Hizkuntza galerak ohikoak dira burmuineko lesio, garun-isuri, epilepsia, tumore, edo gaixotasun neurodegeneratiboen ondorioz. Mundu osoan ezintasunaren lehen kausa dira eta inplikazio sozial dramatikoak dakartzate. Garuneko adierazgailu biologikoak ikertzen ditugu gaixotasunaren diagnosi goiztiar baterako eta ahal izanez gero, hizkuntza berreskuratzeko burmuinaren plastikotasun edo lesionatutako garunaren mekanismo konpentsatorioen bidez. Gerora, jakintza hori errehabilitazio paradigmen garapenerako erabil liteke.
Gaixotasun neurodegeneratiboek zeresana eman dute komunitate zientifikoan, alde batetik kognizioari egin dioten oinarrizko ekarpenagatik, eta, bestetik, euren inplikazio sozial zabalagatik. Azken datuek adierazi dute Espainian 1 500 000 Alzheimer gaixo egongo direla 2020 urterako. Gainera, estimatzen da 65 urtetik gorakoen % 2k Parkinson gaitza pairatuko duela. Gaixotasun neurodegeneratibo askoren muina gaitasun kognitibo nagusiak galtzea da, afasia progresibo primarioen ezaugarri den hizkuntza galera barne. Hizkuntza-nahasmenduak gaixotasun horien lehenengo adierazpenak izan ohi direnez, seinale goiztiar gisa ere funtzionatzen dute. Hori dela eta, tratamendua goiz hastea eta estrategia terapeutiko berriak garatzea ahalbidetzen dute.
Gure helburu nagusia burmuinean lesioa dagoenean agertzen diren mekanismo konpentsatorio konduktual eta neuralak identifikatzea da, baita plastikotasuna bultzatzeko eskuhartze linguistiko eta ez-linguistikoen efektuak ere, bai iktus baten ondoren, bai gaixotasun neurodegeneratibo baten aurrean. Ikertzen dugu nola esku-hartze linguistiko zein ez linguistikoek (musikalak, bisuoespazialak) lagundu dezaketen iktusa izan duten gaixoek funtzio kognitiboa berreskuratzeko fase akutu goiztiarrean. Epe luzerako ikerketetan subjektu-arteko diseinuak erabiliz, ebaluazio sistematikoak egiten ditugu aipaturiko esku-hartzeek emandako emaitzak aztertzeko partaidearen kognizioan, hizkuntzan eta garunean, sendatze-fase akutu goiztiarrean dagoenean, neuroplastizitate-maila altuagoa baita. Are gehiago, esku-hartzerako tresna konduktual eta ordenagailu bidezkoak diseinatu ditugu, funtzio linguistikoen urradura gero eta handiagoa geldiarazteko eta aktibo dauden gaitasun kognitiboak era eraginkorrean indartzeko. Gainera, esku-hartze tresnen eraginkortasuna ikertzen dugu burmuin-egitura, burmuin-funtzio eta jarrera aldaketak neurtuz.
Helduei diagnostikatutako burmuin tumore primarioen %15 gradu-baxuko gliomak dira. Horien hazkuntza motelari esker sintoma neurologiko larriak txikitzen dira, burmuinari funtzio linguistikoak eremu kaltetuetatik eremu osasuntsuetara transferitu ditzan ahalbidetzen baitiote. Horrela, mekanismo neuroplastikoen jarraipena egin daiteke ebakuntzaren aurretik eta ondoren, informazio esanguratsua lortuz hizkuntzaren konpentsazio eta sareen berregituratzeari buruz. Epe luzerako diseinu batekin hizkuntzaren funtzionamenduaren jarraipena egiten zaio fMRI eta MEGaren bidez tumorearen erresekzioaren aurretik eta ondoren, hizkuntza berreskupenarenaren adierazgailu biologikoak ikertzeko gaixo elebidun eta elebakarretan. Maila klinikoan, ikerketetako jakintza eguneroko neuroonkologian erabil daiteke, neurozirujauak ebakuntza planifikatu eta optimizatzeko gaixo bakoitzari egokitutako estrategia erabiliz. Horretarako, ariketa kognitibo pertsonalizatuak garatzen ditugu, estimulazio elektriko zuzenarekin batera ebakuntzan zehar, hizkuntzarako beharrezko ehunaren muga funtzionalak identifikatuz hizkuntza-funtzionaltasuna kokatzeko. Neurozirujauekin batera, ebakuntza ondorengo hizkuntza galerarako arriskua gutxitzea dugu helburu, gaixo bakoitzaren bizi-kalitatea hobetuz.