Marie Lallier, Ikerbasque ikertzailea ez ezik, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko «Neurohezkuntza eta garapen-nahasmenduak» ikerketa-taldeko buru ere badena, Consolidator Grant prestigiotsuaren azken deialdiko onuradunen artean dago, Europako Ikerketa Kontseiluaren eskutik datorren laguntza.
Lallierrek 2 milioi euro jasoko ditu BIBALANCE deritzon asmo handiko proiektua aurrera eramateko datozen 5 urteetan. Dislexia eta ingurune elebidunarekiko esposizio goiztiarraren artean dagoen lotura aztertze aldera, gaztelania eta euskarazko 500 haur elebidunek zenbait ataza burutuko dituzte BCBLk dituen laborategietan.
«Jakin badakigu populazio dislexikoaren eta ingurune elebidunarekiko esposizio goiztiarra izan duen populazioaren artean antzekotasun neurobiologiko harrigarriak daudela. Aitzitik, garun-antolaketa berdintsu hauek ez dira irakurketa-errendimenduan islatzen», adierazi du BCBLko adituak.
Aipaturiko kontraesana zertxobait argitzeko xedez, Lallierrek eta bere taldeak hemisferioaren berrorekatzea izena hartzen duen mekanismoa aztertuko dute proiektuan zehar, zenbait gaitasun fonologiko eta irakurketako gaitasunak azaldu ez ezik, elebitasun goiztiarraren eta dislexiaren arteko lotura konplexuaren berri eman diezagukeen mekanismoa.
«Gure hipotesia zera da: berrorekatze hau dela medio, ingurune elebidunekiko esposizio goiztiarrak lagungarriak direla irakurketa-nahasmenduak ikaskuntzan zehar garatzeko arrisku genetikoak arintzeko. irakurketaren ikaskuntzan zehar . Bestela esanda, hizkuntza bat baino gehiagok osatzen duten inguru fonologiko konplexuekiko etengabeko espozizioak ahalbidetuko luke irakurketa eskuratzeko onuragarria den egokitzapen prozesua», erantsi du Lallierrek.
Genetika- eta neuroirudi-tresnak
BCBLk abangoardiako genetika- eta neuroirudi-tresnak baliatuko ditu, magnetoentzefalografia eta erresonantzia magnetikoa kasu, hemisferioaren berrorekatzea neurtzeaz gain, garunak dislexiarekiko duen erresilientzian sortzen duen eragina kuantifikatzeko, irakurmenaren garapenean funtsezkoak diren aldi goiztiarretan.
«Diseinaturiko atazek informazio oso konpletoa biltzen lagunduko digute: ingurune elebidunekiko esposizio-maila, dislexiarekiko sentikortasun genetikoa, hemisferioaren berrorekatzea maila funtzionalean zein egitura eta jokabide mailan, eta, bukatzeko, prozesamendu fonologikoaren nahiz irakurtzeko gaitasunen indize neurokognitiboak», zehaztu du Marie Lallierrek.
BIBALANCE ekimenak, Europar Batasunak finantzatua, dislexia elebiduna tratatzeko, eguneroko praktika klinikoko kezka-iturrietako bat, zein ADHN edo afasia bezalako nahasmenduak tratazeko ondorio praktiko garrantzitsuak ekartzeko ahala du.
ERCren inguruan
Europako Ikerketa Kontseilua bikaintasun ikerketarako finantzazio erakunde nagusia da. Bere diru-laguntza programek nazionalitate eta adin guztietako ikertzaileak finantzatzen dituzte Europan proiektuak sustatzeko xedez. Lau deialdi nagusi ditu, zehatz-mehatz: Starting Grants, Consolidator Grants, Advanced Grants eta Synergy Grants.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketazentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067