Irakurketa norbanakoak egin dezakeen aurkikuntza zirraragarrienetako bat da. Elkartruke sozial, kultural eta ekonomikorako ezinbesteko gaitasuna bada ere, gizarte garaikidean populazioaren %10ak irakurtzen ikasteko zailtasunak ditu. Gure zentroan populazio tipiko eta atipikoaren (adb., iliteratuak, gorrak, edo dislexikoak) irakurtzeko gaitasunak alderatzen ditugu eta, horretarako, metodo espezializatu sorta bat darabilgu (adb., EEG, fMRI, MED, eye-tracking). Irakurketa eta irakurketaren ikasketa sustatzen dituzten burmuineko mekanismoak ikertzen ditugu, ikasketa horrek burmuineko egituran eta funtzioetan eragindako aldaketa iraunkorrak, eta nola laguntzen duten irakurketaren jabekuntzan hizketaren erritmoek eta gaitasun fonologikoek.
Ezkerreko kortex okzipitotenporal bentrala (vOTC) garuneko eremu garrantzitsua da irakurketa zirkuiturako. Gure xedeetako bat vOTCko azpi-eremuak zenbateraino arduratzen diren ortografia, fonologia eta semantika konputazionalaz ikertzea da, eta ea konputazio horiek idazketa sistema desberdinen (alfabetikoa, ez-alfabetikoa) erabilerak edo ortografiaren gardentasunak modulaturik dauden. Lau hizkuntza zeharo desberdinekin egiten ditugu ikerketak: gaztelania, ingelesa, hebreera eta txinera.
Irakurketa zirkuitua finkatzeko, Erresonantzia Magnetiko bidezko Irudigintza funtzional (fMRI) laminarraren bereizmen neurriak eta intentsitate handiko eremua (7 Tesla) (MRI) eta egitura metodo aurreratuak (adibidez, EMI kuantitatiboa) konbinatzen ditugu, vOTCko geruzen behetik gorako eta goitik beherako seinaleak, eta euren interakzioak kortexeko gainerako eremuekin desberdintzeko.
Irakurtzen ikasteak kontzientzia fonologikoa du oinarri, irudikapen ortografiko eta hizketa soinuen arteko loturak ikastean hain zuzen ere, fonemak alegia. Haurrak errepertorio fonemiko osoaz jabetzen dira, bizitzako lehen urteetan jaso dituzten hizketa seinaleak segmentatzen ikasiz. Ikertzen dugu zenbateraino eduki dezakeen eragina hizketaren prozesamendu goiztiar atipikoan entzumen kortexeko aktibitate neural oszilakorraren eta entzute-aktiboaren erritmoen arteko sinkronizazio eskasiak, eta, beharbada, garapeneko dislexia sortu. Jakin nahiko genuke ere dislexiadunek, itxuraz ulermen defizitik ez dutenek, nola konpentsatzen duten hizkuntza-garun sinkronia eskasia hori. Ez dago argi oraindik estimulu linguistikoak segmentatu eta ezagutzeko testuinguruko informazioaz baliatzen direnetz, ezta hizketa-garun sinkronia neurologiko hobedun haurrek aurre-irakurketa fasean irakurketa gaitasun hobeak garatzen dituzten ere.
Aurreikusi genezake haurren irakurketa-jarrera hizkuntza-garun sinkronizazioan eta konexio talamokortikalen karakterizazio funtzional eta egitura ezaugarritetan oinarrituta? Proiektu handi bat dugu esku artean haurtzaroan neurtutako hizkuntza-garun sinkronizazioa adierazgailu neural fidagarria ote den aztertzeko, gerora garatu litezkeen irakurketa-nahasmenduak aurreikusi ahal izateko (bereziki dislexia pairatzeko arriskua duten haurretan). Horrez gain, talamoaren nukleoak eta konexio talamokortikoak irakurketa tipikoan eta dislexian duten rolaren modelo mekanistiko bat garatu nahi dugu, eta sare neural sakonetan oinarritutako modelo konputazionalak garatu garun neurketa horietatik abiatuta irakurketa-jarrera aurreikusi dezaketenak, haur baten etorkizuneko irakurketa-jarreraren ebaluazioa ahalbidetuz euren irakurri aurreko profil neurologikotik abiatuta.
Dislexia izateko arriskua duten haurrentzat interbentzioak garatzen ari gara, garuneko atzeraelikadura erabiliz hizkuntza-garun sinkronizazioa hobetzeko asmoz. Garun-konputazio interfaze protokoloek haur baten sentikortasuna indartu lezakete hizketaren propietate erritmikoekiko eta baita soinu erritmikoek eta musikak ere. Gainera, dislexiaren diagnosirako tresna berriak sortzen ari gara.