Itzuli Prentsa-oharrak: Posible al da gure pentsamenduak oharkabeki manipulatzea neurofeedback-a erabiliz?

2024/2/29
  • BCBL ikerketa zentroak hipotesi hau probatu du azterlan baten bitartez eta emaitzak Journal of Neuroscience aldizkari ospetsuan argitaratu dira.
  • Ikertzaileek adimen artifiziala, neurofeedback-a eta erresonantzia magnetikoa konbinatzen dituen metodologia berritzailea erabili dute era inkontzientean kontzeptuen irudikapen mentalak manipulatzeko.
  • Emaitzen arabera, estrategia honek gure informazio kontzeptualean eragin lezake gu kontziente izan gabe, hezkuntza. terapia kognitiboa eta neuroerrehabilitazioa bezalako alorretan aurrerapausoak emateko lagungarria litzatekeena.

(Donostia, 2024ko Otsailak 29) - Gure garunaren aktibazioaren patroiak zizelkatu eta manipulatuz inguratzen gaituen munduaren gainean ditugun pentsamendu eta ezagutzak aldatzea posible al da? Eta era honetan ezagutza berriak eskuratzea? Are gehiago, hau inkontzienteki lortzerik ba al dago?

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) euskal ikerketa zentroak hipotesi hau probatu ondoren, erdietsitako emaitzak Journal of Neuroscience aldizkari ospetsuan argitaratu dituzte.

Zehatzago esanda, Pedro Margolles doktorea buru duen ikerketa honek lehendabiziko aldiz aztertu du garunak sortzen dituen kontzeptuen irudikapen mentalak era inplizituan manipulatzeko bideragarritasuna, bestela esanda, «txakurra» edo «artaziak» bezalako berben esanahietan pentsatzen dugunean aktibatzen diren jarduera neuronaleko patroiak.

Xede honen bila, adituek jatorriz neutroak ziren ikurrei, modu subliminalean, esanahi berriak eman zizkieten, garun aktibazio patroiak modulatuz. Horretarako, neurofeedback deskodifikatua deritzon metodologia berritzailea erabili zuten, adimen artifiziala (AA), neurofeedback-a eta erresonantzia magnetikoa konbinatzen dituena.

Lan zientifiko honen helburua boluntarioen garunetan ikur hauekin loturiko patroi neuronalak gradualki doitzea zen, pixkanaka objektu ezagunak ikustean sortzen diren patroien gero eta antz handiagoa edukitzeko. Era honetan, ikur neutroek kontzeptu berri hauek bereganatuko lituzkete progresiboki.

Neurofeedback bidezko entrenamendua

Azterlanean, 20-30 urte bitarteko parte-hartzaileek 5 saiotan banaturiko ikerlanean esku hartu zuten. Lehengoan, haien garunaren jardueraren patroiak erregistratu ziren txakurrak edo artaziak bezalako objektu ezagunen irudiak ikusten zituzten bitartean.

Gero, ikasketa-eredu automatikoa erdietsitako informazioarekin entrenatu zen, objektu hauen hautematearekin loturiko patroiak bereizteko gai izan zedin.

Ondorengo 4 saioetan partaideek, erresonantzia magnetiko funtzionala baliatuz, neurofeedback deskodifikatuaren bidezko entrenamenduan hartu zuten parte oharkabeki, garuneko odol-jarioan jazotzen diren aldaketak denbora errealean behatzea zein pertsonak egoera zerebral jakinetara zehaztasunez bideratzea ahalbidetzen duen neuroirudi teknika abangoardistaren bidez.

Saio bakoitzean partaideek ikur bati begiratu behar zioten pantailan, bitartean, patroi zerebralak gogoratzen saiatuz horretarako egokiena zeritzoten teknika mentalaren laguntzaz, hala nola berriki jazotako gertakizunak oroituz, zenbakiak zerrendatuz, objektuak irudikatuz, etab. Ondoren, baliatutako taktikaren eraginkortasunaren araberako ordainsaria jasotzen zuten, irabaziak maximizatzera bultzatuz.

«Partaideek, ordea, ez zekiten ordainsaria gogoratutako patroi zerebral ezberdinen arteko antzekotasunen mende zegoela, ikurrei begira zeuden bitartean oroitutakoak eta pertzepzio saioan zehar txakurren irudiak ikusten ari zirela erregistratutakoak, aurretiaz entrenatutako gure ikasketa automatikoaren ereduaren arabera», azaldu du Pedro Margollesek.

Horrela, pizgarri ekonomikoen bitartez, ikertzaileek uste zuten parte-hartzaileek haien patroi zerebralak pixkanaka doitzen joateko joera erakutsiko zutela, txakurren irudien hautematearekin lotutako patroien gero eta antz handiagoa izanik eta, honenbestez, ikurrak kontzeptu honen eragina izango zuela inplizituki.

