MEG

Magnetoentzefalografia (MEG) garuneko kortexaren aktibitatea neurtzeko metodo ez-erasokorra da; oso denbora-bereizmen ona eskaintzen du eta baita espazio-bereizmen fina ere. Garuneko jarduera mapeatzeko erabiltzen da, neuronen komunikazioan sortzen diren korronte elektrikoek sortutako eremu magnetikoak grabatuz.

Informazio honek burmuinaren atal jakin bat noiz eta non aktibatzen den zehazten du, MEG teknikak eskaintzen duen denbora eta espazio-bereizmen bikainari esker. Hau funtsezkoa da gure gaitasun linguistikoek burmuinean nola jarduten duten eta garunaren estruktura eta funtzioen arteko harremanak nolakoak diren ulertzeko.

BCBLko MEG instalazioak 306 sentsoredun (204 gradiometro lau eta 102 magnetometro, kasko egitura batean jarriak) Megin Triux Neo® gailua dauka, ARMOR motako sentsoreekin, berehalako egonkortzea ezaugarri dutenak. Gainera, 12 sarrera bipolar dauzka jarduera fisiologikoa erregistratzeko eta 12 kanal analogiko sarrera osagarri bezala. Sistema horrek estimulu bisual eta entzumenezkoa bereizteko aukera ematen du, eta parte-hartzailea eserita zein etzanda dagoela egin daitezke grabazioak. MEG tresnak, gainera, 128 kanaleko EEG sistema barne hartzen du MEG eta EEG grabazioak aldi berean egin ahal izateko. Grabazio horiek 5 kHz-erainoko laginketa-tasan jaso daitezke, bai AC edo bai DC moduan. Bestalde, aipatzekoa da modelo honek helioaren «zero lurrunketa» teknologia darabilela.

BCBLko magnetoentzefalografiak babes aktiboa dauka kanpoko zarata murrizteko, eta horrekin batera MaxFilter™ softwarea ere badu, tresna-hotsak zein kanpoko eta barruko zarata-iturriak iragazteko. Datuen analisirako, Triux Neo®-ak analisi aurreratudun softwarea dakar, eta halaber, jasotako datuak modelatzeko eta aurkezteko tresna oso eraginkorrak dauzka.

Irabazi-asmorik gabeko kanpo-erakundeentzako kostua: 500 €/h. Ohiko MEG saio batek 1,5 ordu irauten du, ordubeteko saio minimoarekin. Irabazi-asmoa duten erakundeen kasuan, ikerketarako kostuak bikoiztu egiten dira. Mesedez, gure laborategiarekin harremanetan jar zaitezte eguna eta ordua erreserbatzeko.