(Donostian, 2024ko urriak 18).- Adin goiztarretan atzerriko azentuak entzuteak hizkuntzaren garapenean eragin diezaguke? Irakurketaren eskuratzeak zein nolako eragina du hizketaren soinuak hautemateko dugun moduan? Irakurtzen ikasi aurretik soinuen prozesamendurako dugun trebetasunak zerikusirik al du gure irakurtzeko gaitasunarekin?
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) neurozientzia ikerketa zentroa galdera hauei eta beste batzuei erantzuten saiatuko da aurtengo ikasturtean Carmelitas Sagrado Corazón Ikastetxean duen laborategian. Ikerketa zentro honek hizkuntzarekin loturiko mekanismo neurokognitiboak argitzea du xede.
Galderen erantzuna ezagutzeko, Carmelitaseko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleen laguntza izango du zentroak: proiektu ezberdinetan parte hartuko dute formatu digitalean atazak eginez ikasturtean zehar, aldi berean haien ohiko hezkuntza-jarduerarekin jarraituz.
Atzerriko azentua
Ikasturte honetan, alde batetik, BCBLko Sandy Abu El Adas Drew J. McLaughlin ikertzaileek 5 eta 8 urte bitarteko haurrek atzerriko azentua nola ulertzen duten ebaluatuko dute, Haur Hezkuntzako 3. mailatik Lehen Hezkuntzako 2. maila arte.
«Gure egunerokotasunean aldakortasun handiaren eraginpean gaude entzuten ditugun gauzetan. Proiektu honen bitartez, deskubritu nahiko genuke esposizio honek zein nolako eragina duen txikiengan», azaldu du McLaughlinek.
Horretarako, 90 partaidek, esperimentuan parte hartuko duten maila bakoitzeko 30, ataza eta jolas ezberdinetan parte hartuko dute tableta edo ordenagailua baliatuz: atzerriko kutsuarekin esandako gaztelaniazko hitzak entzutea, soinuak sailkatzea, soinu batzuk esan gabe hitzak ahoskatzea edo hitz baten barruko soinuak nahastea izango dira haurren zereginetako batzuk.
Hizketa eta irakurketaren arteko lotura
Beste alde batetik, Irene Qiu eta Clara Martinek, BCBLko ikertzaileak ere, ikasturte honetan paraleloan aurrera eramango diren eta helburu amankomuna duten bi proiektu aurrera eramango dituzte: irakurtzen ikastearen eta hizketaren soinuak hauteman eta ekoizteko moduaren arteko konexioa ulertzea dute xede.
«Irakurketa eta hizketak elkarri nola eragiten dioten argitu nahi dugu. Batetik, irakurtzen ikastean gure burmuinak nola aldatzen duen hizketaren soinuak prozesatzeko modua; eta, bestetik, irakurtzen hasi aurretik soinuak prozesatzeko ditugun gaitasunek nola eragin dezaketen aurrerago garatzen dugun irakurtzeko trebetasunean», azaldu du Martinek.
Proiektuetako batean Carmelitas Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 3. mailako 40 ikasle izango dira parte-hartzaileak, dislexia duten pertsonen kontrol talde gisa. Nahasmendu hau pairatzen duten pertsonei BCBLn ebaluatuko zaie. Beste proiektuari hasiera emateko Haur Hezkuntzako 3. mailako 60 ikasle ebaluatuko dituzte eta 2026-2027 ikasturtera bitartean hala egiten jarraituko dute, Lehen Hezkuntzako 2. mailan irakurtzen hasten diren arte.
Partaide guztiek, tabletak zein ordenagailuak erabiliz, hainbat ataza burutuko dituzte, esaterako: hitzak edo pseudohitzak entzun eta errepikatu edo hiru soinu entzun ondoren erdikoaren berdina identifikatu beharko dute.
«Lan honek pertsona guztientzat irakas-metodo irisgarriagoak garatzeko funtsezko informazioa ekarriko du, batik bat dislexia bezalako irakurtzeko zailtasunak dituzten haurrentzat, gizarte alfabetatuagoa eta inklusiboagoa sustatuz/», esanez bukatu du BCBLko adituak.
JuniorLabaren inguruan
BCBL eta Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxearen arteko harremana 2011n sendotu zen, JuniorLabaren sorrerarekin hain zuzen, hizkuntzarekin loturiko neurokognizio prozesuen azterlan zientifikorako sorturiko laborategia
Hezkuntzan neurozientza aplikatuaren aurrerapena sustatzea du helburu eta Europa mailan esperientzia aitzindaria dugu hau. JuniorLab umeetan mekanismo kognitiboak ikertzen dituen erreferentzia zentro bilakatu da, eta horretarako neurozientzia ikerlanak aurrera eramateko aproposak diren gelak ditu, azken belaunaldiko teknikaz baliaturik.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa
zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067
Nieves Maya Elcarte
Carmelitas Sagrado Corazón Ikastetxeko Zuzendaria
945 282 942