«Prozesuan zehar partaideak ez ziren esperimentuaren benetako xedearen jakitun izan. Neurofeedback-ak ezagutzen ez zuten kontzeptu bati zegokion patroi zerebrala aktibatzera gidatzen zituztela ere ez zekiten. Haien ustetan, lehen saioan ikertzaile batek gidaturiko azterlan batean parte hartu zuten eta, ondorengoetan, bestelako ikerketa batean parte hartzen ari zirela aditzera ematen zitzaien. Parte-hartzaileek pertzepzio eta neurofeedback saioen artean loturarik egitea ekiditen zen, bestela, agian hortik lagungarriak lortu zitzaketen esperimentuan zehar erabili edo saihestu beharreko estrategien inguruan, diru gehiago lortzeko xedez», azpimarratu du David Sotok, BCBLko Kontzientzia ikerketa taldeko liderrak.

Priming fenomenoa

Azken saioan, neurofeedback bidezko entrenamenduaren eragina ebaluatzeko, jokabide bidezko proba egin behar izan zuten partaideek. Bertan, lau saioetan erabilitako ikurra edo aurretik ikusi ez zuten kontrol ikur berria ikus zezaketen. Gero, pantailan txakur eta artazien irudiak ahal bezain azkar aurkitu behar zituzten.

«Gure hipotesiaren oinarria sinplea zen», azaldu du Pedro Margollesek. «Ikur esperimentala “txakurra” kontzeptuarekin lotzea lortu baldin bazen, priming deritzon fenomeno psikologikoaren arabera —oroimen inplizituarekin loturiko efektua, zeinaren bitartez estimulu jakin batzuen aurkezpenak ondorengo erantzunean eragina duen—, aurretiaz ikurra aurkeztean txakurren irudien aurrean emandako erantzuna azkarragoa izan behar zen, kontrol ikurrarekin alderatuz».

Ustekabeko aurkikuntza

Emaitzetan ez zuten priming-aren ondorioz espero zuten eragina ikusi. Honek zera iradokitzen du: batetik, ikur neutroa ez zela «txakurra»  kontzeptuarekin lotu eta, bestetik, ikasketa asoziatiboan kontzientzia oinarrizkoa izan litekeela. Aitzitik, harritzekoa bada ere, garunean ezarrita dagoen informazio kontzeptualean modu inkontziente eta subliminalean eragiteko aukera agerian utzi zuten ikertzaileek, partaideen garunaren aktibazio patroien manipulazioaren bitartez.

«Erabilitako ikurra edozein izanda ere, neurofeedback saioetan parte hartu zuten pertsonek gaitasun txikiagoa erakutsi zuten, eta txakurren irudiak identifikatu behar zituztenean erantzuteko denbora gehiago hartu zuten artaziekin berdina egin behar zutenean baino. Berdina ikusi zen kontrol taldearekin alderatzean, seguru aski  jatorrizko patroi zerebraletan egindako aldaketak direla medio. Aurkikuntza hau oso interesgarria da, animalien irudien aurrean azkarrago erantzun ohi baitugu tresnen irudien aurrean baino, ziur asko biziraupenarekin loturiko zioengatik» nabarmendu du adituak.

Ikertzaileek diotenez, baliteke neurofeedback taldeko partaideen errendimenduaren jaitsiera «Irudikapen bidezko deriba» izenez ezagutzen den fenomenoaren anplifikazio posible batekin lotuta egotea, patroi neuralak denbora aurrera doan bezala aldatzeko joerari erreferentzia egiten dion fenomenoa.

«Gure azterlanak, garunaren plastikotasuna ulertzeko lagungarria izateaz gain, hezkuntza, terapia kognitiboa eta neuroerrehabilitazioko alorretan ondorioak izan ditzake etorkizunean, irudikapen mentalak nola sortu eta aldatzen diren ulertzeak esku-hartze estrategiak hobetu litzake eta. Gainera, baliatutako tresnek, orain komunitate zientifikoan libreki erabil daitezkeenak, alor honetan ikerlan esperantzagarriak egiteko bidea erraztu dute», esaten du amaitzeko BCBLko ikertzaileak.

Lan zientifiko honek ondorengoen laguntza jaso du: Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioa (doktoreen prestakuntzarako doktoratu aurreko kontratuetarako laguntza programaren bitartez), «Severo Ochoa Bikaintasun Zentroen programa» (CEX2020-001010-S) eta BrainMetaLoop ikerketa programa (PID2019-105494GB-I00). Halaber, Eusko Jaurlaritzak ere laguntza eman du, doktoratu aurreko ikasleen prestakuntza programa zein Basque Excellence Research Centers (BERC) 2022-2025 programaren bitartez.

Azterlana

Margolles, P., Elosegi, P., Mei, N., & Soto, D. (2024). Unconscious Manipulation of Conceptual Representations with Decoded Neurofeedback Impacts Search Behavior. Journal of Neuroscience, 44(2). https://doi.org/10.1523/JNEUROSCI.1235-23.2023

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketazentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzarenlaguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia etaikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.es

690 212 067