Hizkuntza gizakiak baino ez duen lorpen ebolutiboa da, eta giza-garapenean funtsezko papera izan du. Gure zentroan sistema horren nondik norakoak ikertu eta haren mekanismo neuralak identifikatzen ditugu, bereziki ondorengo arloetan jardunez: hizkuntzaren hautematearen lateralizazio hemisferikoaren desberdintasun indibidualak; atentzioaren rola hizkuntza hautematean (hizkuntza eta burmuinaren sinkronizazioa ebaluatzen dugu baldintza zaratatsuetan); mintzaira hautematearen eta produzitzearen arteko harremana; hizlari-entzule interakzioa; ea hizkuntzaren hautemate goiztiarrak aurresan dezakeen beranduagoko hizkuntza gaitasuna; eta hizkuntza nahasmenduen diagnosirako tresnen garapena.
Nahiz eta ezker hemisferioa orokorrean dominantea den hizkuntzarako, desberdintasun esanguratsuak daude gizabanako bakoitzean. Alde horiek ikertzen ditugu maila ezberdinetan (idatzizkoan zein hizketan), bai lengoaiaren pertzepzio eta produkzioan, bai atseden hartzen den bitartean Erresonantzia Magnetikoa (MRI) edo Magnetoentzefalografia (MEG) erabiliz.
Azkenaldiko ikerketek erakutsi dute burmuineko jarduera oszilatorio jarraitu bat datorrela faseka lengoaiaren denbora-patroi pseudo-erritmikoekin. «Burmuin-hizkuntza sinkronizazio» hori, hizketaren inguratzailearen denbora-modulazio geldoen jarraipenean islatzen da. Alde batetik, aztertzen dugu ea lengoaia kortikalaren jarraipen handiagoak hizketaren ulermen hobea aurresan dezakeen. Bestetik, atentzioaren rola hizkutzaren pertzepzioan ere ikertzen dugu, burmuin-hizketa sinkronizazioa ebaluatuz ekologikoki zaratatsuak diren tokietan. Bereziki, aztertzen dugu elebidunek nola jokatzen duten hainbat hizkuntza-input jasotzen ari direla, entzun behar duten edo jaramonik egin behar ez duten hizketa-jarioa hizkuntza berean edo beste batean denean. Horrez gain, aztertzen dugu burmuinak nola erantzuten duen estimulu ulergarri zein ulergaitzen aurrean.
Ustez hizkuntzaren hautemateak eta produkzioak irudikapen komunak dituzte, hau da, bati buruzko informazio zabalagoa lortu ahala bestea gero eta hobeto ulertuko dugu. Gure ikerketak hizkuntzaren produkzioak bere ikasketan duen eragina aztertzen du. Diskriminazio testak eta eye-tracking neurriak erabiliz, ikasi bitarteko produkzioak pertzepzio bidezko ikasketari ea kalterik eragiten dion ikertzen dugu. Bigarren hizkuntza ikasteko eskoletan ohikoa denez ikasleek irakasleak dioena errepikatzea, gure ikerketaren emaitzak bereziki adierazgarriak dira ikasgelako praktikarako. Ikasgelako irakaskuntzak osagaitzat hartu izan ohi du irakurketa. Irakurketa gaitasunak eta ortografia arauek hautematen eta produzitzen dugun hizkuntzaren soinuetan eragin handirik duten ere aztertzen dugu.
Neurri konduktual eta neuralak erabiliz, hizlariaren identitatearen eragina aztertzen dugu (adibidez: hizlari kanpotarra, ahots sintetizatua, avatarra) ariketarako entzulearen beharrezko arretan eta informazioaren oroimenean. Ikerketa honek ezagutzera emango du zer nolako eragina duen hizlariaren ahotsak oroimenean, arretan eta hizkuntzaren pertzepzioan (banan-banan ikertzen dira gehienetan).
Hizkuntza-nahasmenduak eskolaurrean edo eskolan diagnostikatu ohi dira, haurraren hizkuntza-gaitasun adierazkorrak ebaluatu daitezkeenean. Hala ere, hizketaren pertzeptzio gaitasunak haurrak hilabete batzuk baino ez dituenetik neurtu daitezke, ondoren hizkuntza-gaitasuna izango denaren adierazle goiztiarrak dira, hala nola, hiztegia eta idazketa-irakurketan duten maila. Haurrek hizketaren soinu-kontrasteak diskriminatzeko duten gaitasun goiztiarra aztertzen dugu kontraste horiek euren ama-hizkuntzan hitzen esanahia aldatzen dutenean eta ez dutenean. Teknika konduktualak eta neurofisiologikoak (EEG) konbinatzen ditugu haur elebakar eta elebidunen arteko desberdintasun indibidualak detektatzeko soinuak diskriminatzean ama-hizkuntzan eta ama-hizkuntza ez denean. Adierazgailu biologiko goiztiar potentzial horiek haurren bizitzako bigarren urteko hizkuntza-gaitasunarekin lotzen ditugu.
Azkenik, hizkuntza-nahasmenduen diagnostikorako eta irtenbidea topatzeko tresnak garatzen ditugu horretarako espreski diseinatutako ariketen bidez, hizkuntzaren prozesamenduaren inguruko gure azken ikerketen emaitzek esandakoan oinarrituz.