(Donostia, 2025eko otsailaren 18a).- Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroa 60-80 adin tarteko boluntario bila dabil, elebitasunak pertsona zaharretan errendimendu kognitiboa kontserbatzen laguntzen duen argitzeko asmoa duen ikerketa batean parte hartzeko.
Zehazki, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako azterlanerako adin tarte horretako gaztelaniazko elebakarrak eta euskara-gaztelaniazko elebidunak behar dira, hizkuntza bat baino gehiago jakitea adimena gazte mantentzeko erabakigarria den jakiteko helburuarekin.
Horretarako, bai probetan, bai ondorengo analisietan, ikerketa-taldeak kontuan hartuko ditu parte-hartzaile bakoitzaren ikasketa-maila eta ibilbide profesionalean izandako jarduera intelektuala.
«Lehenik eta behin, partaide orori ebaluazio neuropsikologikoa egingo zaio, batetik, kognitiboki osasuntsuak direla ziurtatzeko eta, bestetik, hizkuntza ezagutza-maila eta bizitzan zehar haien errendimendu kognitiboan eragin ahal izan duten jarduera akademiko zein profesionala ezagutzeko», azaldu du BCBLko Jesús Cespón ikertzaileak.
Prozesuan zehar, boluntarioak lau taldetan banatzen dira: erreserba kognitibo baxuko elebakarrak, erreserba altuko elebakarrak, erreserba baxuko elebidunak eta erreserba altuko elebidunak.
Ondoren, maila desberdineko ataza kognitibo, bisual eta auditibo batzuk burutuko dituzte errendimendu kognitiboa aztertzeko, eta, batez ere, «lobulu prefrontalaren eta zirkuitu fronto-parietalen mende daude funtzio exekutiboak ikertzeko, zahartze osasuntsuan nabarmen hondatzen direnak», azaldu du ikerlariak.
Atazetan, sinple samarrak diren estimuluen aurrean partaideek erakusten duten erreakzio- eta erantzun-denbora neurtzen dira, esaterako, gailu baten ezkerreko botoia sakatzea ezkerreko belarritik «ezkerra» entzundakoan. Garun-jarduera elektrikoa elektroentzefalografiaren (EEG) bidez erregistratzen da ; teknika hau ez-inbaditzailea da, eta elebitasuna zein erreserba kognitiboa bezalako faktoreek informazioaren garun-prozesamendua zein erabakiak hartzea nola modulatzen duten identifikatzea ahalbidetzen du.
Lehen emaitzak
Orain arte egindako saioetan 70 pertsonak hartu dute parte, eta lehen emaitzak Neuropsychologia aldizkari zientifikoan argitaratu dira.
Analisien arabera, erreserba kognitibo altuagoa duten adinekoek, adibidez, hezkuntza-maila altua dutenek edo jarduera mentaleko maila esanguratsuak eskatzen zituen lanpostu bat izan zutenek, pertsona gazteagoen ohiko burmuin-ereduak dituztela.
«Gakoa erreserba kognitibo baxua dutenen kasuan bi hizkuntza desberdin hitz egitea funtzionamendu kognitibo hobearekin lotuta dagoen frogatzean dago, elebitasunak bizi-zikloaren etapa aurreratuetako funtzionamendu kognitiboan duen eragin babeslea baieztatuz», gaineratu du Cesponek.
BCBLko adituaren arabera, eskuratzen diren ezagutzak narriadura kognitiborako prebentzio estrategiak diseinatzeko lagungarriak izango dira, bai zahartze osasuntsuarekin loturiko narriadura, bai zahartze patologikoren batekin (batez ere Alzheimerren gaixotasuna) loturikoa.
Azterlanean parte hartu nahi duten pertsonak zentroarekin harremanetan jar daitezke helbide elektroniko honen bitartez: participa@bcbl.eu. Horrez gain, 943 30 93 00 telefonora ere deitu daiteke edo Whatsapp bidez mezu bat bidali +34 664 42 44 61 zenbakira.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067