(Donostia, 2024ko irailak 11).- Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak esku-hartze nabarmena izan du Nature aldizkarian argitaratutako duela gutxiko ikerketa batean, pertsona osasuntsuen eta depresioa pairatzen duten pertsonen garuneko sareen artean ezberdintasun nabariak daudela erakutsi duena.
Zehatzago esanda, Weill Cornell Medicine buru duen azterketak, Cornell Unibertsitateko ikerketa medikoko unitatea, zera identifikatu du: pertsona depresiboen garuneko sarea osasun mental oneko pertsonena baino askoz ere handiagoa da. Datu hauek lortzeko, erresonantzia magnetiko funtzional bidezko neuroirudien azken aurrerabide teknikoez baliatu dira, BCBLn erabilgarri dagoen eta burmuineko sare funtzionalak xehetasun gehiagorekin mapatzea ahalbidetzen duen teknika.
Desberdintasun hauek, batik bat, estimulu salienteei loturiko sarearen eskualdeetan aurkitu dira, erabakiak hartu behar ditugunean gure jokaera erregulatzeaz arduratzen den sarea eta gure inguruko aldaketen egokitzapenean parte hartzen duena.
«Luzetarako ikuspegiarekin eginiko azterlana izan zen, hots, depresioa sufritzen zuten pazienteak denboran zehar zenbait aldiz sartu ziren eskanerrera, ohiko azterlanetan baino askoz gehiagotan. Horren xedea gaitxotasun hori pairatzen duen norbanako baten ibilbide emozionaleko une on eta txarren artean asalduak zeudenetz ikustea zen», adierazi du César Caballero-Gaudesek, Neuroirudi-seinalean prozesamendua izena hartzen duen taldeko liderra eta Ikerbasque ikertzaile.
Aitzitik, badirudi pertsona depresiboen garuneko sarearen tamaina egonkor mantentzen dela aldartea edozein izanik ere.
Zientziaren eskura
Zentro estatubatuarrak lorturiko datuen eta BCBLn erdietsitakoen arteko antzekotasunak elkarlan zientifiko arrakastatsua ekarri du, non Leibniz Institute for Resilience Research erakundeak, Stanfordeko Unibertsitateak, Torontoko Unibertsitateak eta Minnesotako Unibertsitateak ere parte hartu duten, besteak beste.
«Erabilitako teknika, azterketaren denbora eta bereizmena kontuan izanda, norbanako osasuntsuetan lortu ditugun datuak behar zuten horretara gehien gerturatzen zirenak izan dira», azpimarratu du BCBLko adituak. Jarraian, erantsi du 10 bat minutuko saio bakarrean eskaneatu ohi zaiola pertsona bati eta BCBLn, berriz, 10 pertsona ezberdinen 400 minutuko datuak eskaintzen zituztela.
Gaur egun zentro euskalduneko lan-taldeak komunitate zientifikoaren eskura dagoen datu-basea handitzen darrai, pertsonak irakurmena, mugimendua edo kalkulua bezalako bestelako ataza kognitibo edo sentsorialak egiten ari diren bitartean ere, luzetarako datuak eskaini ahal izateko.
«Zenbat eta informazio gehiago eduki erregistratuta, orduan eta balio handiagoa izango du azterketa klinikoetarako, bai depresioarekin loturikoak bai beste patologia neurologiko edo psikiatrikoekin loturikoak, migraina, psikosi edo eskizofrenia kasu. Gaitz mota hauen kasuan, oso interesgarria da ohikoa baino askoz sarriago behatzea eta eskaneatzea pazienteak haien ibilbidean zehar, ez baitaude beti egoera berean», azaldu du Caballero-Gaudesek.
Honenbestez, BCBLk parte hartutako azterlan honek, Nature aldizkarian eskuragai, bide berriak ireki ditu depresioa duten pertsonen konfigurazio zerebralaren ikerketan jarduten jarraitzeko, tratamentu pertsonalizatu berriak topatzeko xedez.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa
zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067