat gidatu du. Proiektu horretan, zehatz-mehatz berreraiki dituzte kortex prefrontalaren 39 azpieremu eta talamoaren nukleo medial-dortsala lotzen dituzten zirkuituak.

«Zirkuitu horretako disfuntzioak alda dezake informazioa nola prozesatu eta integratzen den burmuinean, eta horrek kognizioa eta jokabidearekin loturiko arazo ugari dakartza. Esaterako, eskizofrenia, arreta gabezia eta hiperaktibitatea eta autismoaren espektroko nahasmenduekin lotu izan da», azaldu du Mengxing Liu BCBLko ikertzaileak.

The Journal of Neuroscience zientzia-aldizkari ospetsuan argitaratutako emaitzek konexio horiek sakonkiago eta osotasunean ulertzea ahalbidetzen dute.

 

Konexioak berreraikitzeko protokolo berria

Garuneko konexio horiek doitasun handiz berreraikitzeko, BCBLko ikertzaileek azken belaunaldiko neuroirudi tekniketan eta datuen analisian oinarritutako protokolo berria diseinatu eta erabili zuten, in vivo difusioko erresonantzia magnetikoa kasu, garuneko egituraren orientazio eta konektibitateari buruzko informazio zehatza ematen duena.

«Azterlan honetan bezalaxe, eremu horien arteko konexio espezifikoak mapatzea desafiatzailea eta etsigarria izan daiteke, giza burmuinaren konplexutasuna eta egungo irudi-tekniken bereizmen espazial mugatua direla kausa. Erabilitako tresnei esker, xehetasun maila handia lortu dugu kortexaren eremu-sorta zabal batean», gaineratu du BCBLko aditu eta ikerketa honen zuzendari den Kepa Paz-Alonsok.

113 pertsonatan probatu zen azala eta talamoaren arteko 39 traktuak berreraikitzeko protokoloa, eta haren baliozkotasun zein eraginkortasuna ebaluatu zuten hainbat saiotan, emaitza bikainak lortuz.

«Protokolo berriaren fidagarritasun bikainari esker, estatuko zein nazioarteko laborategiek prozedura hori erabil dezakete  kortex prefrontala eta haren azpizirkuituen funtzioa, garapena eta plastikotasuna aztertzeko xedearekin, bai pertsona osasuntsuetan, bai gaixoetan», azpimarratu du Mengxing Liu ikertzaileak.

 

Aplikazioak eremu kliniko zein hezkuntza-arloan

BCBLk bildutako ezagutza hori oinarri izango da etorkizunean eremu klinikoan, terapia-arloan eta hezkuntzan izango duen aplikagarritasun anitzean.

Hala nola, eskizofrenia, depresioa eta AGHN bezalako gaixotasunen biomarkatzaileak identifikatzen lagun lezake, baita tratamendu espezifikoago zein eraginkorragoak garatzen ere; esku-hartze terapeutikoak abian jartzeko lagungarria izan liteke, talamoaren zirkuitu prefrontala modulatu eta garunarekin lotutako nahasmenduak dituzten pertsonen funtzio kognitiboa, emozioen erregulazioa eta oroimena hobetzeko helburuarekin; eta, era berean, garun-lesio edo garun-hodietako istripuetatik sendatzen diren pertsonentzako neurorrehabilitazio-estrategiak sustatzeko mesedegarria izanliteke.

«Konektibitate hori sakonkiago ezagutzeari esker garatutako esku-hartze pertsonalizatuek errehabilitazioaren emaitzak hobetu litzakete», Kepa Paz-Alonsok zehaztu duenez.

Bestalde, oroimena, arreta eta erabakiak hartzearekin zerikusia duten neurona-zirkuituen inguruko ezagutzak ikuspegi berria eman liezaieke hezitzaileei, ikasleentzako irakaskuntza-metodo eta esku-hartze eraginkorragoak diseinatzeko helburuarekin.

Hala ere, Gari Lerma-Usabiaga BCBLko ikerlariak adierazi bezala, garrantzitsua da azpimarratzea arlo horretako ikerketak etorkizun handia izan arren, «aurkikuntza horiek arlo klinikoan ezartzeko denbora gehiago behar da, baita azterlan-kopurua handitu ere».

Berreraikitze-protokoloa gainerako zientzia-komunitatearen esku jarri izana oinarrizkoa da aurrerapen horiek azterlan berrietan islatzeko, baita ikerketarako oinarri diren lankidetza, gardentasuna eta aurkikuntzen erreplikazioa sustatzeko ere.

Horrela, beste neurozientzialari eta ikertzaile batzuek antzeko garapenak eta ikerketak egin litzakete konexio talamo-prefrontal horiek hainbat populaziotan mapatu eta lotutako funtzio eta nahasmendu kognitiboen azterketa errazteko.

BCBLren lan honetan, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Medikuntza Fakultateko Francisco Clascá irakasleak aktiboki lagundu du, eta honako programa, erakunde eta agentzia hauen babesarekin finantzatu da: Europar Batasuneko Horizonte 2020 ikerketa eta berrikuntza programa —Marie Sklodowska-Curie bekaren eremuan—, La Caixa Fundazioa, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa,  Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea eta Estatuko Ikerketa Agentzia, BCBLko «Severo Ochoa» bikaintasun-akreditazioaren bidez.

 

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067