(Donostian, 2024ko urriak 9).- Hizkuntza mintzatua entzuten hasi bezain pronto hasten da hizkuntzaren jabetzea, jaio baino 3 hilabete lehenago gutxi gorabehera. Honenbestez, gure bizitzako lehen hilabeteetan inguratzen gaituen giroak eragina du hizkuntza berriak ikasteko gaitasunean zein hizkuntzarako trebetasunean.
Honek ikerlerro anitz irekitzen ditu, esaterako, edoskitze-adinetik ingurune elebidunean egoteak gure garuneko funtzioak alteratzen dituenetz deskubritzea, giro elebakarrak inguratuta hazten diren haurtxoekin alderatuta.
Testuinguru honetan, ikerketa neurozientifikoan diharduen Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikerketa berri baten emaitzak argitaratu dira Developmental Science aldizkari zientifikoan. Azterlan honek hizketarekiko garunaren erantzuna proban jarri du Gipuzkoako familia gipuzkoar elebakar zein elebidunetan hazten diren 4 hilabeteko haurtxoetan, komunean duten ama-hizkuntzan: gaztelania, alegia.
«Bizitzako lehendabiziko urtean neuroplastikotasuna bere puntu gorenean dagoenez gero, aro hau bereziki garrantzizkoa da bi hizkuntzaren aldibereko jabetzeak dakartzan ondorio neuronalak ikertzeko». nabarmendu du Borja Blancok, BCBLko azterlanaren burua eta egun Cambridgeko Unibertsitatean lanean diharduen ikertzailea.
Adituek diote, erdietsitako emaitzetan oinarrituz, bi hizkuntza ezberdinekiko esposizio goiztiarrak garunaren aktibazio patroi berdingabeak eragin eta pizten dituela hizketaren prozesamenduan zehar. Honek, batetik, bi hizkuntzaren jabetzearen oinarri neuronalak oso adin goiztiarrean ezartzen diren ideia babesten du eta, bestetik, garunaren plastikotasunaren konfigurazioan esperientzia linguistiko goiztiar honek duen garrantzia gailendu ere.
«Ikusi genuenaren arabera, haurtxo elebidunek estimuluen aurrean izandako erantzun zerebrala, non azpiko eskualde frontal eta tenporalak esku hartzen zuten, oso antzekoa izan zen. Aitzitik, elebakarren burmuinek erantzun ezberdinak erakutsi zituzten, hizketaren kondizioaren araberakoak. Bestela esanda, badirudi elebidunek garuneko funtzioak moldatzen dituztela ikaskuntza errazteko hizkuntza-ingurune konplexuagoan», erantsi du Blancok.
Estimuluak loaldian zehar
Euskal ikerketa zentroko aditu-taldeak BabyLab laborategian erabilgarri dagoen neuroirudi tekniketako bat erabili zuen lan esperimentala aurrera eramateko: infragorri hurbileko espektroskopia funtzionala (fNIRS).
Txano forma duen tresna honek argi infragorria igorri eta jasotzen duten sentsoreak ditu haurtxoen garunaren jarduera erregistratzeko, inongo kalterik eragin gabe. Aldi berean, sentsore hauek garuneko eskualde ezberdinetan, odolean dagoen oxigeno kontzentrazioaren aldaketak neurtzen dituzte, «neurri honek oxigeno gehien kontsumitzen duten eskualdeak erakusten ditu, hots, ataza egin bitartean aktiboen mantendu direnak».
Erregistroa loaldian zehar gauzatu zen. Haurtxoek, lo zeudela, ahozko estimuluak jaso zituzten gaztelaniaz, elebakar eta elebidunek partekatzen zuten hizkuntzan. Estimuluak modu aleatorioan atzera zein aurreranzko hurrenkeran erreproduzitzen ziren.
«Atzeranzko esaldiak aurreranzkoen kontrol esperimental moduan erabili ziren, prozesu auditiboak linguistikoetatik isolatzeko xedez. Antzeko ezaugarri akustikoak badituzte ere, atzeranzko esaldiek osagai linguistikorik ez edukitzeak osagai horietako bakoitzaren aurrean izandako erantzuna banaka aztertzeko parada eman zigun», azaldu du Blancok.
Azterlana Gipuzkoan egin zen. Bertan egiteak, familia elebakar eta elebidunen kopurua antzekoa izanik, aukera paregabea ematen du hizkuntzaren esperientzia goiztiarrak garunaren mekanismoetan, duen eragina aztertzeko, hizketaren prozesamenduan esku hartzen dutenak zehazki. Orotara 60 haurtxo inguruk hartu zuten parte.
«Oso esker oneko gaude ikerlanean parte hartu eta hau aurrera ateratzen lagundu diguten familiekin. Horrelako proiektuetan gizartearen partaidetza ezinbestekoa da, hizkuntza eta ikaskuntzarekin loturiko garunaren mekanismoen ezagutzan aurrera egiten jarrai dezagun», amaitu du adituak.
Ikerketa proiektu hau Borja Blancoren doktoretza-tesiaren parte izan da, César Caballero-Gaudesek gidatua, BCBLko «Neuroirudi-seinalearen prozesamendua» taldeko liderra eta Ikerbasque ikertzailea.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa
zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067