Hizkuntzen ikasketa eta hizkuntzen prozesamenduari buruzko ikerketak aukera paregabea eskaintzen du bizitzan zehar izandako burmuinaren plastikotasun mekanismoak ezagutzeko. Gure ikerketaren helburua hizkuntzaren garapenaren ibilbidea aztertzea da, haurtzarotik zahartzarora: bizitzako lehen hilabeteetan hizkuntzaren jabekuntza ahalbidetu, eta, ondoren, haurtzaroan eta nerabezaroan hizkuntza-gaitasuna finkatzea bultzatzen duten faktore endogenoak eta ingurune-faktoreak identifikatzea, eta horien zahartzaroko beherakada saihestea, hain zuzen ere.
Haurrekin egindako ikerketek hizkuntzaren jabekuntzaren hasierako etapak ulertzen lagunduko digun ezagutza-eremu bat sortuko dute. Horrela, sistematikoki neurtuko dituzte garapen- eta ingurune-faktoreak, eta, era berean, aurreikusiko dute haur jakin baten gaitasuna hizkuntza batean edo gehiagotan. Bizitzako lehen urtean zehar hautemandako hizkuntzarekiko esposizioaren eta garapen neuronal azkarraren ondorioz, haurrek belarria fintzen dute eta euren inguruneko hizkuntza-sistema espefizikoaz jabetzen hasten dira. Jaio ondorengo lehen urtean bereganatutako ama-hizkuntzarako gaitasunak (ama-hizkuntzako hizketaren hautematea eta hiztegiaren erabilera goiztiarra) erabakigarriak dira ondorengo haurtzaroko hizkuntzaren jabekuntzarako. Haur elebakar eta elebidunekin luzetarako eta zeharkako ikerketak burutzen ditugu jaiotzetik eta eskolaurrera bitarte, neuroirudi-metodo aurreratuenak (fNIRS, EEG), metodo konduktualak (eye-tracking) eta behaketa-metodoak (guraso-haur interakzioa) konbinatuz. Horren bidez, hizkuntzarekiko esposizioaren neurri sistematikoak lortu, hizkuntzaren prozesamenduko korrelazio-neuralak zehaztu, eta bizitzako lehen urteetan faktore horien interakzio zein garapenaren jarraipena egin dezakegu.
Eskolako haurrekin egindako ikerketetan aurrerapauso berriak egongo dira burmuinak, hizkuntza-prozesamenduan zehar, esanahi-irudikapena nola errazten duen ulertzeko. Horretarako, MRI eta MEG funtzionalak eta konputazio-modelo berrienak konbinatzen ditugu, kodetzea, deskodetzea eta patroi-sailkapen ereduak barne, burmuineko aktibitatean kodifikatutako propietate semantikoak ulertzeko (adibidez, word-embedding modeloak eta antzekotasun irudikapen analisiak). Heltze-osasuntsuaren eragina ere neurtuko dugu, horretarako zahartzaroan erreserba kognitibo altua eta baxua dutenen burmuineko ezagutza semantikoaren irudikapen espazialak alderatuz.
Hizkuntzaren prozesamenduak maila kortikalean dituen korrelazioak neurtzeaz gain, neurri azpikortikalak integratuko ditugu, egitura talamikoan edo konektibotasun talamo-kortikalean arreta jarriz. Talamoa egitura dienzefalikoa da eta materia zuriko fibra proiekzio mordoa ditu kortex zerebral ia osora. Giza-talamoaren nukleoan dagoen materia grisaren bolumena eta bizitzan zehar materia zuriak kortex zerebralarekin duen konexioa aztertzen dugu, baita horien lotura ere desberdintasun indibidualekiko hizkuntzaren sistema nagusietako batzuetan, hala nola, hizkuntzaren produkzioa, ulermena eta irakurketa.
Azkenik, informazioaren teknologiaz baliatzen gara hizkuntza trebatzeko tresna konputarizatuak garatzeko. Era horretan, esku-hartze horien eraginkortasuna proban jartzen dugu, batetik, hizkuntzaren prozesamenduaz arduratzen den burmuin-zirkuituaren funtzionaltasuna hobetzeari dagokionez, eta bestetik, zahartzearekin lotutako hizkuntza gabeziak prebenitu edo atzeratzeko garaian.